Sareak

☉ Basauri

San Fausto kaleko lau etxebizitza eraitsiko ditu Basauriko Udalak 2024. urte amaieran

Etxebizitza horietan alokairuan bizi diren 11 familiei konponbidea bilatuko die Basauriko Udalak: “Etxebizitza horien legezko okupatzaileak diren aldetik, ez dugu inor kalean utziko”

|

San Fausto kaleko 5, 7, 9 eta 11 etxebizitza eraikinak eraitsi eta berriak eraikiko ditu Udalak // Geuria

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeren Hiri Berroneratzeko Planaren garapen-faseekin aurrera darrai Basauriko Udalak. Dagoeneko hainbat esku-hartze egin ditu Udalak eta hurrengo urratsa da San Fausto kaleko 5, 7, 9 eta 11 etxebizitza eraikinak eraistea, ondoren, orube horretan, etxebizitza berriak eraikitzeko.

Udal ordezkarien aurreikuspenen arabera, 2024. urte amaieran eraitsiko dituzte lau blokeak. Bitartean, Bidebi Basauriko Udalaren Hirigintza eta Etxebizitza Sozietate Publikoa eraikin horietako bizilagunekin harremanetan jarri da jada, eta dokumentazioa eskatu die, kasuak banan-banan aztertu eta baloratu ostean, bakoitzaren inguruabarrekin bat datorren aukera bat eskaini ahal izateko. Datuak datu, 5 eta 7 zenbakidun eraikinak hutsik daude dagoeneko eta 9 eta 11 zenbakietan bizi diren familiak alokairuan bizi dira.

“Alokairu-kontratuak jasotzen ari gara, ordaintzen ari diren errentari buruzko informazioa, ondareari buruzkoa, desgaitasun-egoerarik edo aintzat hartu beharreko bestelako faktorerik ba ote dagoen eta abar; horrela bada, eraikin horietan egun alokairuan bizi diren 11 familia horientzat aukerarik egokiena zein izan daitekeen baloratu ahal izango dugu”, dio Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak, eta gaineratu du: “Etxebizitza horien legezko okupatzaileak diren aldetik, ez dugu inor kalean utziko. Aurreikuspenaren arabera, gutxi gorabehera hemendik urtebetera egingo dira eraisketa-lanak; beraz, garaiz gabiltza konponbideak bilatzeko, antzeko beste prozesu batzuetan egin izan dugun bezalaxe”.

Plana: mugarri nagusiak

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko planari ekin zion Basauriko Udalak 2018an. Aurretik, ordea, hainbat prozesu burutu ditu Udalak. Hauek dira ordutik Udalak gauzatu dituen mugarri nagusiak:

  • 2016ko martxoaren 18a: Basauri erdigunea eta Pozokoetxe elkartuko dituen Plan Berria aurkeztu du Udalak
  • 2016ko uztailaren 20a: San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe planari buruzko herri-kontsulta egingo da Euskadiko hauteskundeekin batera
  • 2016ko irailaren 15a: Basauriko herri-galdeketa geldiarazteko eskaera egin du Espainiar Estatuko Abokatutzak
  • 2016ko irailaren 21a: Basauriko Hirigintzari buruzko herri-galdeketa geldiarazi du Bilboko Auzitegiak
  • 2017ko uztailaren 17a: Basauri eraberritzeari buruzko kontsulta egitea baimendu du Espainiak
  • 2017ko abenduaren 12a: A17an erabakiko dute basauriarrek hirigintza planarekin arre edo so egitea
  • 2018ko otsailaren 7a: Udalbatzak erabakiko du erdigunea berritzeko planarekin jarraitu ala ez
  • 2018ko maiatzaren 10a: Basaurik lau milioi emango dizkio ADIFi trenbide multzoa eta geltoki berriagatik
  • 2018ko ekainaren 27a: Pozokoetxe, San Fausto eta Bidebietako hiri-plangintza 15 urteko epean burutuko dute
  • 2018ko azaroaren 13a: Arizgoitiko Maisu-maistren etxea saldu du Basauriko Udalak 4 milioi eurogatik
  • 2019ko urtarrilaren 7a: Pozokoetxe eta erdigunea erdibitzen duen horma bota eta trenbide multzoan esku hartuko dute
  • 2019ko martxoaren 27a: Pozokoetxeko berdegune berria eraikitzeko lanak hasi dituzte gaur
  • 2019ko abuztuaren 8a: Hasi dira Basauriko maisu-maistren etxea eraisten (argazkiak)
  • 2020ko otsailaren 7a: Pozokoetxeko behin-behineko gune berria zabaldu du gaur Basauriko Udalak
  • 2020ko abuztuaren 25a: Bidebieta-Basauri tren geltokia estali eta irisgarriago egingo du Adifek
  • 2020ko abenduaren 23a: San Fausto kaleko etxebizitza-eraikinak birgaitzeko 300.000 euro bideratuko ditu Udalak
  • 2021eko otsailaren 16a: Bidebieta-Basauri tren geltokia estaltzeko eta eraikin berria egiteko proiektuaren idazketa esleitu du Adifek
  • 2021eko otsailaren 25a: San Fausto plaza berriaren behin betiko diseinua basauriarrek erabakiko dute
  • 2021eko maiatzaren 28a: Pozokoetxeko lurzatietako bat salduko du Basauriko Udalak 4 milioi euroan, 32 etxebizitza eraikitzeko
  • 2022ko urtarrilaren 19a: Agirre Lehendakaria kaleko 31. zenbakiko etxebizitza eraisten hasi dira gaur Basaurin
  • 2022ko martxoaren 17a: Horrelakoa izango da San Fausto plaza berria herritarrek hala bozkatuta: berdegune zabalagoa eta integratutako harmailak
  • 2022ko irailaren 9a: Autonomia kalea Pozokoetxerantz luzatzeko obrak hasiko dituzte datorren astean
  • 2022ko azaroaren 3a: Pozokoetxen beste 80 etxebizitza eraikitzeko lurzati bat salduko du Basauriko Udalak, 8 milioi euroan
  • 2023ko maiatzaren 4a: Basaurik 4 milioi euro bideratuko ditu San Fausto plaza berria HAPOren bidez eraikitzeko

☉ Basauri

Arinette Ngole basauriarrak disko jaurtiketan Bizkaiko errekor absolutua hautsi du

Pasa den astean hautsi zuen Bizkaiko errekorra Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan, zeinetan txapeldunorde izan zen

|

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da, 18 urtez azpiko kategorian // Artunduaga Atletismo Taldea

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da disko jaurtiketan, 18 urtetik azpiko kategorian. Txapelketa Malagan jokatu zen uztailaren 6an eta 7an.

Ngolek 43,50 metrora jaurti zuen diskoa, eta txapeldunak, Kantabriako Pielagos klubeko Andrea Njimi Tankeuk, 51,85 metrora.

Ngolek bere markarik onena (42,86) hobetu du. Gainera, Espainiako txapeldunorde izateaz gain, txapelketa berean Bizkaiko errekorra hautsi du Ngolek: aurreko errekorra 43,44 metroan zegoen. “Bizkaiko aurreko errekorra (43,44) 1998koa zen!”, adierazi diote GEURIAri Artunduaga klubetik.

Arinette Ngole, Juanjo De Campos bere entrenatzailearekin (Artunduaga Atletismo Klubeko presidentea ere bada) // Artunduaga AT

Europako txapelketarako sailkatzeko 44 metro egin behar zituen Ngolek, “baina gutxigatik ez du lortu”, diote Artunduaga klubetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duina “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute Basauriko Grafo aurrean

|

Sindikatuen ustetan, patronalaren azken proposamena "ez da nahikoa" // ELA Sindikatua

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duin bat “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute gaur goizean Basauriko Grafo enpresaren aurrean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute kontzentrazioa Basauriko enpresaren aurrean, “sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen duen enpresetako bat delako”.

Uztailaren 3an Negozioazio Mahaia batu zen, eta sindikatuen ustetan, “patronalaren azken proposamena ez da nahikoa eta urrun dago hitzarmen duin baterako balizko akordio baterako”, diote, eta gaineratu dute: “Izan ere, Cebeken planteamendua erosteko ahalmena bermatzetik oso urrun dago”.

“Sindikatuok eros ahalmena bermatu nahi dugu azken hitzarmenetik. Hau da, azken hitzarmena 2009-2011koa da, eta guk eskatzen duguna da KPI igoerak errekonozitzea 2012tik 2022ra. Gainera, hitzarmen berriak irauten duen urteetan (2023-2026) langileen soldatak KPIarekin parekatzea nahi dugu”, diote sindikatuetatik.

Halaber, lanaldi murrizketa gehiago eskatu dituzte sindikatuek, baita subrogazio eskubidea ere. “Aldi Baterako Laneko Enpresak limitatzea nahi dugu. Patronalak onartu lezake, baina baldintza batzuekin, adibidez, behin behineko kontratuen iraupena handituz”, diote.

“Uztailaren 19an, negoziazio mahaiaren hurrengo bileran, patronalak beste aukera bat du negoziazioa desblokeatzeko”, diote sindikatuetako ordezkariek. Bitartean, uztailean zehar gatazka ikusarazteko “beste ekintza batzuk” egingo dituztela adierazi dute.

Apirilean eta maiatzean, esaterako, greba egunak deitu zituzten Arte Grafikoen sektorean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touréren hamargarrena aurkeztuko du Gijongo Aste Beltzean

|

Jon Arretxe, Touré detektibearen hamargarren liburuaren gaztelerazko bertsioarekin // Argazkia: Erein

Uztailaren 5etik 14ra bitartean XXXVII. Aste Beltza antolatuko dute Gijonen (Asturias), eta bertan izango da Jon Arretxe idazle basauriarra.

‘Mañas de lagarto’ (euskaraz ‘Musker amarruak’) liburua aurkeztuko du, Touré detektibearen hamargarren liburua.

Aurkezpena gaur, uztailak 8, izango da 20:30ean eta saioa Luis Artigue nobelistak gidatuko du.

Liburuetatik pantaila txikira

Otsailaren 1ean estreinatu zuten EITBren Primeran plataforman ‘Touré detektibea’ telesaila. Telesaila gazteleraz ekoitzia, euskaraz bikoiztuta publikatu dute estreinakoz.

Arretxe ez da proiektuan murgilduta dabilen basauriar bakarra; izan ere, Itziar Ituño aktore taldean dago, Malcom Treviño-Sitte (Touré), Itsaso Arana, Loreto Mauleon, Unax Ugalde, Urko Olazabal eta Ane Gabarainekin batera.

Laster jatorrizko bertsioan publikatuko du RTVEk.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migelen hazitako Alvaro Djaló hasi da gaur Athleticekin entrenatzen

|

Alvaro Djaloren mezua Athleticen sareetan (ezkerrean) eta Aitor Paredes arrigorriagarra entrenamendu saioan (eskuma) // Athletic club

Aurtengo martxoan fitxatu zuen Athleticek Alvaro Djaló eta gaur izan du bere lehen entrenamendu saioa lehen taldearekin Lezaman.

Djalók 24 urte ditu eta hiru hilabete zituela iritsi zen Bizkaira, zehazki Basaurira. Besteak beste, UD San Miguel taldean trebatu zen futbolean.

Bilboko SD Begoñan ere jokatu ostean, 17 urterekin Portugalera joan zen. Azken urteak SC Bragan eman ditu jokalari, eta aurreko denboraldian hamalau gol sartu zituen, horietako bost Championsen eta bat Europa Leaguen.

Djalók aurrelari gisa edo erdilari aurreratu gisa joka dezake, baita bi hegaletan ere. Bere abiadura eta baloi jaurtiketagatik nabarmentzen da, bai eta geldikako jokaldietan duen abileziagatik.

Bost denboraldiko kontratua sinatu du Athleticekin, 2029ko ekainaren 30era arte, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.

Aitor Paredes arrigorriagarra ere gaur hasi da entrenatzen:

Aitor Paredes arrigorriagarra Ernesto Valverde entrenatzailearekin // Athletic Club

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizon bat atxilotu dute Basaurin, beste pertsona bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik

|

Basauriko Ertzain-etxea // Artxiboko irudia

Gizon bat atxilotu zuten atzo Basaurin, borroka batean beste gizon bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik.

Gertaerak uztailaren 7an 16:30ak aldera jazo ziren Balendin Berriotxoa kalean. El Correo egunkariak publikatu duenez, taberna baten barruan hasi zen liskarra eta kalean jarraitu zuen.

Tabernako zerbitzarietako bat zaurituari laguntzera joan zen. Kalean etzanda geratu zen eta odola zerion burutik.

Bi inplikatuek aurretik ere izan zituzten liskarrak, El Correok zabaldu duenez.

Ertzaintzak erasoaren egilea atxilotu du.

Osorik irakurri