☉ Basauri
San Fausto plaza berria zabalik dago gaurtik aurrera, Basaurin
2024ko maiatzetik plaza eraberritzen aritu dira. Guztira 19 hilabete iraun ditu obrak: zazpi hilabatez atzeratu dira

San Fausto plaza berria estreinatuko dute gaurtik aurrera basauriarrek. 2024ko maiatzean hasi zituzten obrak eta 19 hilabete ostean, zabaldu dute.
Lanak aurtengo maiatzerako bukatu behar zituzten lanak, baina zazpi hilabetez atzeratu egin da hainbat arrazoiengatik.
Eta, arrazoi horien berri eman zuten udal arduradunek irailean: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
“Ingurunean integratutako esku-hartzea da, herritarrei gune berria hurbiltzen diena, gune libre eta publikoen beharrizanari erantzuten diena eta zenbait kaleren arteko loturak hobetzen dituena”, diote udal ordezkariek.
3,3 milioi euro
Basauriko Udalak 3,3 milioi euro inbertitu ditu espazio publiko berri hori eraikitzeko.
“San Fausto plaza berria herritarrek asko erabiltzeko pentsatutako gunea da; aisialdirako, biltzeko eta egoteko eremu gisa, alegia. Horrekin batera, xede sozialetarako toki ezin aproposagoa da, herri-, kultura- eta kirol-ekitaldietarako eta abarretarako. Hori dela eta, plataforma nagusia zabalik dago, hego-ekialdean (Arizgoitiko plaza eta Nagusia kalea), eta harmaila handia du, ingurunean integratua”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Zentzu horretan, Iragorrik gogorarazi du plaza berria beste mugarri bat dela, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeren Hiri Berroneratze Planean.
Lan gehiago egiteke
Basauriko udal arduradunek jakinarazi dutenez, “ibilgailuek, oraingoz, ezingo dute beheko garajera sartu, argiztatze-, margotze- eta garbiketa-lan batzuk egin behar direlako, baina laster egongo da erabilgarri”.
Gainera, Adif Bidebietan eraikitzen ari den tren geltokiaren obra dela eta, San Fausto kalearen atzealdeko 11. eta 13. zenbakietarako igarobidea itxi egingo dute aldi batez.
“Era berean, gune horretako zoladura, goiko plazako baranda eta geltoki berrira ematen duten garajeen fatxada ez dira konponduko Adikfek bere lanak amaitu arte: geralekua birmoldatzen amaitzen dutenean burutuko dituzte lan horiek”, diote.
☉ Basauri
Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da
Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.
Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan
Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.
Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.
Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.
“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.
☉ Basauri
Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko
Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.
Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.
Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.
Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.
Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.
Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.
☉ Basauri
Espainiako Polizia Sidenor erregistratzen ari da Basaurin, Israeli altzairua saltzeagatik
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzea leporatuta

Espainiako Polizia Basauriko Sidenor lantokia erregistratzen ari da, Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzegatik irekitako ikerketaren barruan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Ildo horretan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek azaroan epailearen aurrean deklaratu zuten azaroan.
Jainagak orduan adierazi zuen Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek ez zuela irregulartasunik egin: “Salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”, esan zuen.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapa apirilaren 8an izango da
Itzuliako hirugarren etapa jokatuko da Basaurin. Helmuga Basozelain izango da

Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango a Itzulia. Eta lasterketak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Basauri-Basauri eta Galdakao-Galdakao etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Gaur jakin dugunez, eta antolakuntzak hala zehaztuta, Basauriko etapa hirugarrena izango da, apirilaren 8an, asteazkena. Irteera oraindik non izango den zehaztu ez dute, baina helmuga Basozelain izango da, GEURIAn aurreratu genuen bezala.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dute.
Galdakaoko etapa hurrengo egunean, apirilaren 9an, jokatuko da. Laugarren etapa horretan ere txirrindulariek aldapa gogorra igo beharko dute: Elexaldekoa, hain zuzen. Horren berri ere eman genuen GEURIAn.
Lehenengo etapa Bilbon izango da, eta beste etapak izango dira: Iruñea-Astitz, Eibar-Eibar, eta Antzuola-Bergara.











