Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko dituzte, Basaurin

Lanak maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, litekeena da plazaren zati bat lehenago erabiltzen hastea”, diote udal ordezkariek

|

Obrak hasteko prestaketa lanak hasi zituzten duela egun batzuk // Geuria

Hemendik urtebetera San Fausto plaza, Trintxera ezizenez ezagunagoa, guztiz berrituta ikusiko dute basauriarrek. Hain zuzen ere, plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko diztuzte, eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, plazaren zati bat epe hori baino lehen erabiltzen hastea aurreikusten dugu”, diote udal ordezkariek.

Obrek ez dute eraginik izango egungo plazaren parterreko zuhaiztian, eta argiteria publikoa, hiri-altzariak eta zoladura guztiak berrituko dituzte.

Ingurunean integratutako harmaila bat eta berdegune zabalak izango ditu plazak, herritarrek duela bi urte bozketa bidez hala erabita.

“Plataforma berri bat eraikiko da, lotuko dituena Arizgoiti plazako bizitegi-eraikin berria, gaur egungo zubia eta Autonomia kalea, kalearen pare geratuko den plaza bat sortzeko”, diote.

San Fausto plaza berriak itxura hau izango du, Social Antzokitik ikusita // Basauriko Udala

Era berean, Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza beraren arteko konexioa hobetuko dituzte. “Konfigurazio berriari esker, oinez eta ibilgailuz iritsi ahal izango da plazaren ondoko etxebizitzetara, alboko kaleen arteko kota-diferentziak gaindituta”, diote.

“San Fausto Plaza berriak bi xede nagusi izango ditu: basauritarrek aisiaz gozatzeko eta lasai egoteko leku atsegin bat edukitzea, eta erabilera sozialetarako espazio bat sortzea, ekitaldi herrikoiak, kulturalak edota kirol-arlokoak egiteko”, diote.

☉ Basauri

Etxe Maitiako EPE azterketa egiteko aukera emango diote proba egunean erditu zuen emakume basauriarrari

|

Urriaren 21ean egingo du azterketa Z.G.G. basauriarrak // Geuria

Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu zuen duela aste batzuk basauriar batek LABen bitartez, eta kexa Arartekoari aurkeztu zion sindikatuak.

GEURIArekin harremanetan jarri ziren emakumea eta bere bikotea eta gertatutakoaren berri eman zuten. “Zuzeneko diskriminazio” kasu bat izan zela adierazi zuten sindikatutik, sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiagatik edo amatasunagatik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako 1/2023 Legeak jasotzen duen bezala.

Basauriko Udalak esan zuen prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela, baina orain LABek jakinarazi duenez, azterketa beste egun batean egiteko aukera eman diote Z.G.G. basauriarrari: “LAB sindikatuak Arartekoari aurkeztutako kexaren ondoren, Basauriko Etxe Maitia egoitzak aukera emango dio kaltetutako emakumeari, erditzeko programatutako egunean enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuan azterketarekin bat zetorren proba beste data batzuetan egiteko”. Azterketa urriaren 21ean egingo du basauriarrak Basauriko udaletxean.

“Pozik gaude, alde batetik, Arartekoak azkar aztertu duelako kasua eta bere gomendioa egin duelako. Bestalde, sindikatu hau pozik agertzen da ere Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren Epaimahai Kalifikatzaileak hartutako erabaki berriagatik; izan ere, Arartekoak egindako gomendioa onartu duenez, oposizio-aldiko ariketako bi probak urrian bertan egiteko aukera emango dio kaltetutako emakumeari. Era berean, Z.G.G izangaiari edoskitzea egin ahal izateko beharrezko espazioa eta denbora emango diote proba egin bitartean”, adierazi dute LABetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizon bat atxilotu dute Basauriko Urbi auzoan, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatuta

Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote

|

50 urte ditu atxilotuak eta jarrera bera izan du beste batzuetan // Geuria

Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote.

Gertaerak atzo, urriak 13, jazo ziren Urbi auzoan 20:30ak aldera. Herritar batzuek jakinarazi zioten Ertzaintzari gizon bat zegoela bere etxebizitza barrutik objektuak bide publikora jaurtitzen.

Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, gizona bere etxean gotortuta zegoen, eta, “bere onetik aterata, oso aztoratuta eta oihuka”. Ertzainak iritsi zirenean, irainka eta mehatxuka hartu zituen, eta leihotik kristalak eta altzariak jaurtitzen hasi zitzaien.

Berehalako Erantzuneko (PRI) patruilak bertaratu ziren eta negoziazio-taldea behin baino gehiagotan saiatu zen pertsona hori lasaitzen, baina ezin izan zuten ulertu gizona zein egoera psikofisikotan zegoen. Jarraian, ertzainek kea antzeman zuten eskaileran, eta gotortutakoak etxean sutea eragin zezakeelakoan, Larrialdi Zerbitzuek prebentzio-gisa etxebizitzen blokea hustu zuten, baina inor ez zen kaltetu eta ez zuten artatu behar izan.

Ondoren, Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Bizkaiko suhiltzaileen arteko elkarlanaren ondoren, PRIko patruila bat etxe barrura sartu zen, eta sarreran eraso egin zien gizonak, objektuak eta arma zuriak botata. “Berehala neutralizatu zuten”, diote.

Akusatua osasun-langileek artatu zuten, eta, ondoren, atxilotu gisa, Usansoloko Ospitalera eraman zuten; izan ere, zauri larriak zituen, kasu honetan, berak eragindako autolesioak.

Atxilotuak jarrera bera izan du beste batzuetan, eta oraingoan ustezko atentatu-delitu bat eta agintaritza-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote. Epailearen esku jarriko dute dagozkion eginbideak amaituta ostean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Laguntasuna irabazle, eta Ontzaken garaipena airean, Basauriko jaietako Sokatiran

|

Sokatira lehiaketa izan zen atzo, San Fausto egunean, Basauriko jaietan. Aurten Laguntasuna izan da garaile emakumezkoetan eta gizonezkoetan Ontzakek irabazi zuen.

Hala eta guztiz ere, airean dago mozoloen garaipena; izan ere, emakumezkoen finala baino lehen, Ontzaken gizonezkoen garaipena ospatzeko sokatira-esparrua inbaditu zuten kuadrillako kideek, emakumezkoen soka eta zorua erabat bustiz.

Txapeldunorde izan dira aurten Mozkorrak emakumezkoetan eta Urbiko Lagunak gizonezkoetan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Jo eta su aritu dira herriko taldeak sanfaustoetako sokatira txapelketan

Aurten espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoak izan dira soka artean

|

Parte-hartzaileak, Arizgoitin // Geuria

Atzo bertan jokatu zuten Basauriko sanfaustoetako sokatira txapelketa, kuadrillen bazkaria eta irrintzi txapelketaren ostean. Aurten, trintxeretako obrak direla eta, jarduera Arizgoiti plazara lekualdatu dute eta jaietako txapelketa mitiko honen paisaia erabat aldatu du: espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoa soka artean.

Plazaren bihotzean izan gara eta gertutik bizi izan ditugu aurtengo momentu erabakigarrienak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / 4.600 lagun elkartu dira Basauriko kuadrillen bazkarian, eguzkipean

Herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguerdiko 28ºetatik ihes egiteko

|

Neska bat, bazkarian // Geuria

Aurten inoiz baino jende gehiago elkartu da Basauriko jaietako kuadrillen bazkarian. Guztira 4.600 pertsonek bazkaldu dute Bizkotxalde parkean 28ºko tenperaturarekin. Udako azken eguna eman du gaurkoak eta herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguzki izpietatik ihes egiteko, baita ur pistolak ere.

Bazkaltzen egon zara bertan?

Osorik irakurri