→Basauri

Susana Corbella (Anitza Arte Eskola): «Artea hizkuntza da guretzat»

Anitza Arte Eskolak ateak zabalduko ditu San Migelen hilaren 26an, artea ikerketa-erreminta bezala erabiliz. Zeramikarekin marrazketa, margogintza eta Butoh dantza bezalako adierazpenak landuko dituzte.

Nagore Liñán eta Susana Corbella, Anitza Arte Eskolako irakasleekin solasean izan gara // Geuria

Susana Corbella (Laudio, 1965) zeramika ikaslea eta arteterapeuta da, baita irailaren 26tik aurrera zabalik izango den San Migeleko Anitza Arte Eskolako zuzendaria ere. Beste lau emakumerekin batera komunitatearekin topatzeko, ikasteko eta gizatasuna garatzeko espazio artistikoa zabalduko du.

Zeramikako formazioa eskolako ardatz nagusia izango da eta horren eskutik marrazketa, margogintza, gorputzaren ezagutza eta arteterapia tailerrak landuko dituzte haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat.
Artelanak sortzeaz harago, artea hizkuntza modura ulertuta, materialak ezagutuko dituzte eskolan izena ematen duten ikasleek. GEURIA Abaroa kaleko laugarren zenbakira hurbildu da artearen topagune hori lehen eskutik ezagutzera eta Susanarekin eta Nagore Liñán irakaslearekin (Santurtzi, 1993) berba egin dugu, kolore, forma eta usainen artean.

Nola jaio zen Anitza Arte Eskola?
Azken 10 urteetan zeramika klaseak ematen aritu naiz Gironako unibertsitatean eta aldi berean arteterapeuta naiz. Gironan masterrak eta graduondokoak eskaintzen ditugu. Pandemia aurretik ere banintzen Laudioko Arteterapia graduondoko diplomaturaren koordinatzailea. Arteterapia lan bera Gironako Grefart formazio institutuan burutzen dut. Grefart arteterapiako profesionalen elkartea dugu. San Migeleko Anitza Arte Eskolaren sorrerari dagokionez, zeramika arteterapiaren bidez lantzeko arte leku bat izatearen beharragatik sortu genuen. Nik betidanik kultur etxeetan landu dut zeramika eta nire ustez Euskal Herrian, unibertsitatean izan ezik, ez dago zeramikan formazio arautua jasotzeko lekurik. Hori dela eta, San Migelen zeramikako titulu propioko formazioa sortu nahi dut.

Eta nola egingo duzu?
Artea modu libre batean sortuz. Gure asmoa ez da beste batzuen lanean oinarrituta lanak sortzea edo kopiatzea, baizik eta ikuspegi humanista batetik egitea. Ikasle bakoitzak bere sinbologia, bere hizkuntza bilatzea proposatzen dugu gure arte eskolatik, nahi duen hori artearen bidez adieraziz. Gure oinarria arteterapian dago eta horren arabera artea hizkuntza bat da guretzat. Ahotsa, gorputza… daukagu eta materialekin eta horiek proposatzen dutenarekin elkarrizketa bat sortzen dugu. Material horiekin artelanak sortzen ditugu eta hortxe kokatzen gara gu: artearen bidez ikerketa-lanak egiten.

Artearen bidez ikerketa-lanak egingo dituzte Anitza Arte Eskolan // Geuria

Beraz, honek ez dauka zerikusirik udal-tailer arrunt batekin.
Gure formazioaren bidez materiala ezagutuko dute ikasleek, ez dira “gauza soilak egitera etorriko”. Gure helburua ez da objektu soilak sortzera mugatzen; buztina, koloreak… gertutik ezagutuko ditugu, ikerketaren bidez artelanak eginez.

Baina dena ez da buztina izango Anitzan. Nolako eskaintza dauka Anitza Arte Eskolak zeramikako formazioaz harago?
Zeramika, Butoh dantza (gorputza eta mugimendua), Eskuarte tailer-laboratorioa, Arteterapia, idazkera kreatiboa eta marrazketa eta margogintza tailerrak prestatuko ditugu umeentzat, gazteentzat zein helduentzat.

Monografikoak ere landuko dituzue.
Funtzio bikoitza landuko dute monografikoek: artea ezagutzen ez duten pertsonengana hurbiltzea alde batetik, eta dakitenentzako formazio trinkoa ematea, bestetik.

Arte irakaskuntza integratzailea duzuela esaten duzue.
Bai, hala da, gure sormen lanean emozioak kontuan hartzen ditugulako. Arteak emozioak lantzen ditu eta bertan lan egingo dugun bost irakasletatik lau arteterapeutak gara.

Betidanik existitu izan da arteterapia?
Bigarren Mundu Gerra osteko ‘art brut’ korrontetik jaio zen. Horren arabera, jendea trauma bat pairatu ostean artearen bidez hobeto sentitzen zela ikusi zuten ikerlariek. Hortik aurrera arteterapia Europan zehar hedatzen hasi zen eta zenbait herrialdetan arteterapia zerbitzua gizarte-segurantzan sartuta daukate. Estatu mailan Bartzelona da arteterapia lantzen duen hiri nagusia. Bizkaian, esaterako 15-20 arteterapeuta egongo dira, gutxi-gorabehera.

Noiz abiarazi zenuten espazioa eta nolako lanak egin dituzue bertan?
Joan den martxoan. San Migeleko lonja hau eskuratu eta konponketa zein apainketa lanekin hasi ginen. Hezetasun asko zeuden bertan, itoginak eta guzti. Horregatik, teilatuan konponketak egin genituen. Hala ere ez dugu goitik behera aldatu: underground esentzia oso gustuko dut eta elementu batzuk zeuden bezala mantendu ditugu, baita diru apur bat aurreztu ere (barreak). Aipatutako lanez gainera, konketa batzuk jarri ditugu.

Zer dela eta San Migelen eta ez beste nonbait?
Egia esateko oso ondo kokatuta dago San Migel: trena hementxe bertan daukagu eta Basauri kilometro gutxira dago. Urte asko eman ditut Amurrion bizitzen eta lan egiten eta zeramikako klaseak emateko jende kopuru murriztua geneukan. Nire ustez erraztasunak eman behar dizkiogu jendeari eta nire ametsa zeramika klaseak mendi tontor batean egitea bazen ere, bertara ez litzateke inor hurbilduko (barreak).

Zer diote auzotarrek proiektu berri honen inguruan?
Hasiera fasean gaude oraindik eta goizegi da jakiteko, baina jendea lehen momentutik hasi zen izena ematen eta jende asko informazio bila hurbiltzen da. San Migelen interesa duen jende asko dago, urtean zehar ez dagoelako inolako eskola artistikorik edo umeentzat eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituen eskola artistikorik, eta guraso askok Anitzaz galdetu digute.

Noiz hasiko duzue ikasturtea?
Irailaren 26an. Hala ere, ikasturtea hasi baino lehen saio bi prestatu genituen: San Migeleko herritarrentzako ate irekien saioa irailaren 17an eta inaugurazio ofiziala irailaren 23an. Sarrerako ate nagusia zabaldu genuen jendea hurbildu eta Anitza Arte Eskola bertatik bertara ezagutu zezan. Hala ere, ideia bat egiteko anitzaeskola.com webgunean eta gure sare sozialetan eskolaren inguruko informazio guztia eta izena emateko aukera eskaintzen dugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak