☉ Basauri
San Migelgo Iberdrolako azpiestazioa eraitsi dute, hilabete hasierako suteagatik
Sutea gertatu zenetik trafikoa eten zuen Basauriko Udalak Gernika kalean, Taberna Nagusia eta Atxukarroko biribilgunearen arteko errepide zatian, hain zuzen ere
Joan den uztailaren 5eko goizaldean sua hartu zuen San Migelgo Iberdrolako azpieztazioak, GEURIAn iragarri bezala. Eraikina, Isusko Mendizabal suhiltzaile ofizialak azaldu bezalaxe, “kalte handiak” jasan zituen eta joan den ostiralean, uztailaren 21ean botatzea erabaki zuen Iberdrola enpresak. Egun hauetan oraindik ikus daiteke obretako hondeatzaile bat, obra-hondakinak lursailetik kentzen.
Sutera, Basauriko udaltzainak, Babes Zibileko agenteak, Ertzaintza eta suhiltzaileez gainera URA agentziako langileak gerturatu ziren. “Enpresa titularrak jarduketaren berri eman zion URAri”, azaldu diote GEURIAri URAtik. “Gure aldetik baimenik edo agindurik behar zen jakiteko, azpiestaziotik gertu Nerbioi ibaiaren adarra dagoen errekasto bat dagoelako”. Kasu honetan segurtasuna bermatzeko premiazko eta beharrezko neurriak zirenez, proposatutako prebentzio-jarduera URAren ikuskaritzapean egin zezaketela adierazi zitzaien, eta, aldi berean, lan horiek erregularizatzeko obra-baimena izapidetu zezaketela. Egun hauetan espedientea izapidetzen ari dela gehitu dute agentziatik.
Sutea gertatu zenetik trafikoa eten zuen Basauriko Udalak Gernika kalean, Taberna Nagusia eta Atxukarroko biribilgunearen arteko errepide zatian, hain zuzen, eta trafikoa San Migelgo goiko aldetik bideratu dute egun hauetan. Trafikoaz gainera, oinezkoek ez dute zonaldera gerturatzeko aukerarik eta segurtasun enpresa bateko begiraleak ipini dituzte horixe bera ekiditeko.
10 orduko sutea
Uztailaren 5eko sutea 00:30ean hasi zen eta 10 orduz egon ziren eraikinaren barrenak kixkaltzen. Isuskok azaldu zuen eraikin barruan kokatutako transformadore bik hartu zutela sua eta bertako olioak suhiltzaileen jarduketa zaildu zuela.
Mendizabalek azpimarratu zuen suhiltzaileen ardurarik handiena horixe bera zela, azpieztazioaren barneko sua itzaltzea, “benetako erronka” zelako suhiltzaileentzat: “10:00ak aldera barrualdera ura bota badugu ere, ezin izan gara eraikinaren barrualdera igaro, jausteko arriskua daukalako”, izan ziren suhiltzaileen ofizialaren berbak sutearen egunean.
Suak eragindako kalteak ikusita, Iberdrolak eraikina botatzea erabaki zuen eta GEURIA enpresarekin kontaktuan jartzeko hainbat ahalegin egin baditu ere ez du adierazpenik eskaini.
☉ Basauri
Argazkiak / Etxegarai eta Sofia Taramona garaile, Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota Txapelketan
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa izan da eta Etxegarai, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu eta Soloarte ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako ikasleek jokatu dute (Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak zeuden gonbidatuta parte hartzera). LH5 mailan nesketan Etxegarai eta mutiletan Sofia Taramona izan dira txapeldun eta LH6n Sofia Taramona (LH6n mistoa izan da txapelketa).
☉ Basauri
Bideoa / Jon (Los Gambas): “Playbackean pailazoarena egitea da gehien gustatzen zaiguna”
San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatu dute eta txapeldun izan da Los Gambas kuadrilla. Jon Salguero eta Maialen Barredo Los Gambas kuadrillako kideekin berba egin dugu.
☉ Basauri
Argazkiak / San Migeleko jaietako Playback lehiaketan ere txapeldun Los Gambas kuadrilla
San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatzen du Mikelatsek. Aurten lau kuadrillak hartu dute parte: Los Gambas (txapeldunak), Uholdeak, Los Tenderetes eta Las Maris (aurten La Mari).
☉ Basauri
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan
Urriaren 6an, igandez, izango da txapelketa eta Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu ditu Bidebieta Pilota Taldeak
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da, eta urtero bezala, Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu dituzte: Etxegarai, Soloarte, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa, San Jose eta Basauri Ikastetxea.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa: “Partida laburrak izango dira, sei edo zazpi puntura. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, eta ligaxka formatuan kanporaketak egongo dira, 5. mailako eta 6. mailako txapeldunak izan arte”, azaldu dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebideta Pilota Klubeko ordezkariak.
Txapelketa 10:00etan hasiko da 5. mailakoekin, eta 12:00etan 6. mailakoekin. “Espero dugu ikastetxe guztiak animatzea. Umeek oso ondo pasatuko dute eta gainera esku pilota eta kirola sustatzeko aukera ezin hobea da”, dio Karrillok.
☉ Basauri
Etxe Maitiako azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela dio Basauriko Udalak
Azterketa beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezakeela argudiatu du Basauriko Udalak
Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek.
Basauriko Udalak adierazi duenez, prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dago: “Hau da, hautagai guztiek egun berean egin behar dute proba bera. Pertsona batek beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezake, emakume erreklamatzailearentzat barne, izangai guztiak ez baitziren parametro berberekin baloratuko”, diote udal ordezkariek.
“Epaimahaiak, Osakidetzak aplikatzen duen protokolo bera jarraituz, azterketa ospitalean bertan egiteko aukera eskaini zion emakumeari, baina berak uko egin zion, eta sine die atzeratzeko eskatu zion, azterketa egiteko moduan egon arte”, diote.
“Ebazpen loteslea”
Enplegua egonkortzeko Etxe Maitiako epaimahaia organo “burujabea eta autonomoa” dela gogorarazi du Basauriko Udalak: “Eta mota horretako prozesuak arautzeko orduan dagoen ordenamendu juridikoan oinarritutako ebazpenak emateko balio du”, diote.
“Politikoen jarraibideen mende ez dauden profesional teknikoek osatutako organoa da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak 2007an erabaki zuen ordezkari politiko edo sindikal bakar batek ere ezin zuela parte hartu horrelako epaimahai batean, prozesuaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta profesionaltasun teknikoa zaintzeko. Hori dela eta, gobernu-organoek ezin diete jarraibiderik eman hautaketa-epaimahaiei, ezta beren erabakietatik aldendu ere. Administrazio-errekurtsoren bat jarriz gero bakarrik berrikusi ahal izango dira, administrazio-prozedura erkidearen araudiaren bidez”, azaldu dute udal ordezkariek.
Ildo horretan, epaimahaiak ematen duen edozein ebazpen organo politikoentzat loteslea dela adierazi dute Basauriko udal arduradunek, eta gai horri buruzko informazio zehatza Etxe Maitia Egoitzaren hurrengo Kontseilu Errektorean emango duela adierazi dute.