Sareak

☉ Basauri

Bizi martxa egingo dute San Migelen, AHTaren aurkako borrokaren 30. urteurrenean

Txirrindula martxaz gainera, herri bazkaria, 30 urteko borrokaren inguruko erakusketak, herri bazkaria eta erromeria txikia prestatu dituzte Basaurin eta San Migelen

|

Biziz Biziren bizikleta martxa, 2021ean // Geuria

Maiatzaren 6an, bizi martxa antolatu dute 30 urte AHTrik ez eta La Fabrica kolektiboak San Migelen. Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokak hiru hamarkada bete ditu eta Lapatzako behin behineko geralekuak ekarriko dituen ondorioak direla eta mobilizazio berezia antolatu dute eragile biek: “2022ko Estatuaren Aurrekontu Orokorrak (EAO) Euskadiri emandako 568,8 milioi euroetatik 336,4 milioi euro AHTko lanei zuzenduta egongo dira”, azaldu dute La Fabrica kolektibotik. “Hau da, diru guztiaren % 60 azpiegitura honi zuzenduta egongo da eta ez beste baliabide sozial batzuetara”.

“Euskal Herri osoko mobilizazioa izango da larunbatekoa”, azaldu digu Lorea Iglesias La Fabrica Kolektiboko kideak. “Lapatzako geralekuak San Migel kaltetuko du batez ere eta proiektu handi honek eskainiko duen zerbitzu bakarra ‘Euskal Y’aren hiriak konektatzea da. Hau da, abiadura handiko trenek Donostia eta Gasteizera eramango ditu bidaiariak; trenak ez dira Paris edo Madrilera helduko”, kexatu da La Fabricako kidea: “Ibilbide horiek egiteko autobusak daude gaur egun; AHTak jartzea ez dauka inolako zentzurik”.

Tren bat, Bilboko Abando-Indalecio Prieto geltokian // Geuria

Zapatu honetan 11:00etan hasiko dute bizikleta martxa Galdakaoko udaletxetik. Bertatik Basauriko Txarraska Gaztetxera abiatuko dira eta jarraian Arrigorriagara. Bertatik San Migelera itzuliko dira txirrindulariak: “Lapatzaz gainera, abiadura handiko trenak kalteak sortu ditu eskualdeko beste herrietan ere”, azaldu du Iglesiasek: “Galdakaoko inguruetan trenbideak jarri dituzte eta Lapatzara heldu ahal izateko Zaratamoko mendia zulatu dute, tunelak egiteko”.

Goizean zehar pegatinen pegatinen erakusketa egingo dute Trintxera elkartean (Fauste kalea, 11)
15:00etan herri bazkaria antolatu dute San Fausto plazan. Bertan bazkaltzeko interesa dutenek e-posta bidali behar dute ahtez.hegouribebilbo@gmail.com helbide elektronikora.

Arratsaldean AHTak 30 urteetan zehar ekarri dituen ondorioak azalduko dituen erakusketa egingo dute San Fausto plazan, hainbat kartel eta argazkirekin. 19:30ean erromeria txikia prestatu dute Lapatzako Elexalde tabernan.

30 urteko borroka

Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako borrokak 30 urte bete ditu aurten eta 30 urte AHTrik ez eta La Fabrica kolektiboaren datuen arabera, hiru hamarkada hauetan honako datu hauek nabarmendu dituzte: “8 legegintzaldi igaro dira harrezgeroztik, 10 langile hil egin dira lanetan, 172 kilometroko ibilbideak eraiki dituzte, 80 tunel sortu dituzte (104,3 kilometro guztira) eta 40 mendi baino gehiago zulatu dituzte, 71 biaduktu eraiki dituzte eta trenbide horietatik ezin dira merkantzia-trenik igaro, besteak beste”.

Gainera, lan hauek akuifero kopuru kalkulaezina suntsituko dituztela salatu dute talde eragileek: “Hala gertatu da Udalaitzeko mendigunean eta Malmasinen ere antzekoa gertatuko da, ziur”.

Lapatzako geraleku berriak AHTrako eta aldirietarako eraikinak izango ditu Basauriko zubibidean

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri