Gaur eguerdian ezohiko futbol topaketa izan dute UD San Migelgo gazteen A taldeak Urduñaren aurka jokatutako partidan. San Migelgo jokalariak pankarta batekin irten dira zelai jokora. Pankarta hartan “Un abonado socio, un voto” jartzen zuen, “socio” hitza azpimarratuta. Jokalariek ere antzeko aldarrikapenak zituzten kamisetak jantzi dituzte beroketa saioetan, “Crecimiento, hundimiento sin retorno” ziotenak.
San Migelgo gazte eta erregional taldeen jokalariak “egonezin handia” bizitzen ari dira joan den martxoaren 2an zuzendaritza-hauteskundeak egin zituztenetik, eurek salatu dutenez, urteroko kuota ordaindu zuten 18 urtetik gorako “kirolari guztiei bozkatzeko eskubidea ukatu zietelako”.
Kudeaketa Batzordearen arabera, bozka emateko eskubidea ukatu zitzaienak ez ziren kideak, abonatuak baizik. Horrek haserrea piztu du kuota ordaindu duten kideen eta futbol taldeko hainbat zaletuen artean eta bozketa egunean, bertan sortutako istiluen haritik, Ertzaintza ere azaldu zen bertan, arrazoia jokalariei emanez.

UD San Miguelgo gazte taldeko jokalariak pankartarekin // Utzitakoa
“Kideak bai; abonatuak ez”
Joan den martxoaren 2an UD San Miguel taldeak zuzendaritza-hauteskundeak deitu zituen eta 18 urtetik gorako jokalari erregional eta gazteen taldeko jokalariak sedera abiatu ziren euren botoa ematera. Jokalari horiek klubeko urteroko kuota ordainduta zeukatela adierazi dute. Sedera heltzean “modu txarrean” tratatu zituztela eta botoa emateko “eskubiderik ez” zutela esan zietela azaldu diote futbol taldeko jokalariek GEURIA komunikabideari.
“Momentu hartan, jokalariok azalpenak eskatu genituen”, izan dira jokalariek berbak. “Goiz hartan, Kudeaketa Batzordeak erabaki zuen gure kideen karnetak abonatuenak zirela, nahiz eta gure karnetak gainontzeko kideek dituztenen berberak izan”. Jokalarien azalpenen arabera, “denboraldi hasieran ordaindutako 250 euroko baliodun kuotan kirol-materiala eta kirol elkarteko kide biren txartelak zeuden; ez abonatuenak”, argitu dute txundituta. Kuoataren ordainketak hau eskaintzen dio kideari: 3 entrenamendu saio eta partida egun bat San Migelen, fisioterapeuta zerbitzua, mediku-asegurua denboraldi osoan zehar, arropa entrenamendu saioetarako eta paseorako eta bi kide txartel.
Horiek horrela, klubeko jokalariek sinadura-bilketa hasi zuten egoera salatzeko. “Behin eta berriro ere, ez zuen ezertarako balio izan”, aitortu dute jokalariek. Gaur, protesta eta aldarrikapen modura, klubeko jokalari gehienak pankarta atera eta bozkatzeko eskubidea aldarrikatu dute jendaurrean, partida hasi baino lehen: “Klubeko estatutuetako 5. artikuluan jasotzen den eskubidea da eta horixe defendatu nahi dugu hain zuzen ere. Klubeko kide guztiak berdin-berdinak dira eskubide eta betebeharren aurrean”, aldarrikatu dute.
Harmailetako ezkerreko hondoko zaleen hitzak ere jaso ditu GEURIA komunikabideak: “Klubeko zaleok kirol elkartea egoera kritikoan dagoelaren lekuko gara”, azaldu du zale batek. “Zuzendaritzako zati batek dimisioa aurkeztu zuen duela hilabete eta hori, gure ustez, ez da batere onuragarria kirol elkartearentzat”.
Gauzak horrela, kandidatura bi aurkeztuko direla azaldu dute zaleek: “Dimititu zuena, alde batetik, eta jende berri gehiagoz osatutako taldea, bestetik. Gure ustetan, bien artean gazteena da proiektu landu bakarra aurkezten duen taldea eta hori edozein zaletuk daki”, adierazi dute futbol taldeko zaletuek. Gaur egungo egoera ikusita eta protesta ekintza modura, futbol taldeko zaletu askok azken boladan partidetara joateari utzi diotela adierazi dute zaletuek eta joan izan direnek “zarata gutxi” egin dutela azaldu diote GEURIAri.
Hurrengo partida gazteen B taldearena gaur bertan izango da Iturribideren aurka, 19:30ean. Bihar, martxoak 12, Erregional B taldeak etxean jokatuko du Arizen kontra eta aldarrikapen bera egingo dute UD San Migelgo jokalariek.
