Sareak

☉ Basauri

Sandra Martin Gomez: “Biarte Dantza Eskolan hasi nintzen; nire oinarriak bertan ikasi nituen”

Biarte Dantza Eskolan hasi eta Dantzerti goi-mailako eskolako lehen promozioko ikaslea izan zen Sandra Martin Gomez. Egun Pabilioi 6ko Gazte Konpainiako kidea da. San Migelen bizi da eta bertan solasean egon gara.

|

San Migelen elkartu gara Sandrarekin // Geuria

Aktorea, interpretea, dantzaria. Arte eszenikoetan trebatu da Sandra Martin Gomez (Basauri, 1989) sanmigeldarra. Dantza klasikoa ikasten hasi zen ikastetxean, gero Biarte Dantza Eskolan eman zuen izena, eta hortik Bilbao Basketeko animatzaile izan zen bost urtez. Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-Mailako Eskolan jarraitu zituen ikasketak eta lehen promozioko ikaslea izan zen. Gaur egun Pabilioi 6 konpainian dago eta apirilean Social Antzokiko eszenatokira igo zen ‘Ubú rey de las finanzas’ antzezlanarekin. Bere ibilbideaz mintzatu gara berarekin.

Zelan definituko zenuke zure burua?
Ez nuke jakingo nire burua definitzen. Aktorea, antzezlea, interpretea… Egia esan ez dakit non dagoen desberdintasuna hiru hitz horien artean, beraz, nik egiten dudana da ematen dizkidaten gidoiak landu eta gozatzea.

Ballet klasikoko eskolak jaso dituzu, baina baita dantza modernokoak ere.
Bai. Dantza betidanik gustatu izan zait, eta txikitan ikastetxean ballet klasikoarekin hasi nintzen. Gero, Basauriko Biarte Dantza Eskolan eman nuen izena. Nire ustez, gorputzaren mugimendua oso garrantzitsua da, baita hein handi batean beharrezkoa ere. Izan ere, emozioak eta sentimenduak azaleratzeko eta kudeatzeko balio du gorputza mugitzeak.

En Stanby antzezlanean

Zein oroitzapen dituzu Biarte Dantza Eskolaz?
Biarte Dantza Eskola nire hasiera izan zen. Gaur ditudan oinarriak bertan ikasi nituen. Orokorrean ikastaldi oso dibertigarria eta emankorra izan zen, eta oroitzapen oso onak ditut garai haietaz.

Zer ikasi zenuen Biarten?
Biarten dantza ezberdinak ikasi nituen, baita antzerkia ere. Bertan hasi zen artearekiko nire jakin-mina. Pertsonalki eskerrak eman nahi dizkiot Eneko Amezketa herrikideari nigan interes eta motibazio hori bultzatzeagatik. 

Bilbao Basketeko animatzaile ere izan zinen.
Hala da. Boste urte eman nituen Bilbao Basketeko animatzaile bezala, 2008tik 2013ra bitartean. Biarte Dantza Eskolan nenbilela casting bat atera zuten. Bertara joan nintzen, koreografia bat dantzatu nuen eta gustatu zitzaienez, hartu egin ninduten. 

Nolakoa izan zen esperientzia hori?
Animatzaile izatearen esperientzia ona izan zen. Gustatzen zitzaidana egiten nuen, gainera lagunekin. Ekonomikoki independenteagoa izatea ahalbidetu zidan lan horrek; beraz, oso esperientzia ona. Batez ere oso dibertigarria izan zen. 

Esango zenuke dantzan oraindik ere genero estereotipoak daudela?
Bai, dantzan estereotipoak daude eta nabaritzen da. Pixkanaka saiatzen ari gara hori aldatzen eta eskertzen da hori ikustea, baina zoritxarrez estereotipoak oraindik ere egon badaude.

En Standby antzezlanean

Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-Mailako Eskolan ere egin zenituen ikasketak.
Hala da. Aurretik Bocadero jatetxean aritu nintzen lanean, baina Dantzertiren iragarki bat ikusi nuenean nire lehentasuna bertan sartzea izan zen. Gogo handiz prestatu nituen frogak, eta emaitzak ikustean, hautatua izan nintzela ikusi nuenean, nire bizitza goitik behera aldatu zen. Momentu hartan konturatu nintzen nire zaletasuna nire bizimodua izan zitekeela. 

Beraz, artearekin lotutako zerbait egin nahi izatea ez datorkizu txiki-txikitatik.
Egia esan, ez. Agian bai, baina nik hori ez nekien. Txikitan arkeologoa izan nahi nuen, Egipto eta bertako historia asko gustatzen zitzaizkidan. Baina urteak pasa ahala, zein bide hartu nahi duzun aurkitzen duzu. Nire kasuan, arteari lotutako bidea hartzea erabaki nuen. 

Zehazki, zer ikasi zenuen Dantzertin?
Ez nintzen gauza bakar batean espezializatu. Dantzerti espazio garaikide berri bat zen eta ez zegoen guztiz sortuta, beraz irakasleak zein ikasleak batera koskortu ginen antzerkia ikasten.  

Dantzertiko lehen promoziokoa izan zinen.
Bai. Dantzertiko lehenengo promozioko ikaslea izan nintzen. Une garrantzitsua izan zen niretzat eta oraindik ere askotan pentsatzen dut momentu oso garrantzitsua izan zela. Izan ere, Euskadiko lehen arte eskola ofiziala izan zen, eta Dantzertiko lehen promozioan parte hartu ahal izatea poz handiz jaso nuen.

Arte dramatikoa edo dantza ikasi nahi duten asko Madrilera doaz.
Hori egia da, bai, baina nire ustez Dantzertik ez die inbidiarik izan behar beste eskolei. Azken finean eskola bakoitzak bere nortasuna du, eta horregatik dira denak hain bereziak eta garrantzitsuak.

Hau da, ez dago zertan Madrilera joan beharrik dantza edo interpretazioa ikastera.
Gaur egun, nire ustez, ez. Lehen ohikoagoa zen Madrilera, Bartzelonara edo Sevillara joatea arte eszenikoen ikasketa ofizialak egitera, baina orain eskola ofiziala dugu Euskadin. Estatuan dauden beste eskolak bezain ona da gurea, eta poztekoa da. Dantzertik ere ate asko ireki ahal dizkizu.

Gaur egun Pabilioi 6 konpainian zaude. Ez dakitenentzako, zer da Pabilioi 6?
Hamar urte baino gehiago dituen arte eremu alternatiboa da Pabellon 6. Publikoak aktoreekin batera sinergia berezia sortzen du. Pabilioi 6  arte eszenikoetako profesionalentzako antzerki-laborategia ere bada. Proiektu sortzaileak partekatzen dira bertan, ariketa gisa, bilaketa gisa, ikerketa gisa, praktika bilatuz, proba eginez, eta beste zuzendari, sortzaile eta interprete batzuekin mestizajeak bultzatuz. Ikastaroek edota klase magistralek osatzen dute ohiko jarduna, profesionalki hobetu ahal izateko, eta gure lan-tresna, gorputza, sentsibilitatea, ezagutza eta esperientzia ezagutzeko asmoz. Azken batean lanbide hau ikasketa etengabean dago eta horretaz jabetzea bilatzen du Pabilioi 6k.

‘Ubú rey de las finanzas’ eta ‘En stanby’ antzezlanak estreinatu dituzu Pabellon 6rekin.
Bai. Alde batetik, Ubuk munduaren jaun eta jabe izan nahi du, kosta ala kosta aberastu. Azpijokoan ari da, argitaratze-talde handi baten jabe den Bordurarekin, munduko bankuko zuzendaria eta horren familia hiltzeko. Ubutarrak ez dira ustelak; ustelkeria bera dira. Eta beste aldetik, Stanby, konfinamendu, deskonfinamendu eta “normaltasun berri” garaiko antzerki komikoa da. Pandemia honek gure bizitza aldatu duen arintasunarekin, galdera hau egiten dugu: “Zer egingo dugu orain?”.

Ubú rey de las finanzaz antzezlanean Anartz Puertas arrigorriagarrarekin batera

Ibilbide luzea duen Ramon Bareak zuzendu zaitu ‘Ubú rey de las finanzas’ antzezlanean. Nolakoa da Ramon Barea?
Profesional handia da, eta bere esperientzia partekatzen digu. Berarekin edozein lan egiteak asko ikasteko aukera ematen dizu. 

Apirilean Basauriko Social Antzokian izan zinen ‘Ubú rey de las finanzas’ aurkezten.
Bai. Aktore batentzat bere herriko antzokian antzeztea ikaragarria da. Dudarik gabe Social Antzokiko eszenatokian antzeztea oroitzapen eta emoziozko bidaia bat izan zen. Etxean bezala sentitzea ez da beste ezergatik aldatzen, eta Social Antzokia nire etxea balitz bezala sentitu nuen. Hortaz, eskerrik asko gu bertan egoteko aukera eman zigutenei!

Zurekin batera, besteak beste, Anartz Puertas arrigorriagarra dabil antzezlan horretan. Hego Uribe eskualdean maila ona al dago arte eszenikoetan?
Nire ustez, bai, maila ona dago eskualdean. Arte eszenikoetan trebatzeko aukera gehiago dago eta errazagoa da ikastea, eskaintzen diren gradu eta ikastaro desberdinen bitartez. Anartz Puertas, Nagore Cenizo, Nerea Larrazabal, Iker Legarda, Gaizka Chamizo… Hego Uribe eskualdean maila oso ona dago. Eta aipatu barik, Itziar Ituño, Itziar Atienza, Cecilia Solaguren aktore ezagunak estatu mailan zein nazioartean. 

Lehen Antzerki Eskola zegoen Basaurin. Horrelako eskolarik zabalduko zenuke berriro?
Egia esan inoiz ez zait planteamendu hori burutik pasa, baina aukera ona izango litzateke. Arte eszenikoetan trebatzeko gero eta aukera gehiago egotea onuragarria izan daiteke. Nork daki horrelako eskolarik ezagutuko dugun eskualdean.

Antzerki ikastaroetan irakasle bezala ere aritzen zara.
Gazte konpainian urteko ikastaroa egiteko aukera dago, eta konpainiako beste kide batek irakasten du. Nire kasuan momentu puntualetan soilik izan naiz irakasle. 

Esango zenuke gero eta jende gazte gehiago hurbiltzen dela antzerkia, interpretazioa edo dantza ikastera?
Antzerkia izateko eta ikasteko modu bat dela pentsatzen dut, eta gazteak gero eta gehiago interesatzen direla esango nuke. Antzerkia aske izateko aukera bat da, eta hori gazteek baliatu egiten dute.

Lucha antzezlanean

Film luzeetan zein laburretan ere parte hartu duzu.
Bai, baina oraindik ez ditut proiektu asko egin ikus-entzunezkoetan. Adibidez, Sara Mauleonek zuzendutako ‘Muga’ film laburrean parte hartu nuen, eta Gasteizko Zinema Festibalean aurkeztu zuten; eta bestetik, Galder Sacanelek zuzendu zuen zuen ‘Un Sueño de Juventud’ film laburrean ere parte hartu nuen. Santurzinen aurkeztu zuten azken hori. 

Zer nahiago duzu: antzerkia, dantza ala ikus-entzunezkoak?
Momentu honetan antzerkia aukeratuko nuke. Nire bizitza da gaur egun antzerkia, niretzako bizimodua da eta eroso sentitzen naiz taula gainean. Beste aldetik, gustatuko litzaidake beste bide batzuk gehiago lantzea, baina momentuz poz-pozik nago antzerkiarekin. 

Non ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara?
Bizitza egunez egun bizi behar da, eta ni gaur egun antzerkian nabil. Auskalo hemendik urte batzuetara non nagoen. Esaten dudan bezala, etorkizuna beti idazteko dago. 

Hurrengo emanaldiak

EN STANDBY
Noiz: Maiatzak 28-Ekainak 13
Non: Pabilioi 6
Zuzendaria: Graciela Doniz

COMO DOMÉ UN CARACOL EN TUS SENOS
Noiz: Uztailak 15-Abuztuak 8
Non: Pabilioi 6
Zuzendaria: Galder Sacanell

LUCES DE BOHEMIA
Abenduan
Zuzendaria: Ramón Barea
Non: Arriaga Antzokia

*Argazkiak: Hodei Torres, Asier Correa eta Iñaki García Martinez

☉ Basauri

Matxitxako kaleko zubia eraitsiko dute Sarratuko metro geltokia eraikitzeko: obrak bi urtez luzatuko dira

Basauriko sarbide nagusietako bat da eta horregatik behin-behineko desbideratze alternatiboak ezarriko dituzte: besteak beste, Pozokoetxe kalea bi noranzkokoa izango da datozen bi urteetan

|

Urtarrilaren 19an itxiko dute zubia bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat // Google

Metroaren 5. Lineako lanek aurrera darraite eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak urrats berri bat emango dute obretan: Sarratuko geltoki berria eraikitzea, hain zuzen ere (L5 eta L2 lineak hartuko ditu).

Geltoki berria eraikitzeko Matxitxako kaleko zubia eraitsi egingo dute eta urtarrilaren 19tik moztuta egongo da bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat.

Jarduketa hori bi urtez luzatuko da, zubia eraisteaz gain, Sarratuko geltoki berria egin aurreko lanak hasiko baitituzte.

ETSko eta Jaurlaritzako ordezkariek adierazi dutenez, obrek etorkizuneko geltokiaren estalkia amaitu arte iraungo dute, izan ere, gaur egun zubia dagoen leku berean egongo baita. Eraisteko lanak gauez egingo dituztela zehaztu dute.

“Oso obra konplexua da, errepide-lotune baten eta Euskotrenen trenbideen eta merkantzien trenbideen artean egin behar delako. Horregatik, beharrezkoa da zenbait egitura gauzatzea eta trenbideen fase desberdinak egitea. Horregatik izango da luzea eragina”, diote.

Desbideratze alternatiboak

Matxitxako kaleko zubia eraisteak eragin handia izango du. Izan ere, Basauriko sarbide nagusietako bat da —Baskonia zubiaren ostean dagoena, Txarraska Gaztetxearen ondoan—.

Hori dela eta, behin-behineko desbideratze alternatiboa ezarriko dute bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat: Matxitxako kalearekin lotu arte Cervantes etorbidetik eta Larrazabal, Pozokoetxe eta Sarratu kaleetatik izango dira desbideratzeak.

Desbideratze horiek egokitu ahal izateko beste aldaketa bat egingo dute: Pozokoetxe kalea bi noranzkoetan gaituko dute, eta bertako biribilgunea Sarratu kalerako biraketak errazteko egokituko dute. Gauzak horrela, aste honetan debekatuta egongo da Pozokoetxe kalean aparkatzea.

Pozokoetxe kalea eta pasarela bi noranzkokoa izango da datozen bi urteetan // Geuria

Urtarrilaren 19ko astean sarbideak moztuko dituzte, eta zubian eragina duten barandak, espaloiak eta aglomeratuaren fresatzea kenduko dituzte.

“Bitartean, aldi berean, mikropilotez osatutako pantaila bat egingo da Matxitxako kalean bertan, zubia eta estribuak kendu ondoren lurrei eusteko. Ondoren, gauez, taula eraisteko lanak egingo dira”, diote.

Hurrengo pausoa Basurtutik datorren merkantzien trenbidea hartuko duen kaxoia eraikitzea izango da. Kaxoia amaitu ondoren, bertara eramango dituzte merkantzien zirkulazioak, egun erabiltzen duten espazioa libre uzteko. “Horrela, geltokia eraikitzeko lanak hasi ahal izango dira, faseka”, diote.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatutako proiektuak 360 milioi euroko aurrekontua du. Bost geltoki berri izango ditu L5 lineak: Sarratu (L2 linea ere izango du), Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sinadura bilketa martxan jarri du San Migeleko Auzo Elkarteak lanzaderak udaletxeko geltokia mantendu dezan

Gobernu taldeak zerbitzu berriaren balantzea egingo du hilabeteko epean, eta udaletxearen aurrean beste geldialdi bat egitea baloratuko dute

|

San Migeleko lanzadera // Geuria

San Migel eta Basauriko metro geltokia lotzen dituen lanzaderak zerbitzu berria du urtarrilaren 1etik: udaletxeko geltokia Kareagara lekuz aldatu dute eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa da.

Udaletik eman duten arrazoia da Kareagako metro sarbidea (Bidasoa) udaletxekoa baino irisgarriagoa dela. Izan ere, udaletxeko sarbideak (Basozelai) ez du igogailurik, eta Bidasoako sarbideak arrapala du, eskailerarik gabe.

Hobekuntza hori eman den arren, San Migeleko auzotarrak ez daude pozik. Sare sozialetan hainbatek euren kexa helarazi dute: eguneko lehen metroa ezin dutela hartu eta maiztasuna txikitu dela, adibidez.

Ildo horretan, San Migeleko Auzo Elkartearekin berba egin du GEURIAk eta sinadura bilketa martxan jarri dute. “Auzotarren benetako inplikazioa bilatu nahi dugu sinadura bilketarekin”, esan digute Auzo Elkarteko ordezkariek.

Sinadura bilketa asteartetan eta ostegunetan egingo dute San Migeleko Auzo Elkartearen egoitzan, 19:00etatik 20:00etara (Hernan Cortes plaza).

Udaletxeko geltokia, “ezinbestekoa”

San Migeleko Auzo Elkarteak eta auzotarrek udaletxeko geltokia mantentzea eskatzen dute: “Udaletxeko geltokia kendu ez dezaten nahi dugu. Ezinbestekoa da”, diote, eta gaineratu dute: “Badakigu Basauriko bi geltokiak mantenduko badituzte —udaletxekoa eta Kareagakoa—, frekuentzia ez dela 20 minutukoa izango, baina nahiago dugu udaletxean geldialdia egitea”.

Basauriko udal arduradunekin ere hitz egin dugu GEURIAn: “Zerbitzuaren maiztasuna handitu gabe beste geltoki bat sartzeko eskaerak autobus gehigarri bat zirkulazioan jartzera behartuko luke, eta horrek aurrekontua bikoiztea ekarriko luke 1.022.622 eurora iritsi arte (oraingo kontratua 511.311 eurokoa da). Gure ustez, inbertsio hori ez litzateke proportzionatua izango, ez lieke baliabide publikoen kudeaketaren eraginkortasun-irizpideei erantzungo, eta ez litzateke koherentea izango arrazionaltasun-printzipioekin”.

Gobernu taldeak zerbitzu berriaren balantzea eta berrikuspena egingo du hilabeteko epean, eta udaletxearen aurrean beste geldialdi bat egitea baloratuko dute: “Baina horrek lanzaderaren igarotze-maiztasuna handitzea ekarriko luke nahitaez”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Autobus berria, laster

Zerbitzuaren beste hobekuntzen artean dago autobus berria jarriko dutela. “Momentuz ez dugu autobus berriaren arrastorik eta Udalari galdetu nahi digu noiz ipiniko duten”, esan dute. Udal arduradunen arabera “laster” jarriko dute martxan autobus berria.

Sinadura bilketaz gain, San Migeleko Auzo Elkarteak bilera eskatu du udal ordezkariekin: “Bi email bidali dizkiegu, baina ez dugu oraindik erantzunik jaso”, salatu dute.

Udal ordezkariek adierazi dutenez, urtarrilean bertan bilera egitea aurreikusi dute: “Auzo Elkartearekin bilera izan aurretik lanzaderari buruzko zenbait puntu kontrastatu nahi ditugu zerbitzua ematen duen enpresarekin, bizilagunekin egingo dugun bileran atera baitaitezke, eta produktiboa izatea nahi dugu”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migelen hiri-altzariak berritu, iturri berriak jarri eta oinezkoen pasabideak egokitu ditu Basauriko Udalak, herritarrek eskatuta

117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten, eta horietatik hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak. Lanak dagoeneko bukatu dituzte

|

Besteak beste, frontoi ondoko saskibaloi kantxako saskien uztaiak berritu dituzte // Geuria

Auzoegin proiektuaren barruan, obra txikiak egin ditu Basauriko Udalak San Migelen herritarrek hala eskatuta.

Zehazki, honako jarduketak egin ditu Udal Brigadak: bi zaborrontzi jarri dituzte Gernika eta Ramon Kareaga kaleak lotzen dituen igogailuaren pasealekuan; txakurrek edateko ontziak ipini dituzte parke-eremuen iturrietan; kendu egin dute San Migeleko sarreran zegoen erloju-panela; eserleku bat jarri dute futbol zelaiko aldagelen atzealdean; kaleko eserlekuak konpondu eta barnizatu dituzte; frontoi ondoko saskibaloi kantxako saskien uztailak berritu dituzte; iturriak jarri dituzte saskibaloi kantxan eta anbulatorio ondoko haur-parkean; egokitu egin dituzte Gernika eta Kebrantebarri kaleetako zebra-bideak; eta seinalizazio horizontala hobetu dute San Migeleko 70 oinezkoen pasabidetan.

Prozesu parte hartzailea martxan jarri zuen Udalak ekainean eta 117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten.

“Jaso ziren 243 proposamenek zerikusia zuten, nagusiki, kaleen konponketa, garbiketa eta irisgarritasunarekin eta errepideen zaintzarekin, eta, neurri txikiagoan, kirol-instalazio, parke, hiri-altzari edo ingurumenarekin”, diote udal ordezkariek.

Guztira hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak eta dagoeneko lanak bukatu dituzte. Udal arduradunek zehaztu dutenez, egindako esku hartzeen berri emango diete auzotarrei, “azalpen-orri bat bidalita etxe guztietara”, diote. Gainera, ados.basauri.eus plataforman ere informazio guztia jarriko du Udalak.

“2013. urtean, Basauriko Udalak martxan jarri zuen Auzoegin Auzoetan Eragiteko Ekintza Plana, hobekuntza, modernizazio eta hiri-berroneratze lanak egiteko udalerriko hainbat lekutan, kontuan hartuta beti herritarrek, elkarteek eta taldeek parte-hartze kanalen bitartez eginiko eskaerak. Egitasmo horren bidez, beste urrats bat egin nahi izan du Udalak, herritarren parte-hartze bidezko prozesu espezifikoak sustatzeko, udalerriko auzo edo leku jakin batzuei begira, horiek hobetzeko, bizilagunekin elkarlanean”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Soloarte parkeko estalki berria aurten eraikiko du Basauriko Udalak

Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek. Gainera, zakarrontzi eta banku gehiago jarriko dituzte

|

Zakarrontzi eta banku gehiago jarriko ditu Udalak // Geuria

Soloarte parkeko atzealdeko banku-eremu berria estali egingo du Basauriko Udalak. Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek.

Zehazki, futbol zelaiaren atzealdean dagoen eremua da estali egingo dutena, zubi gorriaren aurrean dagoena. Herritarrek herriko gune gehiago estaltzea eskatu zuten aurrekontu parte-hartzaileetan.

Gainera, zaborrontziak eta zenbait eserleku berri jarriko dituzte parkearen sarreran eta estalkia joango den gunean.

Soloarteko futbol zelaia eta Mercabilbaora arteko ibaiertzeko horma egonkortzeko lanak bukatu ostean jarriko dituzte zakarrontziak eta banku gehiago, eta gune hori estaliko dute.

Horma indartzea

Soloarteko pasealekua eta horma Mercabilbaotik futbol zelairaino doan zatian birgaitzeko lanak amaitu zituen Udalak abenduan, hamar hilabeteko lanak eta gero.

2023an luizia antzeman zuten horman, esku hartutako zatian, eta Udalak erabaki zuen horma indartzeko eraikuntza-obraren proiektua idazteko lanak kontratatzea, narriadura lehenbailehen gelditzeko. Horrez gain, prebentzio- eta segurtasun-neurri gisa, Udalak pasealekuaren zati hori itxi zuen oinezkoentzat, eta lurra kentzeko lanei ekin zien, hormaren zama arintzeko.

“Proiektua idazten ari ziren bitartean, ordea, Plan Hidrologikoaren aldaketa bat sartu zen indarrean, jabetza publiko hidraulikoaren gaineko instalazioei buruz. Bada, Planaren testu berriak xedatutakoarekin bat, URAk ebatzi zuen ezin zuela baimena eman horma berreraikitzeko, eta xedatu zuen Basauriko Udalak horma berria eraiki behar zuela, harri-lubetazkoa. Arau-aldaketak ez zuenez ahalbidetzen proiektua hasierako baldintzen arabera idaztea, Udalak birmoldatzeko eskatu zuen, betebehar berrietara egokitu zedin”, diote udal arduradunek.

Proiektuaren birmoldaketa egin ostean, horma berria eraiki du Udalak. Harri-lubetazkoa da horma berria, eta hobekuntza estrukturalak, hidraulikoak, ingurumenekoak eta estetikoak ekarri ditu.

Obra egiteko 1,3 milioi euro bideratu dituzte: Basauriko Udalak % 60 finantzatu du eta URAk % 40.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Basaurin urtarrilaren 15ean

|

24. Korrikaren nondik norakoak azalduko dituzte aurkezpenean // AEK

Martxoaren 19tik29ra bitartean izango da 24. Korrika, Atharratzetik Bilbora. Hego Uriben hilaren 27an igaroko da [hemen eskualdeko ibilbidea].

Eta aurtengo Korrikaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo du Hego Uribeko AEK Basaurin. Urtarrilaren 15ean, ostegunez, izango da Ibaigane Kultur Etxean, 18:30ean.

Osorik irakurri