Adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko zaintzak eta zerbitzuak areagotzeko eta hobetzeko lanean da Basauriko Udala, eta laster kolektibo horri zuzendutako etxebizitza komunitarioak jarriko ditu martxan Sarratu auzoan. Etxebizitza horiek gela propioak edukiko dituzte egoiliar bakoitzarentzat, eta bizikidetzarako espazio komunak: sukaldea, egongela, garbiketa zerEtxbitzua edota ikuztegia.
Sarratuko etxebizitza berrien beheko solairuetan kokatuko dituzte etxebizitza komunitarioak. Udalak 600 metro karratuko lokal bat erosiko du Sarratuko 9. eta 19. zenbakien arteko beheko solairuetan, eta guztira 13 etxebizitza eraikiko dituzte. “Mendekotasuneko 1. maila —baxuena— duten pertsonei daude zuzenduta etxebizitza komunitario hauek. Egoiliarrek laguntza jasoko dute, baina intentsitate apalekoa. Formula horren bidez, beren independentzia mantentzen dute, baina egunerokoa errazten dien ingurune batean, eta nolabaiteko zaintza jasota”, dio Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotziak.
Eguneko zentro berria
Bestetik, adinekoentzako eguneko zentro berri bat ere eraikiko dute Sarratun. Etxebizitza berrietako 9. eta 19. zenbakien arteko beste beheko solairu bat erosiko du Udalak horretarako (beste 600 metro karratu). Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen baimena eskuratu beharko du Udalak bi zerbitzu horiek martxan jartzeko; ildo horretan, aurreproiektu bat idazteko agindu du Basauriko Udalak, batetik, proposamenaren bideragarritasun teknikoa egiaztatzeko, eta, bestetik, beharrezkoak diren obrak egiteko proiektuaren lizitazioaren oinarria izateko.

// Basauriko Udala
Baliabide berri horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Herriak Egiten’ izeneko aparteko funtsetatik jasotako 2 milioi euroko diru-laguntza bati esker finantzatuko dira. Oraingoz, 582.150 euro lokalak erosteko erabiliko dituzte, eta, aurreproiektuak bi zerbitzuetan ase beharreko beharrak zehazten dituenean, diru-laguntzaren gainerako zatia etxebizitza komunitarioak eta eguneko arreta-zentroa egokitzeko eta martxan jartzeko erabiliko dute.
“Basauriko biztanleen % 27,2k 65 urte edo gehiago dituzte, eta kolektibo hori oso presente dago guk planteatzen ditugun ekintza eta proiektu guztietan. Guretzat lehentasun bat da adinekoek behar duten zaintza eta arreta guztia jaso dezaten”, dio Asier Iragorri alkateak: “Martxan jarriko ditugun bi zerbitzu horiek agerian uzten dute gure konpromisoa adineko pertsonekin. Euren bizi-kalitatea hobetu nahi dugu arlo guztietan: hirigintzan, sozialean zein asistentzialean”.
