Sareak

☉ Basauri

Basauriko Sarratuko geltoki berriak azkenean Metroaren L2 eta L5 lotuko ditu

Eusko Jaurlaritzak metroaren L2 linearen ibilbidea aldatuko du Basaurira sartu aurretik: tunel berri bat eraikiko dute Etxebarriko irteeratik, Sarratun L2 eta L5 konektatu ahal izateko

|

400 metro luzerako tunel berri bat eraiko dute Etxebarritik Sarratura, L2 eta L5 lineak Sarratun konektatzeko // Google Maps

Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, Etxebarritik irtendakoan 400 metro luzerako tunel berri bat eraikiko dute, eta tunel horri esker, konboiak Sarratuko geltoki intermodalean geldituko dira, bertan L2 eta L5 lineak konektatuta egon daitezen.

Gauzak horrela, L2aren ibilbidea hau izango litzateke obrak bukatu ondoren: Bolueta-Etxebarri-Sarratu (geltoki berria)-Ariz-Basauri. Eta Sarratun L5a hartu ahal izango dute erabiltzaileek Galdakao-Usansolo ospitalera modu zuzenean joan ahal izateko.

Gaur egun Etxebarritik Arizera bitarteko trazaduraren zati bat zerbitzurik gabe utziko du Jaurlaritzak tunel berria egin ostean, tunel berritik soilik igaroko baita metroa.

Etxebarrin metroa aire zabalean dago eta Basaurira tunel batetik sartzen da. Bada, tunel berria Etxebarriko tuneletik gertu eraikiko dute eta ETSk inguruan duen trenbide-multzoaren eta Sarratuko hirigintza-garapenerako erreserbatutako lurzati batzuen azpian induskatuko dute.

Gaur egungo ibilbidea marra laranjaz dago margotuta; eta trazadura berria, tunel berriarekin, puntu gorriekin // Basauriko Udala

Sarratu-Aperribai tarteko obrak hasierako fasean daude, eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du birdiseinua bat datorrela eta ez diela epeei eragingo. Modu horretan, Metroa Galdakao erdigunera iritsiko da 2027. urtean, eta ospitalera 2029an.

Auzotarren eskariak aintzat hartuta

Sarratuko geltoki berria “beste modu batean” planteatzeko eta L2 eta L5 lineak konektatzeko eskaria egin izan dute hainbatetan Basauriko elkarteek eta norbanakoak.

Era berean, duela bi urte Sarratuko geltokian Metroaren 2. Linea ere konektatzea eskatu zien Basauriko Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

“Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea. Basauriar guztiok zoriontzeko eguna da. Konexio hori ez zegoen aurreikusita hasiera batean, baina Udaletik egin dugun presioari eta bizilagunen eskariari esker, Eusko Jaurlaritzak trazadura aldatzea erabaki du”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Iragorrik adierazi duenez, Udaletik “behin eta berriz” eskatu dute konexio hori: “Era askotara egin dugu: dokumentu teknikoei alegazioak eginez, Eusko Trenbide Sarearekin eta Garraio Zuzendaritzarekin izandako elkarrizketa eta bilera ugariren bidez edota osoko bilkuran onartu zen mozio baten bidez”.

“Apirilean Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azkenean baieztatu zigun gure erreklamazioa aintzat hartuko zela eta trazadura aldatuko zutela. Bizilagunei eta gainerako alderdiei horren berri emateko irrikitan geunden, baina leialtasun eta errespetu instituzionalagatik, ezin genuen hori egin. Izan ere, gure ustez, gai horri buruzko informazioa erakunde eskudunak eman behar zuen , edo bestela, elkarrekin aldi berean”, dio Iragorrik: “Azkenean, ez da horrela izan, baina, nolanahi ere, albiste bikaina da Basaurirentzat”.

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri