Sareak

☉ Basauri

L2 eta L5 lineak Sarratun lotzeko arrapala mekanikoak edo intermodala lekuz aldatzea proposatu diete herritarrei

Gaur arrastian Sarratuko intermodalaren inguruko mahai-ingurua antolatu du auzotar Basauriko auzotar elkarteek eta Sagarrak Ekologista Taldeak osatutako ‘Sarratuko Intermodala Bai, Baina Horrela Ez’ plataformak

|

Pedro Pérez de Mendiola Pozokoetxeko Auzotar Elkartearen presidentea, publikoan // Geuria

Gaur arrastian Sarratuko intermodalaren inguruko mahai-ingurua antolatu du Basauriko auzo elkarteek eta Sagarrak talde ekologistak osatutako ‘Sarratuko Intermodala Bai, Baina Horrela Ez’ plataformak. Hitzordua 19:00etan izan da Ibaigane Kultur Etxean eta oholtzan Basauriko alderdi politiko guztietako ordezkariak gonbidatuak izan dira: EAJko Asier Iragorri, EH Bilduko Zigor Isuskiza, PSEko Isabel Cadaval, Podemoseko Bobi Galdós eta PPko Gabriel Rodrigo (Edu Rodríguezen ordez).

Moderatzaileak ‘Sarratuko Intermodala Bai, Baina Horrela Ez’ plataformako María Corcuera eta Gabi Hernández izan dira. “‘Sarratuko Intermodala Bai, Baina Horrela Ez’ plataforma duela urtebete sortu genuen, prentsaren bidez L5 linea jarriko zuten berri izan genuenan, hain zuzen ere”, azaldu du Gabi Hernándezek.

Bobi Galdós (Elkarrekin Podemos), Isabel Cadaval (PSE), Gabriel Rodrigo (PP), Asier Iragorri (EAJ) eta Zigor Isuskiza (EH Bildu). Alboetan, Gabi Hernandez eta María Corcuera // Geuria

Plataformak manifestu bat kaleratu zuen 2022ko udaberrian eta 3.500 herritarren sinadurak bildu zituzten “basauriarren ardurak Udalera eramateko”. Azkenik, gaia iazko uztaileko osoko bilkuran aurkeztu zuten plataformako kideek.

2023ko otsailean Metroaren 5. Linearen eta Sarratuko geltoki berriaren nondik norakoak aurkezteko Loly de Juan de Miguel Garraio Azpiegituren zuzendariak —Basauriko alkate ohia (PSE, 2007-2011)— hitzaldia eman zuen Julian Ferraz Sumillera Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari ondokoarekin joan den otsailaren 7an. Martxoaren 29an lehen aldiz entzunaldi publikoa antolatu zuen plataformak Basauriko Udalarekin, osoko bilkuren aretoan eta bertan “pleno monografikoa” izan zutela azaldu dute.

Gaurkoan, hainbeste auzotarrei egoneza sortzen dien Sarratuko intermodalaren gaia jorratu dute Basauriko alderdi guztien mahai-inguruan: “Linea biak, L2a eta L5a elkarren artean daude, baina ez dago modurik horiek biak zentzuz lotzeko, antza”, azaldu du Hernandezek.

Euskotreneko L3 lineako tren bi, Urbin // Geuria

Sarratuko intermodala pentsatu bezala eraikita egongo balitz, Basaurin bizi den herritar batek hiru tren hartu beharko lituzke Galdakao-Usansolo ospitalera joateko: Lehenik eta behin Basauritik Etxebarrira joan beharko litzateke; bertan jaitsi eta Sarratura doan tren batean igo; Sarratun jaitsi eta bertatik, L5 linearen bidez ospitaleraino joan. Horixe da basauriarrak kezkatzen dituen gaia, eta alderdi guztiak ados daude Sarratuk arazo garrantzitsua planteatzen diela auzotarrei.

Gaur egun ez da arazo hori existitzen, Kukullagatik Usansolora doan Euskotreneko L3 linea dagoelako eta inolako tren aldaketarik gabe doaz bidaiariak leku batetik bestera. L5 lineak, baina, Usansoloko tren geltokia kenduko du eta autobusaz gainera metroa izango da Bilborekin konektatzeko izango duten garraiobide publiko bakarra.

Mahai-ingurua, Ibaigane Kultur Etxean // Geuria

Ibaiganen egindako mahai-inguruan gai bi jorratu dituzte: lehenengoan L5 linea eta Galdakao-Usansolo ospitalearekin izango duen loturaz aritu dira banan-banan udal ordezkariak. Bigarrenean, Basauriko trenbideko garraioaren berrantolaketa landu dute. Hirugarren atal batean, herritarren galderak eta kezkak atenditu dituzte.

“Arrapala mekanikoa, udal gobernuaren irtenbidea”

Asier Iragorri Basauriko alkatearen arabera, legegintzaldi honen hasieran, 2019an, lehen elkarrizketak izan zituen Basauriko udal gobernuak ETS enpresarekin L5 lineak ekarriko zituen ondorioen inguruan. “Martxoan Basauriko Ariz auzoko trenbideko garraioaren berrantolaketaren inguruko mozioa onartu genuen eta, bide batez, herritarren egonezinaren berri eman genion ETS enpresari, besteak beste”, azaldu du Iragorrik. “Basozelairaino heltzen den metroko lineak Sarratun sortuko zen geltokiaren konexioak arduratzen gintuen, besteak beste”. Aldi berean, merkantzia-trenak Basauriko erdigunetik kentzeko proposamena luzatu zion udal gobernu taldeak ETSri.

Basauriko alkatearen arabera, ETSko Julian Ferrazek azaldu bezala, L2 eta L5 lineak lotzeko aukera bideragarrien artean 300 metro inguruko arrapala mekanikoa ezartzea da: “Bilboko Zazpikaleak geltokiko Unamuno irteeran daudenen antzekoak lirateke, luzeagoak”, gehitu du: “ETSren arabera, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria da aukera hori”.

Asier Iragorri, azalpenak ematen mahai-inguruan // Geuria

“Basauri, ahaztuta berriro”

EH Bildutik, Zigor Isuskizak nabarmendu du alderdiak modu “pozez” jaso zuela L5 linea jarriko zenaren berria. “Hasiera batean Sarratuko geltokia aurreikusita zegoen eta Basauriko kolektibo zein alderdi ezberdinen artean intermodal hori nolakoa nahiko genukeen eztabaidatzen hasi ginen”, azaldu du Isuskizak.

“Baina gaur egungo intermodalaren proposamena ez da egokiena Basaurirentzat hainbat arrazoiengatik, eta inork ezin dezake kontrakoa esan. Beraz, entzunaldi publikoan komentatutako arrapala mekanikoen irtenbideaz gain, EH Bildutik egiten dugun proposamena honakoa da: intermodala Metro Bilbaoko kotxeren aldera eramatea”, gehitu du Isuskizak. “Horrela, Metroko L2 linea eta Euskotreneko L3a gerturatuko genituzke, benetako intermodalitatea bermatuz. Hala ere, aukera hori ez omen dute kontuan izan; arrapalen aukeraz mintzatu dira soilik”.

Isuskizaren ustetan ez dago arazoari irtenbide integrala emateko borondaterik: “Borondate politikorik gabe ez dago finantzaziorik. Finantziazio barik ez dago arazoari aurre egiteko aukera teknikorik. Arazo handi bat daukagu esku artean eta irtenbide egokirik bilatzen ez badiogu alde batera utziko dugu Basauri berriro ere, alderdiaren interesei soili so eginez“.

Lokomotora bat Sarratun, bagoiak lotzeko zorian // Geuria

“Europako mugikortasuna, eredu”

Bobi Galdósek, Elkarrekin Podemosetik, Basauri “komunikazioen korapilo” bezala definitu du. “Herri honetatik autoak, kamioiak, autobusak, trenak… igarotzen dira. Kutsadura maila oso altua da eta ondorioz metroa erabiltzea benetan garrantzitsua da”, nabarmendu du Podemosekoak. Merkantziei dagokienez, garraiatu beharrekoak, Europan egiten den bezalaxe, trenen bidez egin behar dela azpimarratu du Galdósek “merkantziak errepideetatik aldenduz” eta deskarbonizazioaren ekonomiaren aldeko apustua eginez.

“Momentura arte intermodala izan da proiekturik garrantzitsuena guretzat baina Sagarrak Ekologista Taldeak 2008tik iragarri izan du geltoki honen beharra. Baina azken momentuan diru-laguntzak heldu dira eta dena arin batean egitea espero dute orain”, kexatu da Podemosekoa.

Zigor Isuskiza, Isabel Cadavali begira // Geuria

“Duela 20 urte eraiki behar izan zen Intermodala”

PSEko Isabel Cadavalen hitzetan, metroaren eredua “arrakastatsua da udalerri guztietan eta L5 lineak Bilbo, Basauri eta Galdakaoko ospitalea lotuko ditu”. Gainera, Cadavalek Sarratuko intermodala ongi etorria izango dela iragarri du. Hala ere, PSEkoak nabarmendu du Sarratukoa izan beharko litzatekeela Basauriko lehen metro geltokia: “Sarratukoaren ostean Ariz eta Basaurikoak eraiki beharko lirateke. Intermodala duela 20 urte eraiki behar izan zen“. Cadavalek ez du Bizkaiko Garraio Partzuergoak proposatutako 300 metroko luzeeradun arrapala mekanikoen berri izan momentura arte.

“Larrazabaleko geralekua da irtenbidea”

PPtik, Gabriel Rodrigok azaldu du plataformatik egin diren eskakizunak kontuan hartuko dituela: “Basauri eskualdeko buru da eta pentsaezina da herritar batek hiru tren hartu behar izatea Galdakao-Usansolo ospitalera joateko”. Gainera, “benetako intermodala” eskatu dio udal gobernuari Rodrigok eta Sarratukoa, intermodala baino “bi geltokien arteko aldageltoki hutsa” dela leporatu dio. “Bestalde, “intermodalean” ez dago disuasio-aparkalekurik eta oro har, aukera historikoa galdu du Basaurik proiektu interesgarria burutzeko Sarratun”. Egokiena, PPko ordezkariaren arabera, intermodala Larrazabal auzoko geralekura eramatea litzateke.

Langile bat, FEVEko lokomotora biren ondoan, Sarratun // Geuria

Saioaren azken 15 minutuak herritarren kezka eta galderentzat gorde dituzte eta bati baino gehiagori labur egin zaio tartetxo hori, Sarratuko intermodalaren inguruko zalantzak asko dira eta.

Giza-katea

‘Sarratuko Intermodala Bai, Baina Horrela Ez’ plataformako hurrengo hitzordua apirilaren 23a izango da, domeka honetan. Eguerdi aldera (12:00etan) giza-katea egingo dute Sarratun. Bentako plaza eta Sarratu lotuko ditu: “Helburua lortzeko zuen laguntza eskatzen dugu. Unea da, berriro, esku artean daukagun gaia eta aldarrikapenak kalera ateratzeko. Lan horretan dihardugu Basaurirako garraioaren etorkizuna markatuko duen aldarrikapen horretan herritarrak eta elkarte mugimenduak batzeko asmoz”, diote.

Auzotarrak, gaurko saioaren amaieran // Geuria

☉ Basauri

Basauri Bonua kanpaina berria martxan izango da apirilaren 22tik maiatzaren 19ra arte

|

Bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko // Geuria

Basauri Bonua kanpaina berria abiaraziko du Udalak apirilaren 22tik maiatzaren 19ra bitartean. Guztira herriko 140 saltoki atxiki dira kanpainara, iaz baino zazpi gehiago.

Aurreko urteetan bezala, bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko.

Aurrekoetan bezala, bonuak ez dituzte formatu fisikoan aterako. Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan eskuratu behar dira, eta gehienez ere 60 eurora arteko bonuak erosi ahal izango dira NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko. Ezin izango dira diru-truke aldatu eta, erabiltzen ez badira, ez da dirua itzuliko.

Kanpainara atxiki diren establezimenduen zerrenda apirilaren 22an bertan publikatuko dute bono.basauri.eus webgunean. Hala ere, saltoki bakoitzak Basauri Bonua identifikazio-eranskailua izango du.

100.000 euro gehiago

Basauriko Udalak 300.000 euro bideratu ditu aurtengo kanpainara, iaz baino 100.000 euro gehiago.

“Guztira 300.000 euro bideratuko ditugu ekimen honetara, baina udalerrian izango duen inpaktu ekonomikoa askoz ere handiagoa izango da, bezero bakoitzak bonua eskuratzean eta erosketa egitean ordaintzen duen kopurua gehitu behar baitzaio kopuru horri”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean izango dira Artunduagako kiroldegian

|

Proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago // Geuria

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean, igandez, izango dira Artunduagako kiroldegian 09:00etatik aurrera. Aurten 26. edizioa da eta guztira 40 proba izango dira, tartean kategoria paralinpikokoak.

Izan ere, proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago, eta, beraz, meetingaren emaitzek errekorretarako eta KPIren rankingerako balioko dute.

Basauriko Meeting Probetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago apirilaren 21era arte. “Beharrezkoa da atletek, gidariek eta entrenatzaileek izena emateko inprimakia betetzea”, diote batzorde antolatzailetik.

Meetinga Basauriko Merkatari Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri metro geltokia itxi dute “sute txiki” batengatik

|

basauri metro bilbao 2016 bost urte
Basauriko metro geltokia // Artxiboko irudia, Geuria

Arazo teknikoak direla eta, Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua eten egin du Metro Bilbaok. Gainera, Basauri geltokia itxita egongo dela adierazi dute, “beste abisurik eman arte”.

Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, “sute txiki bat” piztu da metro trenaren gainean, eta adierazi dutenez Metroko langileek eurek amatatu dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Thailandian gaixo dagoen basauriarra ekartzeko hegazkin medizalizatua prestatzen ari dira

|

Alex Garcia, Usoa Martinez bere emaztearekin batera //

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Otsailaren 25ean ospitaleratu zuten Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ordutik bere senideak Euskal Herriratzeko ahaleginetan dira.

Alexen ingurukoek zabaldu dutenez, familiak, “etsi-etsian”, hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen bertara ekartzeko, baina ez zioten hegan egiten utzi, “barne-odoljario larria izateko arriskua” baitzegoen.

Familiak 221.000 euro jarri zituen hegazkin medikalizatu hori kontratatzeko, baina ezin izan dutenez erabili, diru hori galdu dute.

Gauzak horrela, crowfunding kanpaina bat abiarazi dute Alexen lagunek eta senideek. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte.

Defentsa Ministerioarekin harremana

Alexen senideak Margarita Robles Defentsa ministroarekin harremanetan jarri ziren aste hasieran eta horrek egoera aztertuko zuela adierazi zien.

Orain, Eitb-k jakinarazi duenez, Defentsa Ministerioak baieztatu du pankreatitisa duen gaztea Espainiaratzeko (Madrilera eramango lukete) hegazkin medikalizatua prestatzen hasi direla, baina oraingoz ez dutela datarik zehaztu.

Diru bilketa Basaurin

Estatuko zein Euskal Herriko hainbat herritarrek dohaintzak egin dituzte. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte eta asmoa da 221.000 eurora iristea.

Basaurin El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko: “Basozelaiko Auzo Elkartetik gure babesa adierazi nahi diogu gure bizilagun Alexen familiari eta datozen egunetan zehaztuko ditugu egingo ditugun ekitaldi solidarioak”, diote.

“Basozelaiko saltokietan itsaulapikoak jarriko ditugu Alexen familiari dohaintzak egiteko, eta diru-sarrerak egiteko kontu-zenbaki bat zehaztuko dugu”, adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prosezua hasi dute Basaurin

|

Apirilaren 23an egingo dute mahai-inguru irekia / Geuria

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prozesua hasi dute Basaurin. Horretarako Udaleko Berdintasun Arloak jardunaldi bat antolatu du eskoletako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzearen garrantziari buruzko gogoeta bultzatzeko.

‘Patioetan hamaika aukera. Jolastokiak konpon eta berdintasuna lor’ lemapean, apirilaren 23an mahai-inguru ireki bat antolatu dute Basauriko Udalak eta Marieneak 1era2kain egitasmoaren barruan.

Jardunaldia Ibaigane Kultur Etxean izango da 17:30etik 20:00etara bitartean, eta Basauriko jolastokiak eraldatzeko prozesuan parte hartu duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeen esperientziak aurkeztuko dituzte, “haien zailtasun, erronka eta aukerekin”.

Ildo horretan, etorkizuneko erronkak jasoko dituzte “eskola-ingurune inklusibo, genero-estereotiporik gabekoa eta ingurunearen eta pertsona guztien zaintzaz arduratutako baterantz urratsak egiten jarraitzeko”.

Jardunaldian parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute esteka honen bitartez edo 605 173 119 telefono zenbakira deituz apirilaren 22a baino lehen.

Osorik irakurri