→Basauri

Sarratuko geltokia disuasio-aparkaleku bihurtzea ekidin nahi du Basauriko Udalak

Aste batzuk falta dira Basauriko Sarratu auzoan eraikiko duten geltoki intermodalaren lanei ekiteko eta metroaren 5. linea Galdakaoko ospitalerantz eramateko. Faseka egingo duten proiektu honen lehen zatian Sarratuko geltoki intermodala eraiki eta bertatik Aperribairainoko zatia zein Aperribaitik Galdakaorainokoa sortuko dute

Euskotren unitate bat, Sarratuko intermodala eraikiko den lekutik igarotzen // Geuria

Aste batzuk falta dira Basauriko Sarratu auzoan eraikiko duten geltoki intermodalaren lanei ekiteko eta metroaren 5. linea Galdakaoko ospitalerantz eramateko. Faseka egingo duten proiektu honen lehen zatian Sarratuko geltoki intermodala eraiki eta bertatik Aperribairainoko zatia zein Aperribaitik Galdakaorainokoa sortuko dute. Proiektu honek 360 milioi euroko inbertsioa ekarri du Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik.
Urrian, beraz, Sarratuko intermodala eraikitzen hasiko dira. Geltoki honek Bilbotik datozen Metroko L1 eta Euskotreneko L3 lineak hartuko ditu eta bertan 3. linea 5. linea izatera pasatuko da. Sarratuko geltoki intermodala gainazalean kokatuko da, baina estalita egongo da: “Gaur egun dauden trenbideen zati bat estaliko litzateke. Azalera handia irabaziko dugu. Larrazabalgo errepideraino estaldura erabatekoa izatea lortu nahi dugu, eta hori bultzatuko dugu. ETSri transmititu diogun zerbait da”, azaldu zion Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza arloko zinegotziak GEURIAri joan den otsailean.

“Benetako intermodala”

Lehen faseko lan hauek 2027an bukatuko dituztela iragarri dute eta hastear dagoen garai historiko honen aurrean hainbat auzotarrek “ezinegona” eta “ardura” erakutsi zuten joan den uztailaren 28an Basauriko Udalean egindako osoko bilkuran. Udalbatza hartan ‘Sarratu Intermodal Bai, Baina Horrela Ez’ plataformako Alberto Delgado Fernández de Ganboa eta María Corcuera Jauregi kideak izan ziren eta intermodalaren inguruko galdera batzuk egin zizkioten Asier Iragorri Basauriko alkateari, aurrez aurre.
‘Sarratu Intermodal Bai, Baina Horrela Ez’ plataformaren atzean Basauriko 30 elkarte daude eta kolektiboaren arabera, Sarratukoa “tren lineen loturatik harago” joan beharko litzatekeen intermodala litzateke, hurrengo ezaugarriekin: tren-aldaketa bakarra izatea, autoentzako txandakako aparkaleku bat eta bizikletak aparkatzeko beste aparkaleku bat egotea, beste garraiobideekin lotura izatea eta merkantzia trenen garraioa berrantolatzea.
Azken honekin batera, Basauriko trenbide pasaguneak kentzea eskatzen du plataformak eta ideia horiek azaltzeko asmoz, maiatza eta ekaina bitartean 3.500 basauriarren sinadurak bildu zituzten plataformakoek “benetako intermodala” eraiki ahal izateko.

Urbiko pasagunea, Basaurin // Geuria

Asier Iragorrik plataformako bi kideei azaldutako zalantzak eskertu eta horien inguruan azalpenak eman zituen uztaileko osoko bilkuran, euren zalantzak dagozkien autoritateei dagoeneko erreklamatu dizkietela gogoraraziz: “Duela lau hilabete Basauriko Udalak gai honen inguruan duen iritzia aurkeztu zuen eta emaitza modura mozio bat aurkeztu genuen. Mozio hura Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, ETSri, Garraio, mugikortasun Ministerioari eta Hiri Agendari helarazi genien eta Sarratuko zonaldeaz harago berba egin genuen EuskoTren Sarea (ETS) eta Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendaritzarekin”.
Basauriko alkateak, geltoki berriaz gainera trenbidearen integrazioaren berrantolaketaren azterketaren balorazioa azpimarratu zuen eta Basauriko trenbide pasaguneak kentzeko ideiaz hitz egin zutela iragarri zuen: “Basauriarrentzat onura nabarmena litzateke zonalde horiek kendu ahal izatea”. Horrela, Pozokoetxe, Larrazabal, Sarratu, Baskonia eta Azbarren auzoetatik astiro-astiro kenduko lirateke, “horrek momentura arte sor zitzakeen kalteak ekidinez, besteak beste”.
Geltoki berriaren loturari buruz ere mintzatuz zen Iragorri: “Garraio Partzuergoarekin ere egin dugu berba L2 linea Sarratuko geltokiarekin konektatzeko, eta arrapala mekanikoak bezalako irtenbide teknikoak mahai gainean jarri genituen”.
Horiek horrela, hauek dira Udalaren asmoak etorkizuneko Sarratuko geltoki intermodalari begira: lotura izatea Basauriko L2 linearekin, trenbidearen integrazioaren berrantolaketak Udalaren balorazioak kontuan hartzea eta proiektuak merkantzien garraioa kentzea pixkanaka, “horrela Urbi, Ariz eta La Baskoniako trenbide pasaguneak kenduko genituzke”; eta, azkenik, L5 linea berriaren konfigurazioak Azbarren auzoko hirigintza-jarduketaren garapena errespetatzea.

‘Sarratu Intermiodala Bai, Baina Horrela Ez’ plataformako kideak // Geuria

Mugikortasun jasangarria

“Egin behar duguna egiten ari gara”, gehitu zuen Basauriko alkateak azalpenei amaiera emanez, “eta eraikiko den geltokia mugikortasunaren esparruan hobetu daitekeela uste dugu Udaletik. Dagoeneko, bere garaian balizko bizikletentzako aparkalekuaz berba egin genuen. Gainera, bestelako instituzioekin Bilboranzko, Galdakaoranzko, Arrigorriagaranzko eta Arratiaranzko bidegorrietan lan egiten ari gara. Horrek guztiak geltokia eta mugikortasun jasangarria hobetuko luke”, azaldu zuen Iragorrik. “Baina garraio publikoaren arrazionalizazioaren eta mugikortasun jasangarriaren ikuspuntutik ez dugu nahi Sarratuko intermodala Basauriko disuasio-aparkaleku bihurtzea”.
Alkatearen hitzetan, geltokiko aparkaleku hori ez litzateke bizkaitar guztiek autoa bertan aparkatzeko lekua izan behar: “Garraio publikoa hobetuko duen azpiegitura ekarriko dugu Basaurira, beste eskualde batzuetarako sarbidea erraztuz; horretarako ez ditugu autoak hirigunetik hona erakarri nahi, ezta gutxiago ere”, arrazoitu zuen Basauriko alkateak.
Lehen faseko Sarratu-Aperribai (1.540mt) eta Aperribai-Galdakaoko trazaduraren lanak bukatuta  (2.800mt) eman beharreko hurrengo pausoa Galdakao Usansolo-Galdakao Ospitalerako zatia egitea da (1.930mt) eta lan horiek 2029rako amaituta egotea espero dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak