Sareak

☉ Basauri

Selton eta Hierro basauriarrek debuta egin dute Txapeldunen Ligan Athleticekin

|

Selton eta Hierro // Athletic Club

Basauritik mundura. Horrela definitu daiteke atzoko gaua St James’ Park estadioan, egun berean bi basauriarrek egin baitzuten debuta: Selton Sanchezek (18 urte) eta Asier Hierrok (20 urte). Ez zen debut gozoa izan, taldeak 2-0 galdu baitzuen, baina zalantzarik gabe ahaztuko ez duten eguna izango da bi lehoientzat.

Selton Sanchez, 18 urteko erdilaria da, bere irudimen eta maila teknikoagatik nabarmentzen dena. Durangon jaiotakoa den arren, Basaurin bizi da aspalditik.  Asier Hierro, aldiz, 20 urteko aurrelaria, amaierako minutuetan atera zen eta gola bilatu zuen etengabe, ausardiaz eta lotsa izpirik gabe. Biek ibilbide luzea egin dute Lezaman, Hierroren kasuan kimua zenetik ari baita zurigorriekin.

Partidaren ondoren, Unai Simonek gazteen lana txalotu zuen: “Selton eta Hierro Txapeldunen Ligako mailan aritu dira”, adierazi zuen atezainak.

Basauriko bi futbolariek amets bat bete dute: Lezamako harrobia eta Basauriren izena Europako eszenatokirik handienetara eramatea.

☉ Basauri

Abaroa-San Migel tren geltokiko igogailua konponduta dagoela dio Renfek, “baina telefono-linearen zain”

Iaztik funtzionatu gabe daramala salatu dute askotan auzotarrek. Igogailua martxan jartzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzea baino ez dela falta esan diete Renfetik Basauriko udal ordezkariei

|

Iazko abuztutik zerbitzutik kanpo dago tren geltokiko bi igogailuetako bat // Geuria

Hilabeteak daramate San Migeleko auzotarrek Abaroa-San Migel tren geltokiko bi igogailuetako bat erabili ezinik.

Iazko abuztuan —2024ko martxoan, ekainean eta uztailean matxura izan ostean— funtzionatzeari utzi zion, eta ordutik herritarrek Renferi konpondu dezan eskatu diote hainbatetan.

Renfek aurtengo martxoan jakinarazi zien auzotarrei “egun gutxi barru” konponduko zuela matxura, baina oraindik zain daude.

Egoera hori aintzat hartuta, azken hilabeteetan Basauriko Udalak hainbat errekerimendu egin dizkio Renferi tren geltokiko igogailua konpondu dezala eskatzeko. “Azkena azaroaren 27an”, diote udal ordezkariek.

“Gaur bertan, tren-garraioko enpresa publikoak Basauriko Udalari jakinarazi dio igogailuaren konponketa teknikoa arrakastaz burutu dela, eta igogailua martxan jartzea zerbitzu egokia bermatzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzearen mende dagoela soilik”, diote udal arduradunek.

Renfek Udalari emandako erantzunean adierazi duenez, “lehentasunez” ari dira lanean dagokion hornitzailearekin kudeaketa hori arintzeko, “eta ahalik eta epe laburrenean” konpontzea espero dutela adierazi diote Udalari.

“Gobernu taldeak prozesuaren zain jarraituko du, igogailua lehenbailehen martxan egon dadin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an helduko dira Basozelaira, Basaurin

Txu-txu trenean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Zortziko plazara. Gainera, asteburuan zehar hamaika jarduera antolatu ditu Basozelaiko Auzokideen Elkarteak

|

Abenduaren 14an, igandez, Zortziko plazan izango dira Olentzero eta Mari Domnigi // Geuria

Olentzero eta Mari Domingi hasi dira txikien eta helduen gutunak jasotzen.

Eta abenduaren 24ra bitartean euren bisitak izango ditugu Hego Uribe eskualdean.

Basaurin, Basozelain izango dira Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an, igandez.

Txu-txu trenean helduko dira Zortziko plazara eta umeekin eta helduekin elkartzeko tartea izango dute.

El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen eskutik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi auzora, baina ez da asteburuan antolatuko duten jarduera bakarra.

Belaunaldien arteko joko didaktikoak, SantoBasozelai, Euskal Jaia, Gabonetako arratsalde-pasa, Gabonetako bingoak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte abenduaren 13an eta 14an Zortziko plazan.

Egitaraua | Olentzero eta Mari Domingi Basozelain

Abenduak 13, larunbata
11:00 Belaunaldien arteko joko didaktikoak
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
13:00 Euskal Jaia ikuskizun musikala
17:00 Gabonetako arratsalde-pasa
19:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
20:00 Gabonetako I. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
21:00 Kontzertua: Txapela Brava
22:30 Gabonetako II. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa

Abenduak 14, igandea
11:00 Gabonetako tailerrak: desioen zuhaitza, postalak eta apaingarriak
11:30 Olentzero eta Mari Domingi
11:30 Txu-txu trena Basozelaitik
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
12:00 Trikipoteoa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
14:30 Gabonetako III. Bingoa. Sari berezia: Gabonetako kutxa eta Gabonetako dezimoa

Osorik irakurri

☉ Basauri

Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan altzairua ekoizteko

Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela

|

Hidrogeno berdearekin egindako proba // Sidenor

Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan. Zehazki, altzairuaren ekoizpeneko berotze-zalian erabili dute lehen aldiz hidrogeno berriztagarria.

Altzairutegiko erregailu konbentzionala hidrogenoa erabiltzen duen oxi-errekuntzako erregailu batekin ordezkatu dute. Horri esker, zaliaren berotze-ziklo osoa osatu ahal izan dute, beharrezko funtzionamendu-tenperaturak lortuz.

Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela.

Hidrogeno berdearekin egindako proba horiek mugarri garrantzitsua izan direla adierazi dute enpresatik, tenperatura altua behar duten eta elektrifikatzen zailak diren prozesu termikoetan erabili baitu Basauriko lantegiak.

“Sidenor ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako enpresa da, eta, horregatik, etengabe ikertzen eta inbertitzen ari da bere produkzio-prozesuen deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko formulak bilatzeko”, esan dute enpresako arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabalik dago dagoeneko Basaurin

Abenduaren 23ra arte txikien eta helduen gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik euren Basauriko etxean

|

Olentzerok eta Mari Domingik gutunak jasoko dituzte euren Basauriko etxean abenduaren 23ra arte // Basauri Merkatari Elkartea

Abendua da eta dagoeneko gabon gutunak idazteari ekin diogu herritarrok.

GEURIAn gutun berria publikatu dugu [hemen duzu!], oraindik ere idatzi ez dutenek erabili dezaken eta Olentzerori eta Mari Domingiri helarazi diezaioten.

Eta, eurei bidaltzeko hainbat bide dauden arren, Basaurin Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabaldu dute aurten ere.

Antonio Fernandez kaleko 17. zenbakian dago Etxea abenduaren 23ra arte, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 15:00etara.

“Bertara bazoaz, selfi bat egiten baduzu eta zure Instagrameko edo Facebookeko horman argitaratzen baduzu, abenduaren 2tik 23ra, @basauricomercio elkartea etiketatuz, Basauriko Social Antzokiara joateko bi zinema sarrera emango ditugu opari, sarrerak agortu arte”, diote Basauri Merkatari Elkartetik.

Hain zuzen ere, Basauri Merkatari Elkarteak jartzen du urtero Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea: “Urtero bezala gune magiko bat sortu dugu txikienek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak pertsonalki eman ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean

Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

|

Bihar egingo du debuta Igor Ocak, Cordobaren aurka // Utzitakoa

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.

Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.

Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.

Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra

44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.

Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.

Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.

Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.

Osorik irakurri