Sareak

☉ Basauri

Hitzarmena sinatu dute gaur SEPESek eta Basaurik, La Basconiako lursailetan 35 milioi euro inbertitzeko

|

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Isabel Pardo de Vera eta Fidel Vazquez SEPESeko ordezkariak eta Asier Iragorri Basauriko alkatea hitzarmen berriaren sinaduran // Geuria

La Basconia lantegia zenaren lursailetan 398 etxebizitza eta industria eraikitzeko pauso berria eman dute gaur Basauriko Udalak eta SEPESek (Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministerioari atxikitako Lurzoruaren Enpresa Erakunde Publikoa). Hain zuzen ere, hitzarmena sinatu dute Basauriko udaletxean esku-hartzea “ahalik eta arinen” gauzatzeko. “Hitzarmena jauzi kualitatibo bat da, bultzada emango diolako udalerriaren gizarte- eta ekonomia-hazkunderako horren estrategikoak diren lur horien garapenari”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

SEPESek 35 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu La Basconiako lursailetan, eta bi eremutan esku-hartuko du: Basconia ipar-mendebaldean eta Basconia ipar-ekialdian. Guztira, 137.300 metro kuadro. Basconia ipar-mendebaldea ibaiertzean dagoen lursaila da, Basconiako aparkalekutik gertuen dagoena, eta bertan hirugarren sektorea eta industria ezarriko dute (74.845 metro kuadro), eta Basconia ipar-ekialdea Sarratutik eta Etxebarrirako bidetik gertuen dagoen eremua da eta bertan 398 etxebizitza eraikiko dituzte (64.455 metro kuadro).

Etxebizitzak Espainiako Gobernuak sustatzen duen Etxebizitza Eskuragarrien Planari atxikita egongo dira, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren bitartez. Isabel Pardo de Vera Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako idazkari eta SEPESko presidenteak adierazi duenez, alokairuzko etxebizitzak dira La Basconiako lursailetan eraikiko dituztenak: “Alokairu Eskuragarrirako Etxebizitza Planaren helburua alokairuko etxebizitzen parkea handitzea da, arrazoizko prezioan edo prezio sozialean, diru-sarrera mugatuak dituzten pertsona edo bizikidetza-unitateentzat”, dio Pardo de Verak.

Gaur sinatu dute hitzarmen berria Basauriko Udalak eta SEPESek // Geuria

Bestetik, industria erabilerari dagokionez, enplegua Basaurira ekartzea “lehentasunezkoa” dela adierazi du Iragorrik: “Ez da duela urteetako industria ezarriko La Basconiako lursailetan. Gaur egungo industria eraldatu da, eta teknologia, digitalizazioa eta I+D+i bezalako kontzeptuak dira egungo industria. Horrelakorik ekartzea onuragarria litzateteke Basaurirentzat eta herritarrentzat”.

Epeak, airean

Oraindik epeez hitz egitea “garaiz” dela adierazi dute bi erakundeek: “Plan Berezia egin behar dugu, eta aurreikusten dugu 2023an zehar gauzatzea plan estretagiko hori. Lehendabizi eremua garbitu behar da, eta gero urbanizatu. Hori behin eginda, eraikuntza faseari ekingo genioke, baina oraindik data zehatzik gabe”, dio Fidel Vazquez SEPESen zuzendari nagusiak.

“Epeak oraindik zehaztu barik dauden arren, urrats berri hau pozgarria da erabat. Ateak zabaltzen dizkio gure udalerriarentzat horren estrategikoa den eremu horretan etxebizitzak eraiki eta jarduera ekonomikoa sortzeko aukerari”, dio Iragorrik: “Hitzarmen hau izenpetuta, baikor naiz Basauriko etorkizunari dagokionez, eta bi erakundeok martxan jarriko dugu indar betean gure makinaria administratibo guztia bultzada handi bat emateko enpresa proiektuak ezartzeari eta etxebizitza eremu berri bat sortzeari”.

Parte-hartze prozesua

Hitzarmenak beste puntu bat jasotzen du: SEPESek Basauriko Udalari lagatzea La Basconia lantegiko industria-pabiloi bat, alegia. “Gure industria-iraganaren eta orainaren sinbolo den La Basconiako nabe bat lagako digu SEPESek. Asmoa da industria-pabiloia berreskuratzea eta birgaitzea”, dio Iragorrik: “Lagapen hori eta hitzarmena, oro har, erakundeen arteko lankidetzak herritarren onerako dela erakusten duen beste adibide bat da, sigla desberdinak dituzten alderdiek elkar uler dezakegula adierazten duena”.

La Basconiako lursailak // Basauriko Udala

Basauriko alkateak adierazi duenez, oraindik ez dute zehaztuta zein izango litzatekeen pabilioi horren erabilera, baina herritarrek parte-hartzeko prozesu bat zabalduko dutela aurreratu du Iragorrik: “Erabilera zehaztu beharko da, eta herritarrentzat irekia izatea nahi dugu. Ondoren, landu beharreko proiektu bat idatzi beharko da. Eta nabe horretan zer egingo dugun zehazteko, basauriarren iritzia izango dugu, partaidetza-prozesu baten bidez”, dio.

Industria-pabilioi handiena da zutik mantenduko den La Basconiako lantegia zenaren eraikin bakarra. Ondasun historiko-kultural gisa babestuta dago, eta horregatik ez dute eraitsiko. Ordea, SEPESek pabilioi txikiago bat eraitsiko du. Aurtengo otsailean sutea piztu zen pabilioia da ustez eraitsiko dutena. “Eraisketa proiektua egin behar dugu, baina 2023ko udaberrian egitea aurreikusten dugu”, dio Vazquezek.

Basauriko Udalak eta SEPESek 2009an sinatu zuten lehen hitzarmena, baina gaur sinatu dutena hura ordezkatuko du. Aurreko hitzarmenaren arabera, 1.300 etxebizitza eraiki behar zituen SEPESek La Basconiako lursailetan. “Testu berriak helburutzat du 2009ko terminoak egokitzea 2020an udalbatzak aho batez onartu zuen Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrera (HAPO), La Basconiako proiektua Basauriko herritarrek eskatzen duten udalerri-eredura egokitze aldera”, dio Iragorrik.

☉ Basauri

Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean

Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

|

Bihar egingo du debuta Igor Ocak, Cordobaren aurka // Utzitakoa

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.

Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.

Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.

Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra

44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.

Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.

Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.

Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin

|

Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!

Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

|

Fernando Goitia 2011n Bilduren agerraldi batean // Bidebieta

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.

Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.

Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.

Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du

Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

|

Apirileko osoko bilkuran agerraldia egin zuten Basauriko udal langileek // Basauriko Langileen Batzordea

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.

Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.

“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.

Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.

2026an mobilizazio gehiago

“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.

Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.

“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.

Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.

“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.

Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna