☉ Basauri
Lanean sexu jazarpena salatu zuen emakumea kaleratu du Berriztu elkarteak, “bere jardunean arau-hauste larri bat egin duelako”
Berriztuko langile batek beste lankide bat salatu zuen urtarrilean sexu jazarpenagatik eta handik gutxira, “ustez beste arrazoi batzuengatik” kaleratu dute.

Berriztu heziketa-elkarteko langile batek beste lankide batengandik sexu jazarpena pairatu zuela salatu zuen abenduan, eta “ustez beste arrazoi batzuengatik” jazarpena salatu zuen emakumea maiatzean kaleratu dutela salatu dute LAB sindikatutik. Horren harira, uztailaren 12an, ostegunez, elkarretaratzea deitu dute 13:00etan Berriztu elkartearen aurrean (Cervantes etorbidea 43, Basauri). Lanpostuan eraso sexistarik onartuko ez dutela salatzeko deitu du kontzentrazioa LABek. Berriztu Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lanean ari den enpresa da.
Berriztu elkartetik diotenez, “argi utzi nahi dugu ez dugula sexu jazarpena salatzeagatik emakumea kaleratu, baizik eta bere jardunean arau-hauste larri bat egin duelako”. “2017ko abenduan sexu jazarpen-egoera posible baten berri izan genuen lankide honen aldetik, eta Berriztutik jazarpen-egoeren protokoloa martxan jarri genuen Berdintasun batzordearen eskutik. Egoera ezberdinak dira gertatutakoak: alde batetik, ustezko sexu jazarpena eta bestetik, salatzailearen arau-hauste larria, zeinak lanetik botatzea eragin duen”, diote elkartetik.
Genero indarkeriaren aurka
Berriztu heziketa-elkarteak, besteak beste, genero indarkeriaren kontra lan egiten du eta, “sexu jazarpena salatzen dutenei, biktimei, arreta eta babesa ematen diegu. Kasu honetan, emakumea eta akusatua entzun genituen eta ikerketa bat abiarazi genuen. Joan den urtarrilean ikerketa-prozesua amaitu genuen: ez genuen froga nahikorik aurkitu, baina hala ere, biktima babesteko urratsak eman genituen”, diote. Zentzu horretan, Basauriko lantokian bere zerbitzua eskaintzen jarraitu nahi zuen galdetu zioten emakumeari: “Emakumeak bere jardunean jarraitu nahi zuela adierazi zigun. Hortaz, akusatua beste zerbitzu batean kokatzea erabaki genuen”, diote Berriztutik.
LABetik adierazi dutenez, emakumeak urtebeteko sexu jazarpena jasaten ari zela salatu zuen joan den abenduan: “Besteak beste, hitz deserosoak edota nahigabeko ukituak pairatu zituela salatu zuen emakumeak. Orduan, elkarteko arduradunari gertatutakoen berri eman eta salaketa jarri zuen emakumeak. Enpresatik adierazi zioten ikerketa zabaldu zutela, baina emakumeak ez zuen inolako informaziorik jaso ikerketa-prozesu hartan”, salatu dute LABetik. Era berean, egoera horrek bultzatuta emakumeak baja hartu zuela diote sindikatutik.
“Enpresaren arabera, sexu jazarpena demostratu ezin zutela jakinarazi zioten emakumeari eta beste aukera batzuk jarri zituzten mahai gainean: akusatuari lantokiz aldatzeko aukera eman edo txanda ezberdinetan lan egitea”, diote LABetik. Salaketa elkartean bertan jartzeaz gain, emakumeak epaitegietara ere jo zuen: “Gaur egun epaitegiko arlo laboralean dago salaketa jarrita. Epaia jakin bitartean -luzerako jo dezake- kontzentrazioak egingo ditugu. Biharkoaz gain, mobilizazio gehiago aurreikusten ditugu”, diote LABetik.
☉ Basauri
Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.
Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.
Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo, Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.
☉ Basauri
Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin
Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.
Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.
Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.
Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.
Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.
Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen
Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.
Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.
Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.
“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.
Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.
☉ Basauri
Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.
Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.
Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz.
☉ Basauri
Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”
2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]
Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.
Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.











