→Basauri

Gerardo Ayo Basauriko Social Antzokiko zuzendari ohia inputatu dute hamar urtetan iruzur egiteagatik akusatuta

Gerardo Ayo Social Antzokiko eta Kultur Etxeko zuzendaria zenean // Geuria

Gerardo Ayo Basauriko Social Antzokiko eta Kultur Etxeko zuzendari ohia inputatu dute hamar urtetan iruzur egiteagatik. Iruzurra egiteagatik, legez kanpoko ordainarazpenen delitu jarraitua egiteagatik eta agiri ofizialak faltsutzeagatik inputatu dute Ayo, denak funtzio publikoak izan zituenean. Delituak 2007tik 2017ra bitartean egin zituen Ayok eta ustez 41.244 euro kobratu zituen iruzur eginez. Bizkaiko Fiskaltzaren salaketaren aurreko eginbideak amaitu ondoren, Bilboko Instrukzioko 5. zenbakiko Epaitegiak prozedura hasteko agindua eman du.

Basauriko Udaleko barne zerbitzu juridikoek ikerketa abiatu zuten 2019an Gerardo Ayo Basauriko Kultur Etxeko zuzendari eta arduradunak udal-erakundean zituen ardurengatik eta jarduerengatik kobratu zituen dietak aztertzeko. Era berean, 2020ko otsailean, Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kultur Etxeko zuzendariak jasotako ordainketa bikoiztuak ote zeuden ere ikertu zuten. Bitarte horretan Udalak aldi baterako eten zizkion langile horri bere eginkizunak eta diziplina-espedientea ireki zion.

Udal-arduradunek Fiskaltzari jardueren berri eman zioten, ikertuaren erantzukizun penalik egon ote zen zehaztu zezan. Ministerio Fiskalak delituaren zantzuak zeudela baieztatu zuen eta salaketa aurkeztu zuen guardiako epaitegian; orduan ikerketa penala abiarazi zuten. Bilboko Instrukzioko 5. zenbakiko Epaitegiak joan den astean eman zuen auto judiziala.

“Basauriko Udaleko gobernu taldeak dagozkion erantzukizunak argitzeko espedientea hasi zuenetik egin duen bezala, eta beti izan duen gardentasun osoz jokatzen jarraitze aldera, alderdi politiko guztiei jakinarazi die epaitegiaren ebazpena, eta epaitegietan eta auzitegietan eskatzen jarraituko du sor daitezkeen erantzukizunak argitzea eta eragindako kalteak ordaintzea”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak