Sareak

☉ Basauri

Basauriko Social Antzokiko zubia martxoaren 3an itxiko dute berriro ibilgailuentzat; ez, otsailaren 28an

San Fausto plaza berrian bigarren egitura handi bat jartzeko martxoaren 3an berriro moztuko dute errepidea ibilgailuentzat, eta ez, otsailaren 28an hasieran iragarrita zegoen bezala

|

San Fausto plaza berritzen ari da Basauriko Udala. Otsailaren 24an, astelehenez, tamaina handiko bi egitura-elementu jarri zituzten, plaza berriko zorua egitura horren gainean altxatzeko.

Egun osoan zehar itxita egon zen udaletxetik Social Antzokira bitarteko errepidea ibilgailuentzat, bi garabia handi jarri behar izan zituztelako zubiaren bi aldamenetan egitura handia altxatu eta bere lekura eramateko. Momentu horretan bertan izan zen GEURIA eta irudi batzuk grabatu zituen (hemen bideoa!).

Bigarren egun batez ere tarte horretan zubia moztu egin behar dute. Hasiera batean otsailaren 28an moztu behar zuten errepidea, baina azkenean, martxoaren 3an, astelehenez, izango da.

“Martxoaren 3an ezingo da udaletxerantz biratu Autonomia kaletik, ezta Kareaga Goikoa kaleko udaletxeko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere”, diote udal ordezkariek. Inguru horretako garajeetara sarbidea baino ez dute baimenduko eta oinezkoek ere zabalik izango dute zubia.

Harmaila eta berdeguneak

Iazko maiatzean hasi zituzten lanak eta aurreikuspena zen udaberrian zabaltzea plazaren zati bat. Hala ere, obran zegoen langile batek GEURIAri adierazi bezala, lanen amaiera urrira arte atzeratu daiteke.

Obra honekin San Fausto plaza ‘Trintxera’ izateari utziko dio. Izan ere, gaur egun zubi azpian dagoen hutsunerik ez da egongo obra behin bukatuta.

GEURIAk jakin ahal izan duenez, plazaren azpiko garajea handitu egingo dute. Gaur egun, plazaren azpian garaje bat dago, eta hura zubiaren azpikalderaino handitzea aurreikusten da.

San Fausto plaza berriak berdegune zabalagoa eta ingurunean txertatutako harmailak izango ditu. “Plataforma nagusia irekia da Arizgoiti plazara eta Nagusia kalera, eta inguruan ongi integratutako harmaila nabarmenak izango ditu”, adierazi zuten duela hiru urte udal ordezkariek.

Horrelakoa izango da San Fausto plaza berria hemendik hilabete batzuetara // Basauriko Udala

Era berean, Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza beraren arteko konexioa hobetuko dituzte. “Konfigurazio berriari esker, oinez eta ibilgailuz iritsi ahal izango da plazaren ondoko etxebizitzetara, alboko kaleen arteko kota-diferentziak gaindituta”, diote.

“San Fausto Plaza berriak bi xede nagusi izango ditu: basauritarrek aisiaz gozatzeko eta lasai egoteko leku atsegin bat edukitzea, eta erabilera sozialetarako espazio bat sortzea, ekitaldi herrikoiak, kulturalak edota kirol-arlokoak egiteko”, diote.

☉ Basauri

Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean

Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

|

Bihar egingo du debuta Igor Ocak, Cordobaren aurka // Utzitakoa

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.

Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.

Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.

Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra

44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.

Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.

Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.

Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin

|

Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!

Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

|

Fernando Goitia 2011n Bilduren agerraldi batean // Bidebieta

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.

Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.

Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.

Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du

Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

|

Apirileko osoko bilkuran agerraldia egin zuten Basauriko udal langileek // Basauriko Langileen Batzordea

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.

Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.

“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.

Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.

2026an mobilizazio gehiago

“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.

Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.

“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.

Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.

“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.

Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna