Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Zuzeneko ikuskizunekin hasiko da bihar Basauriko Social Antzokia

Bihar hasiko da berriro Social Antzokia zuzeneko ikuskizunekin. Hartu dituzten neurrien inguruan hitz egin dugu Fernando Nieva antzokiko programatzailearekin.

|

Bihar hasiko da berriro Social Antzokia zuzeneko ikuskizunekin. Covid-19 birusak eraginda, segurtasun-protokoloa prestatu dute. Besteak beste, funtzio bakoitzaren aurretik aretoa desinfektatzen dute, maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa da, aurretiaz esleitutako besaulkian eseri behar da, gel hidroalkoholikoa sarreran dago eskuragarri, komunetara banaka sartu behar da, igogailuan pertsona bakarra sartu ahal izango da (laguntzailerik behar ez bada), eta sarrera eta irteera modu mailakatuan izango da.

Social Antzokiko edukiera % 60koa da gaur egun: “Besaulkien ilara batzuk kendu ditugu, ilara eta ilara artean segurtasun-neurriak betetzen direla ziurtatzeko”, dio Fernando Nieva Social Antzokiko programatzaileak: “Segurtasun-protokola maiatzean hasi ginen lantzen eta Sarea Euskadiko Antzoki Sarea zalantzak argitzeko egon da. Antzoki bakoitzak bere errealitatera egokitu du protokoloa”.

“Guretzako lan itzela izan da. Batez ere teknikarientzako eta arduradunentzako. Badirudi protokoloa oso erraz prestatzen dela, baina egia esan atzetik oso lan handia dago”, dio Nievak. Irailean hiru antzerki emanaldi programatu dituzte: ‘Juana’ (Irailak 12. Aitana Sanchez Gijon, Chevi Muraday, Egoitz Sanchez, Victor Ramon eta Javier Monzon), ‘Harri, Orri, Ar’ (Irailak 25. Pez Limbo. Besteak beste, Jontxu Martinez Zarrabeitia usansolotarra), eta ‘Es mi palabra contra la mia’ (Irailak 26. Luis Piedrahita).

Kultura segurua

Irailetik aurrerako Social Antzokiko programazioa koronabirusaren pandemiagatik bertan behera geratu ziren ikuskizunek osatuko dute. Uda aurretik taularatu ezin izan zituzten ikuskizunak irailetik aurrera programatzea erraza izan dela dio Nievak: “Konpainiek lan egin nahi dute eta euren aldetik lana asko erraztu digute. Euren aldetik harrera oso ona izan da eta gu pozik agenda aldetik lekua egin dutelako Social Antzokira etorri ahal izateko”.

“Herritarrak animatu nahiko nituzte Social Antzokira etortzera. Oso lasai etor daitezke antzokira. Nire ustez tabernetan baino segurtasun-neurri handiagoak daude antzokian”, dio Nievak.

Doako 35 ikuskizun antolatu dituzte irailean Galdakaon, Kultur Plaza programan

☉ Basauri

Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian

|

Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz  eta fake news fenomenoaren inguruan.

Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea zabalik dago jada Basaurin!

|

Olentzero eta Mari Domingi Basaurin daude jada! Gaur bertan euren etxea zabaldu dute eta eurekin zuzenean berba egiteko aukera izan dugu!

Etxea Antonio Fernandez kaleko 17. zenbakian dago eta zabalik egongo da abenduaren 2tik 23ra bitartean, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era, eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 15:00etara.

“Urtero bezala, Basauri Merkatarien Elkarteak gune magiko bat sortu du txikienek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak pertsonalki eman ahal izateko”, diote Merkatari Elkarteko ordezkariek.

GEURIAn Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko gabon gutunak ditugu eskuragarri:

JAITSI | Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko gabon gutunak!

Gutunak entregatzeaz gain, txikiei zuzendutako ipuin kontalaria izango da abenduaren 26an eta 27an Olentzeroren eta Mari Domingiren etxean.

Jose Feijoo Basauri Merkatari Elkarteko presidenteak giltzak eman dizkie gaur arratsaldean Olentzerori eta Mari Domingiri // Geuria

Bi egunetan bi emanaldi antolatuko dituzte: lehenengo emanaldia 17:30ean izango da eta 3 eta 5 urte bitartekoentzat egongo da zuzenduta, eta bigarren emanaldia 18:30ean hasiko da, 6 urtetik gorako umeentzat.

Selfieak eta zozketa

Olentzeroren eta Mari Domingiren Basauriko etxea bisituko duenak oparia jasoko du.

Basauri Merkatari Elkartetik diotenez, abenduaren 2tik 23ra bitartean etxea bisitatu eta bertan selfie bat aterako duenak eta Instagramen edo Facebooken argitaratuko duenak, @basauricomercio etiketatuta, Social Antzokiara joateko zinemarako bi sarrera lortuko ditu opari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek euren lan-baldintzak “okertu” direla salatu dute

|

Azaroaren 28an osoko bilkura hasi aurretik elkarretaratzea egin zuten udal erikinetako garbitzaileek udaletxe aurrean // Geuria

Gehiegizko lanaldiak, nominen atzeratzea eta ez ordaintzea, aurretik hitzartutako soldata-hobekuntzak ez aplikatzea, langileen legezko ordezkaritzari informaziorik ez ematea edota laneko materialetan akatsak izatea salatu dute Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek.

“Basauriko Udalaren eraikin eta lokalen garbiketa-zerbitzua OHL-UTE Basauriko Eraikinak Garbi enpresari esleitu zaionetik, 2024an bertan, zerbitzu horiek ematen dituzten langileek lan-baldintzen okertze sistematikoa eta lan-eskubideen atzerakada jasaten ari dira”, salatu dute sindikatuek.

Hain zuzen ere, langileen batzordeak eta LAB, ELA eta ESK sindikatuek hilabeteak daramatzate esleipena duen enpresa berriak egindako “ez-betetze larriak” salatzen.

“Enpresaren jarrera eta Basauriko Udalaren inplikazio falta ikusita, elkarretaratzeak egin genituen azaroaren 27an eta 28an udaletxearen aurrean. Horrela, langileek enpresaren jarrera onartezinaren aurrean gogaituta daudela adierazi dute, eta Basauriko Udalari azpikontratatutako zerbitzuak betetzen direla eta horiek ahalbidetzen dituztenen lan-eskubideak errespetatzen direla zaintzeko duen betebeharra bete dezala exijitu diote”, adierazi dute sindikatuetatik.

Elkarretareatzeak egingo dituzte asteazkenero udaletxe aurrean. “Honako egoera hau —beren negozioaren errentagarritasuna emandako zerbitzuen gainetik lehenesten duten enpresekiko azpikontratazioen bidez arlo publikoa kudeatzearen ondorio zuzena—, ez du langileengan eragin negatiboa soilik, baizik eta eskoletan, kiroldegietan eta beste udal-eraikin batzuetan ematen den zerbitzuetan ere”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Javi Conde klubak Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du

|

Raul Martinez eta Angela de Miguel (biak zuriz jantzita) txapeldun izan ziren kategoria nagusian // Argazkiak: Gotzon Garcia

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoak adimen-urritasuna duten atletentzako Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du.

Txapelketa azaroaren 30ean, larunbatez, izan zen San Migeleko Lapatzako zirkuituan. Atletek Kirol Trebetasunak, Egokitua, Lehiaketa eta Errelebo Mistoen proba berrian kategorietan hartu zuten parte.

Klub basauriarrak urrezko zortzi domina, zilarrezko lau eta brontzesko bost domina irabazi zituen. Kategoria nagusian, Angela de Miguel eta Raul Martinez izan ziren txapeldunak.

Sailkapen orokorrean Kantabriako ACDE kluba bigarren izan zen urrezko bi dominekin eta brontzesko batekin, eta hirugarren sailkatu zen Puertollanoko kluba urrezko domina bakarrarekin eta zilarrezko hirurekin.

“Proba honekin, Bertako Javi Conde klubak amaiera eman dio 2024ko denboraldiari, pistan zein krosean lortutako hiru garaipenekin”, adierazi dute klubeko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Udalak adierazi du “berdintasunerako politika berriak ezartzeko eta hobetzeko bidean” jarraitzen duela

|

Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotzia eta Asier Iragorri // Artxiboko irudia, Geuria

Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak herriko berdintasun politiketan “atzerapauso nabarmenak” eman izana egotzi diote Basauriko Udalari.

Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziaren arabera, Basauriko Udalak beharrezko politika horietako “asko” garatu ditu, eta politika horiek “hobetzeko eta berriak ezartzeko” bidean jarraitzen duela zehaztu zuen. “Horregatik ezin dut bat egin osoko bilkura honetan Udal honetako berdintasun-politika publikoei buruz esan denarekin: politika horiek geldirik daudela edo atzera egin dutela, edo baliabideak inoiz iristen ez direla”, esan zuen Cadavalek.

Ildo horretan, adibide batzuk eman zituen Cadavalek: “2021az geroztik, % 30 igo dira modu zuzenean berdintasun-politika publikoak; azken bi urteetan, hezkuntzaren arloko bi proiektu berri jarri ditugu abian: batetik, eskola-patioak eraldatzeko proiektua, eta, bestetik, Behin eta Berriro ekimena, indarkeria matxistarekin lotutako edukiak metodologia berritzaile batekin lantzeko gune egonkorra; Azaroak 25 plaza izendatu dugu, feminismoaren aldarrikapenetarako espazio publikoaren konkista bezala; eta jai-inguruetan eraso matxistei erantzuteko protokolo eraginkor bat lantzea lortu dugu”.

“Badakit berdintasunerako politika publikoak nahiko genukeena baino motelago doazela. Baina ez Udal honetan bakarrik, munduan baizik. Eta berdintasun-politika publikoak beharrezkoak ditugu, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-testuinguru onartezinean bizi garelako”, adierazi zuen Cadavalek.

Langileak kontratatzea

Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak zenbait galdera egin zituen azaroko osoko bilkuran, besteak beste, emakumeen memoria historikoari edo berdintasun arloan langileak kontratatzeari buruzkoak.

Emakumeok Bat eta Basauriko Mugimendu Feministako kideak azaroko osoko bilkuran // Geuria

Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeari dagokionez, Cadavalek adierazi zuen Emakumeen Aztarnen Mapa prestatzeko proiektua aurreikusita dagoela: “Asmoa da proiektu horri ekin ahal izatea plakak eta aztarnak dauden kokaleku guztiak aztertu ondoren, eta mapaketa horretan sartuko genituzke 2022an eta 2023an hainbat eraikin publikotan jarri genituen M8ko horma-irudiak ere”.

Era berean, indarkeria matxistaren biktima eta bizirik atera diren emakumeen memoriala osatzeko proiektuaz berba egin zuen Cadavalek: “Memorialean zer esaldi jarri erabaki gabe daukagu. Berdintasun Kontseiluan erabakiko dugu hori. Eta hori behin erabakita, espazio hori amaitutzat emango dugu”.

Bestetik, Indarkeria Matxistari aurre egiteko bigarren tokiko Planak eta Berdintasunerako lehen Barne Planak ezartzeko “langilerik ez” dagoela salatu zuten emakumeen taldeek, eta Berdintasun Arloak administraririk ez duela ere azpimarratu zuten.

Zentzu horretan, aurtengo ekaineko osoko bilkuran, bi lanpostu sortzea onartu zela gogorarazi zuen Cadavalek: “Lanpostu horiek Berdintasun arloa kokatuta dagoen Gizarte Politikako arlora bideratuta daude. Lanpostu horietako bat bete da jada, baina bestea falta da, eta, hain zuzen ere, ahalik eta epe laburrenean egin behar da”. Administrariari dagokionez, Berdintasun arloan beste langile bat egon dadin prozesu-administratiboa hasi du Udalak.

Halaber, Indarkeria Matxistaren Biktimak Artatzeko Erakunde arteko Protokoloaren garapenean, prozesuan ez dituztela kontuan hartu ez Mugimendu Feminista ez Berdintasun Kontseilua salatu zuten Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak.

“Protokoloari dagokionez, Berdintasun Kontseilua osatzen duten hainbat elkartek parte hartu dute azken hilabeteetan protokolo hori aurkezteko saioetan, eta oraindik bilera batzuk egiteke daude. Gainera, duela gutxi, protokoloaren laburpena bidali zaie arlo guztietako Basauriko elkarte guztiei”, esan zuen Cadavalek.

Berdintasun Kontseiluak Basaurin 20 urte baino gehiago daramala lanean azpimarratu zuen Cadavalek: “Parte hartzeko oso gune baliotsua dela uste dugu eta bere parte hartzearekin kontatzen jarraituko dugu”.

Obrak Marienean

Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalek “arazo estrukturalak” dituztela ere salatu zuten emakumeek. Zehazki, Marienean itoginak daudela eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik elkarteak dauden lokaletan berogailuekin arazoak daudela adierazi zuten.

Ildo horretan, Isabel Cadaval zinegotziak jakinarazi zuen, Marieneako estalkia iragazgaizteko “proiektu integral bat” daukala Udalak esku artean: “Proiektua nahiko handia da, eta aurreikuspena da 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran hastea lanak”, adierazi zuen Cadavalek.

Hala ere, konponketa integral hori iritsi arte, Udal Brigada “esku hartze espezifikoak” egiten ari dela zehaztu zuen. “Proiektua mahai gainean dago, eta, jakina, ahalik eta lasterren ekin beharreko obra da”, esan zuen Cadavalek.

“Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalei dagokienez, arazoak daude berokuntza-sisteman. Joan den neguan gorabehera dezente izan ziren, eta hainbat aldiz jardun zen. Aurten, berogailuak piztuta, egiaztatu da ez dabiltzala ondo. Jarraipen espezifikoagoa eta intentsiboagoa egiten ari dira, zerbitzu teknikoek egoki iritziz gero ordezkapen bat egin behar den ikusteko”, adierazi zuen Cadavalek.

Amaitzeko, Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak bilera eskatu zuen Asier Iragorri alkatearekin eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin. Azaroko osoko bilkuran Iragorrik adierazi zuen batzarra izateko arazorik ez duela eta egingo dutela.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna