Sareak

☉ Basauri

Sofia Otero: “Berlinaleko sariak hauspotuta, aktore lanetan jarraitu nahiko nuke”

|

Sofia Otero Zilarrezko Hartzarekin // Argazkia: Alexander Janetzko / Berlinale 2023

Sofia Otero basauriarrak antzezpen onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du Berlinalen ‘20.000 erle espezie’ filmean egindako lanagatik. Gaztetxoak (9 urte baino ez ditu) historia egin du: euskal aktore bati inoiz emandako sari garrantzitsuena irabazi du, eta gainera, historiako munduko aktorerik gazteena da zinemaren sari handi bat jasotzen.

“Oso eskertuta nago eta oso oso pozik”, adierazi zuen Zilarrezko Hartza jaso eta ondorengoko prentsaurrekoan: “Nire paperak balio handiagoa ematen dio sariari”. Filmazioan “oso ondo” pasatu zuela adierazi du irribarretsu basauriarrak, eta aitortu du “beste familia bat” topatu duela bidean: “Azken finean egunero grabatzen egon ginen eta horrek asko batu gaitu. Familia bat gara orain”, dio Oterok.

Francine Maislerrek eman zion saria Kristen Stewart aktorearekin batera. Maisler epaimahaiko kideetako bat izan zen eta munduko casting zuzendaririk ospetsuenetakoa eta eskarmentu handikoa da: “Bere espezialitatea da aktore berriak aurkitzea eta denok jakin nahi dugu aktore gisa lan gehago egiten jarraitu nahi duzun”, adierazi zuen irabazleen prentsaurrekoa gidatu zuen Berlinaleko ordezkariak. “Bai, noski. Aktore bezala lan egiten jarraitu nahiko nuke”, dio Oterok.

Estibaliz Urresola Solaguren zinemagileak egin du ‘20.000 erle espezie’ filma. Laudion jaiotakoa Ugaorekin harreman estua du Urresolak: gurasoak ugaotarrak dira. Filmak guztira hiru sari jaso ditu: Best Leading Perfomance Silver Bear, hau da, antzezpen onenaren saria; Guild Film Prize eta The Berliner Morgenpost Readers Jury Award. Lehena Berlinaleko epaimahai ofizialak ematen du; bigarrena, Alemaniako hiru zinema aretoetako arduradunek; eta hirugarrena, The Berliner Morgepost egunkariko hamabi irakurlek osatzen duten taldea ematen dute.

Urresolak azaldu du beti izan zutela buruan paper protagonistarako neska bat hautatzea: “Guretzat garrantzistua zen castinga neska bati egitea. Ez genuen inoiz buruan izan mutil batekin aritzea, niretzako askoz errazagoa zelako neska bati honakoa esatea: ‘Imajinatu ezazu gainontzeko jende guztiak uste duela zu ez zarela neska bat’. Sofiarentzat askoz errazagoa zen sentimendu horrekin konektatzea”, adierazi zuen Urresolak prentsaurrekoan: “Zoritxarrez, beti ezagutzen ditugu euren klase sozialagatik edota itxura fisikoagatik erasotuak diren pertsonen kasuak, eta uste dut Sofia ez dela mundutik aparte bizi. Guztiok ulertzen dugu gizakion sufrimendua, eta Sofiak jakin izan du barneko eta kanpoko munduak konektatzen. Horrek lana asko erraztu zuen, Sofia oso neska azkarra delako”.

Preskaketa prozesua “luzea” izan zela onartu du Urresolak: “Hilabeteak egon ginen entsaiatzen. Gogoratzen dut ez niola gidoia zuzenean Sofiari eman nahi, buruz ikasi ez zezan. Istorioaren geruza desberdinak kontatzen nizkion eta berak marraztu egiten zituen. Marrazki horiekin puzzle erraldoi bat sortu genuen koloretako postitekin”, zioen Urresolak. Modu horretan mapa bat sortu zuten: “Mapa horren bidez Sofiak ikusi zezakeen zein zen pertsonaiak egiten zuen bidea. Horrela, egun bakoitzean grabatzen genuela azalduta, Sofia gai zen grabaketa hori mapa horretan kokatzeko”.

Era berean, zuzendariaren arabera oso garrantzitsuak izan ziren gainontzeko aktoreekin egin zuten lana: “Zoragarria izan zen beste aktoreekin egin genuen lana: nebak, ahizpak, amama, ama… Harreman guztiak gurutzatzeari ekin genion, lotura eta hurbiltasun hori sortzeko, familia barruko konfiantzak sortzen duen ‘egia’ azaleratu zedin”, dio Urresolak.

☉ Basauri

Alazne Gomez basauriarra Espainiako halterofiliako txapeldunordea da

|

Alazne Gomez, erdian, Galdakao Halterofilia taldeko Maite Uriarterekin (Espainiako txapelketan finalista izan zen Maite 59 kategorian // Argazkia: Galdakaoko Udala

Espainiako halterofiliako txapeldunorde absolutua da Alazne Gomez basauriarra, 76 kategorian. Txapelketa Ourensen jokatu zen ekainaren 8an eta 9an.

Alazne gaur egun Galdakaoko Halterofilia Taldean dago, eta berarekin batera txapelketan parte hartu zuen Maite Uriarte taldekideak. Maite finalista izan zen 59 kategorian.

Alaznek iaz El Conquistador del Caribe saioan parte hartu zuen –Aritz Irusta galdakoztarrak parte hartu zuen edizio berean-, eta 2022an elkarrizketa egin genion GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto kalean hutsik dauden etxebizitzak soilik hormatzen hasi da Basauriko Udala, “okupazio-arriskua saihesteko”

Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan egindako salaketari erantzun dio Basauriko Udalak

|

Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan salatu duenez, “Basauriko Udalak San Fausto kaleko 9. eta 11. blokeetako etxebizitza batzuk hormatzeko agindu du aurretiaz abisatu gabe, borrokan ari diren bizilagunak beldurtzeko”.

Basauriko Udalak zehaztu duenez, “hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzak soilik” hormatzeari ekin dio, “okupazio-arriskua saihesteko”.

“Batu Elkarlaguntza Sarearen baieztapenak, “borrokan dauden bizilagunak beldurtzeko helburuarekin” egin direla edo “jarrera oldarkorra” izan dela baieztatzen dutenak, erabat zalantzazkoak dira; kolektibo horren balorazio subjektibo eta partikularrak dira, eta ez dira Udalak egindako benetako egitatetan oinarritzen. Gainera, Bidebik zuzenean jakinarazi zion Batu Elkarlaguntza Sareari hutsik zeuden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarbidea baino ez zela ixten ari”, diote udal ordezkariek.

Batu Elkarlaguntza Sareak ere adierazi du sare sozialetan ekainaren 6an Udaltzaingoa bertaratu zela, “eta etxebizitza batzuetan sartzeko saiakera” egin zuela. Basauriko Udaletik esan dute, “legezkoak ez diren okupatzaileek etxebizitzak okupatzea eragozteko eta egoiliarren segurtasuna babesteko” bertaratu zirela, eta, “berdin jokatzen jarraituko du, hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarrera blokeatzen, are gehiago kontuan hartuta azken egunetan udal etxebizitza baten legez kanpoko okupazioaren kasuren bat detektatu denean eta pertsona batzuek poliziaren lana oztopatu zutenean”, diote.

“Bidebi, hirigintza-plangintza garatzeko Basauriko Udalaren sozietatea, bi eraikin horietako egoiliar gehienekin akordioetara iritsi da eta helburu berarekin lanean jarraituko du. Legezko okupatzaileek beste bizileku bat izateko eskubidea duten kasuetan, pertsona horiek birkokatu egingo dira, baina Basauriko Udalak ez du inola ere diru-kutxa publikoetara kargatuko eskubide hori jasotzen ez duen okupatzaile baten birkokatzea”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Udal-langileak seinalatzea

Beste alde batetik, Batu Elkarlaguntza Sareak bi udal-langile “modu publikoan eta esplizituki” seinalatu izana salatu dute Basauriko Udaletik: “Hori langile horien intimitatean bidegabe sartzea da, eta derrigortze-delitua izan liteke”. Ildo horretan, udal zerbitzu juridikoak horri buruzko lege-ekintzak abiarazteko aukera aztertzen ari dira.

“Bi langile horiek beren eginbeharra baino ez dute betetzen, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Erreformako Plan Berezian (PERU) oinarritutako erabaki politiko batetik eratorritako ekintzak gauzatuz. Plan hori Udalbatzak onartu zuen 2018an. Basauriko Udala San Fauston garatzen ari den hirigintza-kudeaketa plangintza horretan aurreikusitakoa da”, diote.

Bilera eskatzea

Batu Elkarlaguntza Sareak bilera bat eskatu du Basauriko udal gobernuarekin San Faustoko bizilagunen birkokatzea negoziatzeko: “Azpimarratu nahi dugu hilabeteotan Udalarekin izan dugun gatazkak helburu bakarra duela: 2018ko HAPOn hitzartutakoa betetzea eta San Fausto kalearen izkinetako egoeratik urrun dagoen jarrera paternalista alde batera uztea. Behin eta berriro eskatuko dugu bizilagunentzat beste bizileku bat”, diote.

Basauriko Udaletik ziurtatu dute ez dagoela gatazkarik: “Errealitatetik oso urrun. Batuk diskurtso populista bat mantentzen du, errealitatetik eta egitik erabat deskonektatua, eta gatazka bat sortu nahi du, gatazkarik ez dagoen lekuan. Basauriko Udala etxebizitza horietarako aurreikusitako eta osoko bilkuran onartutako hirigintza-kudeaketa garatzen ari da”, diote.

“Batu Elkarlaguntza Sarearen jarrera oztopatzaileak arriskuan jartzen du inguru guztia birgaitzea eta Bidebietako aldirietako tren geltoki berria eraikitzea. Estatuko Administrazioak horretarako programatutako finantziazioa garrantzitsua da, eta kolokan egon daiteke. Horrek kalte egiten die basauriar guztiei eta, bereziki, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko bizilagunei”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Solobarria plaza ondoko zabaldegiko estalkia uda amaierarako egongo da jarrita

|

Obrak hasi dituzte eta bi hilabeteko epean bukatuko dituzte // Google Maps

Solobarriako metroko irteeraren alboko zabaldegiko eserlekuen erdiguneko eremuan estalkia jartzeko obrak hasi ditu Basauriko Udalak.

Lanak bi hilabetez luzatuko dira, hortaz, uda amaierarako bukatu dituzte obrak.

Udalak 98.000 euroko inbertsioa egingo du esku-hartze horretan. Otsailean obra gauzatzeko lehiaketa publikoa ireki zuen Udalak eta Abadiñoko Cumenorte enpresak burutuko ditu.

Iazko aurrekontu parte-hartzaileetan proposatu zuten herritarrek Solobarriako metroko irteerako plazatxoa estaltzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Etengabeko Arreta Gunea asteburuan medikurik gabe egongo dela salatu dute

Ez da gertatzen den lehen aldia, eta Martxoaren 7an elkarretaratzea egin zuten Basaurin Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko

|

Lehen arreta indartzeko kontzentrazioa Basauriko anbulategian // Geuria

Hautsak harrotu ditu Osakidetzeko arduradunek udarari begira Osasun Zentroetarako egin duten plangintzak. Gotzone Sagardui jarduneko Sailburuak ukatu du murrizketarik edo itxierarik egongo denik,  “berregokitzapenak” direla zehaztuz, baina erantzun horrek ez ditu inondik inora sindikatuak eta beste hainbat eragile asetu, eta beste uda batez “murrizketak eta itxierak” egingo direla salatu dute. ELA sindikatuak zera zehaztu du: “neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, Lehen Arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago”.

Horren adibide, ELA sindikatuak egin duen salaketaren arabera, asteburu honetan bertan Basauriko Anbulategiko Etengabeko Arreta Gunean gertatuko dena: ez da medikurik egongo, eta erizainek hartu beharko dute lanaren zama euren gain. Ez da salaketa hau egiten duten lehen aldia, eta martxoaren 7an bertan elkarretaratzea egin zuten Basaurin, Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko, hain zuzen ere.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu zuten mobilizazioa, eta bertan hainbat aldarrikapen plazaratu zituzten: “EAGen egoera larria urrunetik dator: zentro batzuen itxiera, langileen prekarizazioa, mediku faltaren ondorioz ekipoak hankamotz geratzea… Azken arazo honi aurre egiteko Osakidetzak eta gure ESIko arduradunek kontingentzia planak diseinatu dituzte, baina eskuartean dituzten proposamenek ez du ziurtatzen EAG-ak oinarrizko lantaldea diren mediku, erizain eta zelariarekin irekiko direnik. Horrez gain, langileen lan eskubideak are gehiago prekarizatuko dituen neurriak biltzen ditu plan honek. Kontuan hartzekoa da, egun, lehen arretak asumitu ezin dezakeen guztia EAG-ek asumitu behar dutelako”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Eizu Euskaraz! kanpainak Basauriko udal langileen eta herritarren arteko euskara landuko du

Datorren astetik aurrera kanpainaren irudiak ikusiko dira Basaurin eta inguruetan: kanpainaren eslogana, udal langileen eta herritarren arteko elkarrizketak komikietako moduko bunbuilo formatuan, kristaletan eta lurrean ipinitako biniloak…

|

María Fernández eta Asier Iragorri, kanpainaren aurkezpenean // Geuria

Basauriko Udalak Eizu Euskaraz! izeneko euskararen erabilerari buruzko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du gaur bertan helburu nagusi batekin: herritarrak udal-administrazioarekin euskaraz jardutera animatzea eta udal langileek euskara lanean zein zerbitzuan erabiltzea.

Kanpainaren aurkezpenean María Fernández euskara zinegotzia eta Asier Iragorri Basauriko alkatea izan dira, ekimenaren nondik norakoak aurkezten, udaletxeko sarreran bertan: “Herritarrei ikusarazi nahi diegu hizkuntza-eskubideak dituztela eta Udalean euskaraz eman diezaiekegula arreta”, azaldu du Iragorrik. “Izan ere, euskara administrazioaren eremuan ere erabil dadin nahi badugu, basauriarren laguntza behar dugu”.

“Badugu egitekorik”, esan du Maria Fernándezek. “herritarrei ematen zaien arreta hobetu eta ohiturak aldatu behar ditugu, baina ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren ekimenak ezartzen jarraituko dugu”.

Maria Fernández: “Herritarrei ematen zaien arreta hobetu eta ohiturak aldatu behar ditugu. Ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren ekimenak ezartzen jarraituko dugu”

Kanpainak kanpo eta barne mailan eragina izango du. Kanpora begira, datorren astetik aurrera kanpainaren irudiak ikusiko ditugu Basaurin eta inguruetan: kanpainaren eslogana, udal langileen eta herritarren arteko elkarrizketak komikietako moduko bunbuilo formatuan, kristaletan eta lurrean  ipinitako biniloak… Kanpainaren elementuak euskarri ezberdinetara eramango dituzte: iragarkiak, kartelak, postontzietara botako dituzten liburuxkak…

Euskara garraiatuz

Hemendik egun batzuetara, kanpaina grafikoa garraio publikora iritsiko da ere eta Bizkaibus enpresako linea jakin batzuetan zein Metro Bilbaon ikusi ahalko dira iragarki grafiko horiek.

Barne mailan, udal-langileen artean euskararen erabilera sustatzeko ekintzak egingo dituzte eta horien artean liburu baten argitalpena ageri da. Bertan, Basauriko Udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko osoko bilkuran onartutako irizpideak ageri dira, toki administrazioko langileek gida lez erabiltzeko.

Gainera, kanpainaren irudia daramatzaten katiluak, eskumuturrekoak… emango dizkiete udal langileei eta langile berriei karpetatxo bat oparituko diete. Bertan, ongi-etorri gutunaz gainera Eizu Euskaraz! kanpainako informazio guztia topatuko dute.

Osorik irakurri