→Basauri

Mercabilbaotik Soloarteko futbol zelaira arteko ibaiertzeko horma indartuko du Basaurik

Basauriko Udalak Mercabilbaotik Soloarteko futbol zelaira arteko ibaiertzeko horma indartu nahi du

Soloarteko horma, jausita, 2010ean // Geuria

Basauriko Udalak Mercabilbaotik Soloarteko futbol zelaira arteko ibaiertzeko horma indartu nahi du, etorkizunean ez erortzeko prebentzio neurri modura. Udal ordezkarien arabera, 2022ko ekainean egindako azterketa batek adierazi zuen ibai ertzeko horman korrosioa dagoela eta bertatik ura iragazten dela.

2010ean eta 2019an zonalde horretako horma zati bat jausi zen eta hori ekiditeko enpresa bat kontratatuko du Udalak. Oinarrizko aurrekontua 70.000 eurokoa izango da eta lanek lau hilabeteko iraupena izatea espero dute udal ordezkariek.

Soloarteko horma, 2010ean // Geuria

Hiru fase lanetarako

Enpresa esleituak egin beharreko obretan fase bi bereizi beharko ditu. Lehen fasean horma indartzeko aukeren azterketa bat egin beharko du. Bertan, jarduketa-aukerak zerrendatu beharko ditu, baita xehetasun-planoa eta proposamen ekonomikoak gaineratu ere. Gainera, Nerbioi ibaiaren eremu horretako uholde arriskuari eragingo ez dion irtenbide onenaren txosten teknikoa idatzi beharko du enpresak.

Bigarren fasean eraikuntza-proiektua idatzi beharko du esleipedun enpresak, Uraren Euskal Agentziak (URAk) eskatutako uholde-arriskuaren azterketa landuz. Hirugarren fasea obra-zuzendaritzarako laguntza teknikoa ematea izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak