Sareak

☉ Basauri

Basauriko Soloarte eta Mercabilbao arteko pasealeku zatia itxiko dute lurretan mugimendua detektatu ondoren

Soloartetik Mercabilbaora arteko pasealeku zatia itxiko du Basauriko Udalak otsailaren 17an

|

Herritar bi, pasealekuan, joan den urtarrilean // Geuria

Prebentzio neurri modura, Soloartetik Mercabilbaora arteko pasealeku zatia itxiko du Basauriko Udalak otsailaren 17an azken 15 egunetan lur mugimenduak detektatu ostean: “konponketa egitea aurreikusita zegoen, horma indartuta, baina mugimendua areagotu egin da”, azaldu dute udal ordezkariek.

Momentuz lekukoak ipini dituzte pasealekuko tarte horretan lur mugimenduak detektatzeko: “Pasealekua itxi egingo dugu tarte horretan, segurtasunagatik, istripurik gerta ez dadin”, azaldu du Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintzako zinegotziak. Horma indartzeko asmoa otsailaren hasieran agertu zuen Udalak eta eraikuntza-proiektua martxan jarri du “arazoa lehenbailehen konpontzeko”.

2010ean eta 2019an zonalde horretako horma zati bat jausi zen eta hori ekiditeko enpresa bat kontratatuko du Udalak. Oinarrizko aurrekontua 70.000 eurokoa izango da eta lanek lau hilabeteko iraupena izatea espero dute udal ordezkariek.

Mercabilbaotik Soloarteko futbol zelaira arteko ibaiertzeko horma indartuko du Basaurik

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Juan suak Basaurin: Basozelain, Pozokoetxen, San Migelen, Kareagan eta Bidebietan

|

Ekainaren 23ko gauen piztuko dituzte San Juan suak Basauriko auzoetan // Geuria

Ekainaren 23ko gaua urteko laburrena da, baita San Juan bezpera ere. Hori ospatzeko San Juan suak piztuko dira Euskal Herrian eta Hego Uriben.

Basaurin, Basozelain, Pozokoetxen, San Migelen, Kareagan eta Bidebietan piztuko dituzte San Juan suak ekainaren 23ko gauean.

Egitaraua / San Juan suak Basaurin

Ekainak 23, igandea

Basozelai
19:00 Txokolatada Solidarioa. Bildutako dirua CTNNB1 elkartearentzat
19:30 VI. Basozelaiko Bingo Solidarioa. Bildutako dirua CTNNB1 elkartearentzat
20:00 Taloak eta ogitartekoak: Loiuko
21:30 Ohiko San Juan Sua Batukale Samba taldearekin
San Juan jaien egitaraua osorik hemen!

Pozokoetxe
20:00 Txokolate jana
21:00 Basauritar Dantza Taldea
21:30 San Juan sua
San Juan jaien egitaraua osorik hemen!

San Migel
18:00 Karropoteoa
20:00 Txorizoa sagardotan egosia eta musika Ixatxak parkean
22:00 San Juan sua Ixatxak parkean
22:15 Afari herrikoia: bakoitzajk bere afaria ekar dezala

Kareaga
21:30 Txokolatada
22:00 San Juan sua

Bidebieta
21:00 Txokolate-jana bizkotxoekin
22:00 San Juan sua piztea
23:00 Keimada

Osorik irakurri

☉ Basauri

Mendi martxa antolatu dute San Migelen autismoa duen Hugo auzotarraren alde

|

Mikelats Kultur Elkarteko kideak Sofia Taramona ikastetxeko ikasleekin eta ordezkariekin // Mikelats Kultur Elkartea

Mikelats Kultur Elkarteak Mendi Martxa Solidarioa antolatu du beste urte batez. Aurtengoa hamaikagarren eduzioa da eta bilduko duten dirua autismoa duen Hugo auzotarrarentzat eta Apnabi elkartearentzat izango da. Hugok 4 urte ditu eta Sofia Taramona ikastetxeko ikaslea da.

San Migeleko Mendi Martxa Solidarioa ekainaren 22an, larunbatez, izango da, 10:15ean hasita Ixatxak parketik. Antolatu duten ibilbidea 7 kilometrokoa da.

Ekimenean parte hartu nahi dutenek 5 euro ordainduko dituzte ekainaren 22an bertan, jarduera hasi aurretik.

Mendi Martxa Solidarioaz gain, San Migeleko jaietan (irailaren 27tik urriaren 6ra bitartean) Apnabi elkartearen jarduera bultzatzera bideratutako ekimen solidario gehiago antolatuko ditu Mikelatsek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak Sarratuko metroaren L5 lineako obrak bisitatu ditu Basaurin

|

Elixabete Etxanobe Sarratun, Asier Iragorri Basauriko alkatearekin eta Ager Izagirre foru diputatuarekin // Bizkaiko Foru Aldundia

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia Hego Uribe eskualdean izan zen atzo. Basaurin, Sarratuko metroaren L5 lineako obrak gertutik jarraitu zituen, Asier Iragorri Basauriko alkatearekin eta Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin batera.

Era berean, Bizkotxaldeko Etxetic zentroko lanak ere bisitatu zituzten. “Etxetic zentroaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak doako laguntza-zerbitzua eskainiko du, mendekotasun-egoeran dauden Basauriko pertsonak etxean egon daitezen”, dio Iragorrik.

Foru erakundeak eguneko zentroa eta elkarbizitzarako etxebizitzak eraikitzea ere finantzatu du Basaurin, Sarratu auzoan.

“Elixabete Etxanobek eta Ager Izagirrek gure herriarentzat estrategikoak diren beste proiektu batzuekiko interesa agertu dute, hala nola, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe auzoen berroneratze eta eraldaketa urbanistikoa edo La Basconiako lurren etorkizuneko garapena jarduera ekonomikoa ekarri ahal izateko”, adierazi du Iragorrik.

Basaurin bisita egiteaz gain, Arrigorriagan Maite Ibarra alkatearekin batu zen, foru-eskumeneko hainbat proiektu partekatzeko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko Skate txapelketak adin txikikoak eta nagusiak lehiatuko ditu Basaurin

|

Ekainaren 22an, larunbatez, izango da Skate Txapelketa Basozelaiko jaietan barruan // Geuria

Skate txapelketa antolatu dute beste urte batez Basozelaiko jaietan, Basaurin. Ekainaren 22an, larunbatez, izango da txapelketa eta sei kategoria lehiatuko dira: 12 urtez azpikoa (nahiatez erabili behar dira kaskoa eta babesak), 18 urtez azpikoa, neskak, masters, open eta Half Pipe.

Sariei dagokienez, parte-hartzaileen artean materiala banatuko dute, eta Open eta Half Pipe kategorietako irabazleek dirua jasoko dute.

Parte hartzeko izena ematea ekainaren 22an bertan egingo dute parte-hartzaileek.

Basozelaiko Skate Txapelketa Basauriko Udalak antolatzen du, Zirt Zart Gazte Zerbitzuaren eta Basauriko Skate Erakundearen laguntzarekin. Aurten, Basauri Kirolaren Europako Hiria den urte honetan, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko jarduera mantentzen eta zabaltzen jarraitu dute.

Open Basozelai 2024

Ekainak 22, larunbata
11:00 12 urtez azpikoak
12:00 18 urtez azpikoak
13:00 Neskak
16:00 Masters
17:00 Open
18:30 Half Pipe

Osorik irakurri