Sareak

☉ Basauri

Basauriko Soloarteko pasealekua “gutxienez urtebete itxita” egongo da

Gaur, 10:00ak aldera itxi dute Soloarte parkeko eta futbol zelaiko pasealeku zatia, herritarren segurtasunerako

|

Udal brigadako langileak, Soloarteko pasealeku zatia ixten // Geuria

Gaur, 10:00ak aldera itxi dute Soloarte parkeko eta futbol zelaiko pasealeku zatia, herritar askoren harridurapean. “Zergatik itxi dute?”, “pasealekua botako dute?”, “nondik egingo ditugu paseoak orain?”… bezalako galderak entzun dira Udal brigadako langileek pasealekuko sarbideak zintaz ixten zituzten bitartean. Zintez gainera, langileek porlan eta metalezko harresi sendo txiki batekin inguratu dute egun hauetan futbol zelaiko eta Soloarte parke arteko gunea.

Nerbioi ibai ertzeko hormak behin baino gehiagotan arazoak sortu ditu Soloarte inguruko pasealekuan: 2010ean Arizko zubiko pasealeku zatia jausi zen eta 2019an, Soloartetik Mercabilbaora arteko horma-zati bat erori egin zen. Azken asteetan lekukoak ipini dituzte Udaleko langileek eraitsi egin ziren bi zatien arteko horman eta emaitza modura, Udalak Soloarte futbol zelai atzeko pasealekuko horma indartzea erabaki du, lur azpian gero eta mugimendu gehiago atzeman dituztelako.

Unai Pomposo Bilbao Udal ingeniaria, obrak egingo dituzten pasealeku-zatian // Geuria

Zalantza horiek guztiak argitzeko, Unai Pomposo Bilbao Udal ingeniariarekin bildu gara paseoan bertan, brigadakoek herritarrei sarbidea ixten zieten bitartean. “Hasiera batean, indartuko dugun zati hau ondo zegoen”, aitortu digu ingeniariak. “Hala ere, neurketa batzuk egitea erabaki genuen ibai ertzean. Horretarako, diana batzuen bidezko topografia neurketa batzuk egiten saiatu ginen”. Ahaleginak bertan behera utzi zituzten ibai ertzeko sastraka guztiagatik: “Sastraka kentzeak ez du ahalegin askorik eskatzen; zaltasun handiena ibai ertzeko zuhaitzak bertatik kentzea da, eta neurketa egiteko beste sistema bat erabili behar genuen”.

Orduan, Udala ingeniaritza enpresa batekin harremanetan jarri eta pasealekuaren diagnostikoa burutu zuen 2022ko azaroan. Lan horietan zulo batzuk egin zituzten ibai ertzeko hormetan: “Emaitza modura, pasealekuko zapata eta hormaren artean ura sartzen zela ikusi genuen eta korrosioak hormako burdin jantzia erdoildu eta desegiten ari zela ikusi genuen”, azaldu dio ingeniariak GEURIA komunikabideari, eta herritarren bizitzak arriskuan jartzea ekiditeko lanak lehenbailehen hasi dituztela arrazoitu du.

Urak erdoildutako horma-zatia // Basauriko Udala

Egoera monitorizatzeko eta garapena nolakoa izaten ari den ezagutzeko, langileek lekuko batzuk ipini dituzte pasealekuko espaloiko lauzetan, azken asteetan pasealeku azpian mugimendurik egon den ikusteko. Emaitza positiboa izan da: 15 egunetan (eta euriaren ondorioz ere) 2 milimetroko lur mugimenduak atzeman dituzte.

Pomposo, Soloarteko pasarelei begira // Geuria

Pasagune “salbatzaileak”

Udal ingeniariaren hitzetan, pasealekuan lanak halabeharrez egin behar dira, “baina arrisku mehatxua ez da uste bezain handia”. Berez, jarduketa egin behar den pasealeku tartean zubi bi daude: Doktor Flemingekoa (futbol zelai ondokoa) eta Soloarte parke ondokoa.

“Pasealeku hau jausi ez bada zubi bi horiengatik izan da, pasealekua bi ibai ertzekin eusten dituztelako. Aurreko eraisketetan ez zegoen zubirik”. Gainera, futbol zelai azpiko garajeek indarra ematen diote pasealekuari, lursail gutxiago dagoelako pasealekuko tarte horretan eta ur bultzada txikiagoa da ondorioz.

“Orduan, zergatik gertatu da korrosio arazo hau Soloarteko pasealekuan?”, galdetu diogu adituari. “Horma zaharra balitz zapata eta hormaren arteko juntura hondatuta egon zitekeela ondorioztatu zitekeen. Baina hori ez da arazoa; horma ez da zaharra; duela egun bi eraiki dutela esango balute sinetsiko nuke”, ziurtatu du Unaik.

Basauriko Udalak egindako diagnostikoan ikusi da Soloarteko hormako egitura-armadurak ez duela EHE08 gutxienezko kopurua betetzen, horrek ekar ditzakeen ondorioekin. “Berez, diagnostikoan ikusi genuen hormaren armadura oso ondo eginda dagoela, kanpotik ez delako erdoilketaren arrastorik ikusten. Baina armadura kopurua txikia da eta juntura erdoilduta dago”.

Urtez urte, pasealeku azpiko lur mugimenduek espaloiko lauzak altxatu dituzte // Geuria

“Lehen pausua eman dugu dagoeneko: proiektua prestatzea. Txosten bat sortu dugu eta bertan gaur egungo egoera deskribatuz eta hormarekin egin daitezken aukerak aztertuz”, azaldu du adituak. “Aukera bat horma botatzea litzateke, baina garestiegia da eta gaur egungo egitura birsortzea eragotziko liguke URA Uraren Euskal Agentziak. Gainera, zubi biak mantendu gura ditugu”.

Ezkerrean, konpondu beharreko horma zatia. Eskuinean, aurreko urteetan konpondutako horma zatia // Geuria

Helburua, beraz, horma berria sortu beharrean, gaur egungoa indartzea da. Ingeniariaren hitzetan, hainbat aukera daude, eta momentuz aipatuko ez badituzte ere aukera horien artean egokienari argi berdea emango diotela ziurtatu du. Gainera, URA agentziari azterketa hidraulikoa aurkeztu beharko dio Basauriko Udalak. Proiektuari argi berdea eman ostean lizitazioa egingo du Udalak obrak egin ahal izateko.

“Ez dut uste obra arinak izango direnik”, aitortu du Udal ingeniariak eta, bere ustez, urtebete baino gehiago egongo da itxita Soloarteko pasealeku zatia. “Obra hauek lan handia emango dute, ibai ertzetik egin beharko direlako. Lan horiek nola egingo diren definitzea falta da bakarrik”.

Futbol zelaia eta Soloarte parkea lotzen duen tartea itxita egongo den arren, Pomposok azaldu du herritarrak futbol zelaiko aurreko aldetik igaro ahalko direla lanek irauten duten bitartean, alternatiba modura.

Pasealeku zatia, gaur goizean itxi baino lehen // Geuria

 

Basauriko Soloarte eta Mercabilbao arteko pasealeku zatia itxiko dute lurretan mugimendua detektatu ondoren

☉ Basauri

Metroaren L5 lineak merkantzia-trenen ibilbidea argitu barik utzi duela diote Basauriko EH Bildutik

|

Merkantzia-tren bat Arizko trenbidetik pasatzen // Geuria

Sarratuko geltoki berriak Metroaren L2 eta L5 lineak konekatuko ditu. Hain zuzen ere, Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: tunel berri bat eraikiko dute L2 linea Etxebarritik Sarratura joateko, eta handik Arizera eta Basaurira.

“Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea. Basauriar guztiok zoriontzeko berria da”, adierazi zuen Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Basauriko EH Bilduk ere uste du “albiste positiboa eta garrantzia handikoa” dela herriarentzat: “Proiektuaren jatorrizko akats bat zuzentzera dator, eta hasierako plangintza kaskar batek eragindako arazoari irtenbide logikoa ematen dio. Izan ere, plangintza horrek 40.000 biztanleko biztanlegune bat zuzeneko loturarik gabe uztea zekarren, eta, aldi berean, tren-aldaketa ginkana bat egitera behartzen gintuen gure erreferentziazko ospitalera trenez iritsi ahal izateko”.

“Badirudi borondate politikoa dagoenean eragozpen teknikoek konponbidea dutela”, adierazi dute ezker koaliziotik: “Hala ere, albiste honekiko gogobetetzea ez da guztiz erabatekoa. Ez dugu inoren aldarte ona zapuztu nahi, baina gogoratu behar dugu oraindik ere airean daudela proiektu honekin lotura zuzena duten hainbat gai. Alde batetik, merkantzia-trenak beren ibilbidean sartzea, zeren eta hori gabe ia ezinezkoa izango da gure herriari eragiten dioten trenbide-orbainak eta trenbide-pasabideak ezabatzea; bestetik, Sarratuko geltokiaren irisgarritasuna bermatzea, aurreikusitako erabilera berrien arabera birdimentsionatu beharko dena igogailuen eta eskailera mekanikoen kopurua eta tamainari dagokienez, adibidez; eta azkenik, geltokiaren izaera intermodala, eskualdeko erreferentziazko benetako garraio publiko mota ezberdinen lotunea izango delarik”.

Metroaren L5 linearen proiektuaren arabera, Arizko egungo Euskotreneko geltokia desagertu eta Sarratura eramango dute. Aldaketa horrek bidaiariei soilik eragingo diela salatu zuen duela bi urte Elkarrekin Podemosek; merkantziek bertatik igarotzen jarraituko dute, eta horrek kezkatzen zuen alderdi morea: “Proiektu hau bidaiarientzat baino ez da aurreikusten. Usansolotik Arizerako tartea merkantzien garraio-linea gisa mantentzen da, horrek dakarren soinu-kutsadura guztiarekin. Basurtutik Arizera doazen merkantzia-lineak, AcelorMittaleko adarra eta Arizeko merkantzien trenbide-multzoa ez daude egin beharreko obretan sartuta”, adierazi zuten orduan Elkarrekin Podemosetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Soloarteko horma eraikitzeko proiektu berri bat idatzi behar du Basauriko Udalak, arau-aldaketa baten ondorioz

Arau-aldaketa baten ondorioz Soloarteko horma indartzeko proiektu berri bat idatzi behar izan du Basauriko Udalak. Berau ekainean entregatu ondoren, eta URAk oniritzia eman ostean, eraikuntza-lanak esleitzeko prozesua hasiko du Udalak

|

Iazko otsailetik dago itxita Soloarteko pasealekua, bertan lur mugimenduak detektatu zituztelako // Geuria

Iazko otsailean itxi zuten Soloarteko pasealekuaren zati bat, bertan lur mugimenduak detektatu zituztelako. Hori dela eta, Basauriko Udalak horma indartzeko eta konpontzeko eraikuntza-lanen proiektuaren idazketa kontratatzea erabaki zuen.

Dokumentu hori idazten ari ziren bitartean, Plan Hidrologikoaren arau-aldaketa bat sartu zen indarrean, eta hortaz, URA Agentziak horma berreraikitzeko baimena ezin izan zuen eman.

Arau-aldaketa horren arabera, horma konpondu beharrean, Basauriko Udalak horma berri bat eraiki behar du. Bitartean, ordez, iazko irailean lurrak kentzeko lehen jarduketa gauzatu zuen Udalak.

Arau bidezko baldintzatzaile berrien arabera eguneratutako eraikuntza-proiektua ekainaren lehen hamabostaldirako prest egongo dela adierazi dute Basauriko udal ordezkariek.

Eraikuntza-proiektuaren idazketaren prezioa 53.119 euro da, baina Basauriko Udalak eta URAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute proiektua idazteko. Hitzarmen horren arabera, URAk kostuaren % 50 finantzatuko du, hau da, 26.559 euro.

Behin betiko proiektua prest dagoenean, URAk oniritzia eman beharko dio eta, baimen hori jaso ostean, Basauriko Udalak eraikuntza-lanak adjudikatzeko izapideak hasiko ditu.

Horma berria eraikitzeko 1,9 milioi euro bideratuko dituzte guztira. Oraindik ez dute zehaztu noiz hasi daitezkeen obrak, baina lanak hasitakoan 10 hilabeteko epean burutuko dituzte. “Obrak amaitu bitarte, pasealekuko tarte hori itxita egongo da, prebentzioko eta segurtasuneko neurri gisa”, diote udal arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / 2024ko Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketako irabazleek saria jaso dute gaur Basaurin

|

Izaskun Herce, Rebeca Fernandez eta Andere Ramirez Jon Martin Zirt Zarteko arduradunarekin, gaur sari banaketan // Geuria

2024ko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketako sari banaketa egin dute gaur arratsaldean Basauriko Basozelaiko Zirt Zart Gazte Bulegoan.

Sari banaketan izan dira Rebeca Fernadez Rueda barakaldarra (lehen saria), Andere Ramirez Garcia laudioarra (Elkar Saria) eta Izaskun Herce Quintana basauriarra (Basauri Saria).

Ezin izan dira bertaratu, ordea, Irene Izaguirre Chaparro billabonatarra (bigarren saria) eta Olatz Noberan Gartzia ondarrutarra (hirugarren saria). Hala ere, eurei ere helaraziko diete saria Zirt Zartetik.

Irabazleen kontakizunak esteka honetan irakur daitezke. Gainera, irabazleen kontakizunez gain, aurten lehiaketara aurkeztu diren hainbat ipuin jaso dituzte liburuxka batean; liburuxka Zirt Zarten eskuratu daitezke, doan.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin.

Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea. Seigarren edizioa 2023an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sarratuko geltokian L2 eta L5 konektatzea “herritarron borrokaren lorpena” dela diote basauriarrek

|

'Sarratu bai, baina honela ez' plataforma duela bi urte eratu zuten herriko elkarteek eta eragileek // Geuria

“Konponbiderik zentzuzkoenak” irabazi duela diote ‘Sarratu bai, baina honela ez’ plataformako kideek.

Hain zuzen ere, Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta modu horretan, Sarratuko geltoki berrian L2 eta L5 lineak konektatuko dituzte, basauriarrek hainbatetan egin duten eskaria.

“Basauriko herritarrok zorioneko gaude, azkenik Metroaren L2 lineak L5arekin modu naturalean eta irisgarrian konektatuko dutelako”, diote.

Basauriko auzo elkarte guztiek, Sagarrak talde ekologistak eta herriko beste gizarte eta kultur elkarteen atxikimenduarekin osatutako plataformak “zentzuzko irtenbide bat” aldarrikatu du askotan lotura horretarako, eta irtenbide hori “lortu dela” uste dute.

“Planteatutako konponbidea, zalantzarik gabe, herritarron borrokaren lorpena da, arazo horri arrazoizko irtenbide bat emateko beharra lan-mahaian jartzea lortu baitugu. Argi dago irtenbide teknikorik egon bazeudela, erabaki politiko bat hartu behar zen eta horri aurre egiteko inbertsio ekonomikoa, soilik”, diote.

Plataformatik berretsi dute, “etorkizuneko erronkei aurre egiteko mugimendu soziala eta herritarra indartzeko beharra”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Asier Iragorri: “Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea”

Eusko Jaurlaritzak metroaren L2 linearen ibilbidea aldatuko du Basaurira sartu aurretik: tunel berri bat eraikiko dute Etxebarriko irteeratik, Sarratun L2 eta L5 konektatu ahal izateko

|

Asier Iragorri Basauriko alkatea eta metroaren L2aren trazadura berria // Geuria

Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta modu horretan, Sarratuko geltoki berrian L2 eta L5 lineak konektatuko dituzte, basauriarrek hainbatetan egin duten eskaria.

“Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea. Basauriar guztiok zoriontzeko eguna da. Konexio hori ez zegoen aurreikusita hasiera batean, baina Udaletik egin dugun presioari eta bizilagunen eskariari esker, Eusko Jaurlaritzak trazadura aldatzea erabaki du”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Iragorrik adierazi duenez, Udaletik “behin eta berriz” eskatu dute konexio hori: “Era askotara egin dugu: dokumentu teknikoei alegazioak eginez, Eusko Trenbide Sarearekin eta Garraio Zuzendaritzarekin izandako elkarrizketa eta bilera ugariren bidez edota osoko bilkuran onartu zen mozio baten bidez”.

“Apirilean Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azkenean baieztatu zigun gure erreklamazioa aintzat hartuko zela eta trazadura aldatuko zutela. Bizilagunei eta gainerako alderdiei horren berri emateko irrikitan geunden, baina leialtasun eta errespetu instituzionalagatik, ezin genuen hori egin. Izan ere, gure ustez, gai horri buruzko informazioa erakunde eskudunak eman behar zuen , edo bestela, elkarrekin aldi berean”, dio Iragorrik: “Azkenean, ez da horrela izan, baina, nolanahi ere, albiste bikaina da Basaurirentzat”.

Tunel berria

Etxebarritik irtendakoan 400 metro luzerako tunel berri bat eraikiko du Eusko Jaurlaritzak, eta tunel horri esker, konboiak Sarratuko geltoki intermodalean geldituko dira, bertan L2 eta L5 lineak konektatuta egon daitezen.

Gaur egungo ibilbidea marra laranjaz dago margotuta; eta trazadura berria, tunel berriarekin, puntu gorriekin // Basauriko Udala

Gauzak horrela, L2aren ibilbidea hau izango litzateke obrak bukatu ondoren: Bolueta-Etxebarri-Sarratu (geltoki berria)-Ariz-Basauri. Eta Sarratun L5a hartu ahal izango dute erabiltzaileek Galdakao-Usansolo ospitalera modu zuzenean joan ahal izateko.

Gaur egun Etxebarritik Arizera bitarteko trazaduraren zati bat zerbitzurik gabe utziko du Jaurlaritzak tunel berria egin ostean, tunel berritik soilik igaroko baita metroa.

Etxebarrin metroa aire zabalean dago eta Basaurira tunel batetik sartzen da. Bada, tunel berria Etxebarriko tuneletik gertu eraikiko dute eta ETSk inguruan duen trenbide-multzoaren eta Sarratuko hirigintza-garapenerako erreserbatutako lurzati batzuen azpian induskatuko dute.

Sarratu-Aperribai tarteko obrak hasierako fasean daude, eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du birdiseinua bat datorrela eta ez diela epeei eragingo. Modu horretan, Metroa Galdakao erdigunera iritsiko da 2027. urtean, eta ospitalera 2029an.

Osorik irakurri