→Basauri

Gorka Idirin, suhiltzailea: «Gu laguntzera ez da inor etorriko»

Udan gertatutako suteak direla eta, Basauriko suhiltzaileen parkera hurbildu gara bertako Gorka Idirin Atutxa sarjentuarekin berba egitera. Suhiltzaileen jardunaz eta suteen aurkako protokoloaz hitz egin dugu berarekin.

Gorka Idirin Basauriko suhiltzaileen parkeko sarjentua da // Geuria

Aurtengo uda benetan beroa eta arriskutsua izan dugu, suteen mehatxuz inguratuta. Errepideetan, basoetan eta baita zeruan ere suhiltzaileak izan ditugu jo eta su, eta horietako batzuek bizitza eman dute gainontzekoena salbatu ahal izateko. Estatu mailan 245.061 hektarea erre dituzte suteek Alakanten, Zaragozan, Galizian, Valentzian… Baso suteei dagokienez 15.000 hektarea kiskali ditu suak guztira, eta estatu mailatik kanpo ere makina bat sute izan da nazioartean: Frantziako Landetako departamentuan gertatutako abuztuko suteak A-63 autobidea moztera behartu zituen suhiltzaileak, errepidea suebaki lez erabiliz egun batzuetan zehar. Hego Uribe eskualdean uztailean zehar suteak izan genituen Montefuerten, Arrigorriagan, Galdakaon eta baita Zeberion ere. Bertan izan ziren eskualdeko suhiltzaileak, kamioiarekin alde batetik bestera. Horregatik, Basauriko suhiltzaileen parkera hurbildu gara Gorka Idirin Atutxa (Zeanuri, 1983) sarjentuarekin hitz egitera. Gorkak ingeniaritza ikasketak burutu zituen duela urte batzuk, baina krisia dela eta bere enpresa kili-kolo zebilen eta suhiltzaile izateko oposizioetarako ikasten hasi zen buru-belarri, senideek eta lagunek hala animatuta.

Hamar urte daramatza suhiltzaile bezala lanean Idirinek. Urioste parkean hasi zen, Gernikatik igaro eta bertatik Basaurira salto egin zuen 2008an. Berarekin hitzordua lotzea gauza benetan zaila izan ohi da, suhiltzaileen txandak 24 ordukoak direlako. Gainera, jakitun gara edozein momentutan larrialdi egoera bat gerta daitekeela, elkarrizketa eten eta gu bertan behera utziz. Baina tira, goizeko 10:00ak dira eta kafearen ordua sakratua da Basauriko suhiltzaileentzat, antza. Kafearen orduak antzekotasuna dauka lagunen arteko hitzorduekin eta Gorkak dio suhiltzaileen inguruko bizipenak hitzordu horien protagonista nagusiak direla askotan, ezin dituela saihestu.

Irteerak egiten ez diren bitartean, suhiltzaileek ordutegiak dituzte egunean zehar jarduera jakin batzuk burutzeko. Basauriko parkeko langileak 07:50ak baino lehen hasten dira lanean eta 08:10etan irteten dira, 24 orduko txandak betez: “Txanda bakoitzeko lantaldeak egunaren nondik norako guztiak azaltzen dizkio lehen orduan hurrengo txandako taldeari”. Horren ostean, Kaboak egunean zehar egin behar diren jarduera guztiak azaltzen ditu, pertsona bakoitzaren zereginak zehaztuz: “Ibilgailu eta makinaria guztia egunero probatzen dugu suhiltzaileok”. Maniobrak 11:00etan hasi eta 14:00etan amaitzen dituzte.

Arratsaldeetan kirola egiteko denbora dute suhiltzaileek, baita bisita prebentiboak egiteko ere: “Enpresak edota ospitaleak bisitatzen ditugu”. Atsedenaz galdetzean, garrantzi izugarria duela aipatu du Basauriko parkeko sarjentuak: “Udan zehar jasan dugun bero izugarriarekin kirola ez da jarduera gomendagarria, esaterako, eta atsedena hartzea zein hidratatzea benetan beharrezkoa izan da guretzat”

Parkeen sarea

Bizkaia osoan zortzi suhiltzaile parke daude: Urioste, Basauri, Artatza, Iurreta, Gernika, Zalla, Markina eta Derio. Foru Aldundiko 2021eko memoriako datuen arabera, iaz 5.692 irteera egin zituzten Bizkaiko suhiltzaileek lurralde osoan, 2020an baino 234 gutxiago (%6,25 gutxiago, hain zuzen ere). Uriostekoa da parkerik handiena eta 2021ean 1.848 irteera egin zituen (%32). Hurrengoa Artatzakoa litzateke, 1.186 irteerarekin, eta hirugarrena Basaurikoa dugu 924 irteerarekin. Zortzi parkeak lurralde historiko osoan banatuta daude ‘isokronak’ edo denbora-erantzun kurbak ahalik eta modu orekatuenean mantentzeko helburuarekin.

Basauriko parkea Hego Uribe eskualdeko erreferentzia dugu, eta Uriostekoaren atzetik garrantzitsuenen artean kokatu beharra dago: Basauriz gainera parkeak bere gain hartzen ditu Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri eta Ugao eta irteera ugari egiten dituzte bertako suhiltzaileek Bizkaia osora, gainontzeko parkeekin elkarlanean. Parkean 8 suhiltzaile topa daitezke lanean egunero.

“Ezagutza falta handia dago gure lanbidearen inguruan”, azaldu du Basauriko parkeko sarjentuak. “Orokorrean uste dena baino irteera gehiago egiten ditugu: beste zonalde batean jarduketa potoloren bat dagoenean bertara hurbiltzen gara, eskualde horretako erreferentzia-parkeari behar besteko laguntza ematera, ibilgailu jakin batekin edo talde osoarekin, egoeraren nolakotasunaren arabera”, gehitu du Idirinek. “Lehen momentuko esku-hartzea berebizikoa da eta ez da batere arraroa gure zonaldeko lantaldeak beste eskualde batera joan behar izatea”. Suhiltzaileen sareak estalita mantentzen ditu lurraldeko herri guztiak. “Arrigorriagako industriagune batean sutea gertatuko balitz, gurea izango litzateke bertara gerturatuko litzatekeen lehen lantaldea, eta horrekin nahikoa ez balitz Urioste edo Derioko suhiltzaileen laguntza izango genuke ziurrenik”.

Gehien errepikatzen diren irteeren inguruan galdetuta “irteera txikiak” aipatzen ditu Gorkak, eta behar horietarako langile gutxiren lana behar dela azaldu digu: “Galdutako mendizale batek istripu bat izan duela, txirrindularitza istripuak, etxeko ateak zabaltzeko zailtasunak dituen nagusi batek laguntza behar duela, liztor asiarrak leku jakin batean agertu direla”. Esku-hartze horiek “aktibitate edo salbamendu-zerbitzuak” dira eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 2021eko datuen arabera 3.424 irteera egin zituzten Bizkaiko suhiltzaileek beharrizan horietarako (%60). Irteerak egiteko hurrengo kausa suteak lirateke eta esku-hartze horietarako 1.638 irteera egin zituzten zortzi parkeetako suhiltzaileek iaz (%29).

Zonaldeari dagokionez, Basauriko parkea bigarrenean kokatu behar da, eta Basauriko zein Galdakaoko irteeren %37a hartu zuen iaz, 48 eta 47 sute itzaliz. Azken hilabeteetako suteen garapena ikusita, azalpen eske joan gatzaizkio Gorkari: “Suteek boladaka funtzionatzen dute. Askotan gertatzen zaigu denbora tarte txiki batean hainbat sute gertatzea, eta horrek benetan harritzen gaitu”, azaldu du. “Baina baliteke hurrengo hilabeteetan suterik ez izatea, batek daki: eguraldiaren eta jendearen ohituren araberako kontua izan ohi da”.

Jendearen ohitura berri horiek pandemia osteko garaiak utzi dizkigunak dira suhiltzailearen arabera: “Pandemia garaian gure lana nagusien egoitzak garbitzea izan zen bereziki. Konfinamendua bukatutakoan jendeari naturara bueltatzeko gogo izugarria piztu zitzaion. Gizartean gertatzen diren aldaketa horiek eragin zuzena dute gure eguneroko lanean”

Suteen aurkako borroka

Sute baten atzean hainbat kausa egon daitezke, eta suhiltzaileari galdetuta, gure eskualdean izan ditugun gehienak ustekabekoak izan direla azaldu digu: “Ustekabekoak ez direnean susmoa agertzen da edo argi ikusten da inork nahita piztu duela, baina kasu arraroak dira gure zonaldean”. Ustekabekoak edo probokatuak izan, suhiltzaileek berdin-berdin egin behar diete aurre suteei eta protokolo jakin bat jarraitzen dute. Suteak pizten direnean, SOS Deiakek informazioa bidaltzen du suhiltzaileen Koordinazio Zentrora eta suhiltzaileen parkean alarma pizten da. “Batzuetan jendeak parkera zuzenean deitzen du telefonoz larrialdi bat gertatu dela azaltzeko, eta hori ez da bide zuzena; jendeak SOS Deiak larrialdien zerbitzura deitu behar du (112), bertako profesionalek informazioa sailkatu eta dagokionari bidaltzeko: polizia, anbulantziak, suhiltzaileak”.

Komunikazio zentrotik datorren deiak sortzen duen alarmaren doinuak berak larrialdiaren nolakotasuna adierazten du. Suhiltzaileek jasotako informazioa sailkatu eta horren arabera giza baliabideak (langile kopurua) zein baliabide materialak (kamioiak eta tresnak) prestatzen dituzte. “Larrialdi hori egunean zehar edo gaualdean izan den jakitea ere garrantzitsua da, gauean jende gehiena etxebizitzetan dagoelako”. Telefonoa hartu eta lekuan bertan pantaila handi bat dute larrialdia gertatu den kokagunearekin. Albo batean, parkeko ibilgailuen eskema praktiko bat dute, esku-hartze bakoitzak behar dituen ibilgailu mota, kopurua eta langile kopurua adieraziz.

Basauriko parkeko suhiltzaileak Zeberioko Uriondo auzoan iraila hasieran izan zen sutean // Geuria

Aurten, eta berritasun modura, prozedura berriak jarri dituzte martxan suteen esku-hartzeetarako: horien bidez, esku-hartze bakoitzaren sailkapena, pautak eta segurtasun neurriak berrikusten dira, baita Jasangarritasun sailerako eta Ingurumeneko koordinaziorako ere. 2021ean, gainera, Prozedura saileko arduradunek suteen ikerketaren esparruan formazioa jaso dute, Polizia eta Emergentzien Euskal Akademian, polizia zientifikoarekin eta SPEISeko bestelako arduradunekin batera.

Goizero txandak hasten direnean funtzio bat ezartzen dio Kaboak langile bakoitzari. “Instalazioak, erasoak, kamioien gidaritza… den-dena zehazten da esku-hartze arruntetarako, baita suteetarako ere”. Ekipamenduari dagokionez, duela urte bi arte ekipo bera erabiltzen zuten suhiltzaileek esku-hartze arruntetarako zein suteetarako: “Konturatu ginen egoera bakoitzak baliabide ezberdinak eskatzen dizkigula: esku-hartze arruntetan arintasuna berebizikoa da eta leku estuetan eroso sentitu behar da suhiltzailea”. Aldageletara jaitsi gara Gorkarekin eta bertan suhiltzaile bakoitzak leku propioa du, armairu txiki batekin. Eskegita, interbentzio txikietarako arropa malgua eta suteetarako jantzi espezifikoak bereiz daitezke, bestelako elementu askorekin: kaskoak, linternak, auto-erreskaterako gailuak, walkieak eta abar luze bat.

Lau gurpiletara korrika

Behin jantzita, aldageletatik irten eta aurrez aurre ibilgailuen hangarrean daude suhiltzaileak, eta aldageletatik gertuenen dauden lehen ibilgailu garrantzitsuak hiru dira: ur ponpa bi eta eskala edo altuera ibilgailu bat. Banan-banan aztertu ditugu kanpotik eta barrutik. Ur ponparen kamioiaren aurreko aldean gidaria eta Kaboa joan ohi dira eta atzeko aldean lau suhiltzaile, bakoitza bere ekipo autonomoarekin, eserleku bakoitzaren bizkarrean integratuta. Komunikazio Zentroak, modem baten bidez, larrialdiaren kokapena bidaltzen dio kamioiaren GPS sistemari. Hasiera batean informazioa orokorra izan ohi dela dio Gorkak, eta denborak aurrera egin ahala handitzen dutela azaldu du Basauriko parkeko sarjentuak.

Istripuetarako edota etxebizitzetako ateak zabaltzeko erreminten kamioia erabiltzen dute suhiltzaileek. Ibilgailu horretan edozein istriputan lagungarriak izan daitezkeen erremintak daude, hala nola, zizailak edo bereizgailuak, ibilgailuak zabaldu edo egonkortzeko. Hirugarren ibilgailua eskala dugu, eskailera bat duen altuerako kamioia. Suteetarako erabili ohi dute suhiltzaileek bereziki, baita erreskateak egin ahal izateko ere: “Azken batean, sarritan erreskateak errazago egin daitezke altuera batetik”, gehitu du Gorkak. Horiez gainera bestelako ibilgailuak topa daitezke Basauriko parkean: 4×4 ibilgailuak (agintarientzat edo esku-hartze txikietarako), garabiak… Bizkaiko zortzi parkeetan 101 ibilgailu daude guztira gaur egun: 65 ibilgailu astun eta 36 arin. Horiez gainera, 29 atoi daude eta parke bakoitzak ibilgailu bakoitzaren ordezkoa dauka, badaezpada ere.

Ezbeharra gertatu den lekura helduta, suhiltzaileek askotan kontuan hartzen ez den bestelako faktore batekin egiten dute topo: larrialdia dela-eta zer gertatu den ikustera gerturatu diren herritar ikusmiratzaileak: “Lekuan topatzen ditugun pertsonak askotarikoak dira eta gehienetan nahiko urduri ikusten ditugu guk egin behar dugun lana zehazki zein den ez dakitelako”, aitortu du sarjentuak. “Ezjakintasun hori dela eta, batzuetan uste dute ez garela gure lana behar bezala egiten ari: Abisua ematen digutenetik lekura heltzen garen arte denbora igarotzen da eta jendeari luze egiten zaio”.

Arazo horri beste batzuk gehitzen zaizkio, lekukoen urduritasun mailarekin jarraituz: “Urduri dauden pertsona horiei zer egingo dugun azaldu behar diegu askotan. Etxebizitza bateko ateak edo leihoak ezin ditugu berehala zabaldu ura prest ez badago, esaterako: horrek haize korronteak sor ditzake, sugarrak elikatuz. Ateak eta leihoak itxita egon behar dira suteetan, sugarrak itotzeko eta giltzak sarrailetatik kendu behar dira, posible bada suhiltzaileei emateko”. Hala ere, jendea normalean laguntzeko prest agertzen dela aitortu du suhiltzaileak, eta batzuetan ura eta janaria ematen dietela erantsi du.

Hamaika ikustekoak jai dira suhiltzaileak, irteeretan estresa eta arriskua usaintzen duten langile ausartak: “Denetarik ikusi dugu gure lanbidean, egia da hori. Baina norbaitek egin behar duen lana da”, aitortu du Idirinek. Bere lantaldeak momentu benetan latzak bizi izan dituela azaldu digu, baina lasaitasunez egoera kritiko horiei modu eraginkorrean irtenbideak bilatzean datzalas euren jarduna. “Gure atzetik ez da inor etorriko; guk ezin ditugu suhiltzaileak deitu gure bizitzak salbatzeko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak