Sareak

☉ Basauri

Bideoa / Nacho Vigalondo zine zuzendaria Basaurin izan da Yurenari buruzko telesaila grabatzen

‘Superestar’ telesailaren filmaketa egin dute gaur goizean Basauriko Taboada tabernaren ondoko kale kantoian

|

Zine-platoa bilakatu da gaur goizean Ariz auzoko Taboada tabernaren ondoko kale-kantoia. Bertan 90. hamarkadako unibertsio mediatiko espainiarrean ezaguna egin zen Yurenari buruzko  “Superestar” biopic-aren eszena solte batzuk filmatzen ari dira. Yurena aurretik Tamara eta Ambar izenez zen ezaguna santurtziarra.

Netflixen telesail berri hau “Los Javis” izeneko bikoteak ekoitzi eta Nacho Vigalondok sortutakoa da, eta sei kapitulu izango ditu. Aktoreetako batzuk Natalia de Molina, Ingrid García-Johnson edo Secun De la Rosa dira.

Dirudienez, eta grabaketa sekretupean mantendu nahi izan duten arren,  1976ko eszena bat grabatzen ari dira, Santurtziko jaien egun handia, uztailaren 16a, abiapuntutzat hartuta, estropada iragartzen duen kartela jarri baitute. Tamara, ondoren Yurema izan zena, bertan jaio zen, eta 7 urte izango zituen garai hartan.

☉ Basauri

Basaurik 2024ko Itzulia Women lasterketako bigarren etaparen irteera eta helmuga hartuko ditu

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa. Hego Uribe eskualdetik igaroko dira txirrindulariak

|

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa // Argazkia: @SprintCycling (Itzulia Women 2023)

Gaur, apirilak 23, Itzulia Women 2024 lasterketaren ibilbide ofiziala aurkeztu dute Gasteizen. Lasterketa maiatzaren 10ean hasi eta 12an bukatuko da.

Lasterketak hiru etapa izango ditu, eta bigarrena Hego Uribe eskualdetik igaroko da. Zehazki, Basauritik irten eta amaituko da bigarren etapa, maiatzaren 11n, larunbatez.

Guztira 104 kilometro egingo dituzte emakume txirrindulariek Basauri-Basauri etapan.

“Ziurrenik edizio honetako etaparik urduriena izango da. 104 kilometro izango dira, hiru mendate puntuagarri eta amaieran hainbat igoera eta jaitsiera etorriko dira, ziurrenik etapa nork irabaziko duen ebatziko dutenak”, diote Itzulia Women lasterketako arduradunek.

Lehenego etapa da Gasteiz-Elgoibar (140 kilometro, maiatzak 10) eta hirugarrena Donostia-Donostia (114,9 kilometro, maiatzak 12).

Basauri-Basauri: ibilbidea

Itzulia Women 2024 lasterketaren bigarren etapa maiatzaren 11n, larunbatez, izango da. Irteera 10:45ean izan da eta lehen txirrindulariak 13:21etik 13:39ra bitartean iritsiko dira helmugara. Oraindik zehaztu barik dago non hasi eta non bukatuko den etapa.

Basauri-Basauri bigarren etaparen ibilbidea // Itzulia Women 2024

Basauritik eta San Migeletik itzuli bat egin ostean, Arrigorriagatik, Ugaotik eta Zeberiotik igaroko dira txirrindulariak. Ondoren, Sarasola Gainara helduko dira (hirugarren mailako mendatea), eta handik Igorrera eta Lemoara egingo dute.

Lemoa atzean utzita, Usansolotik igaroko da tropela eta handik Larrabetzurantz egingo du. Bertan Aretxabalgane Gaina (hirugarren mailakoa) egingo dute, eta Gamiz-Fika barruan Urruztigaina (bigarren mailako) egingo dute.

Larrabetzutik igaroko dira berriro txirrindulariak, eta Erletxetik Galdakaorako bidea hartuko dute. Galdakaon esprint berezi bat egongomda, 81,7. kilometroan.

Eta azkenik, Galdakaotik Basaurira helduko dira. Basaurin, 90. kilometroan bigarren eta azken esprinta egingo dute txirrindulariek eta hamar kilometro ondoren bukatuko da bigarren etapa.

Basauri Kirolaren Europako Hiri da aurten, eta horren barruan hartuko du herriajk 2024ko Itzulia Women lasterketa, urte hasieran GEURIAn adierazi genuen bezala.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Alex Garcia Galas basauriarrak errekuperazio aldi “oso luzea” izango du Gurutzetako Ospitalean

Igandean bertan, Thailandiatik aberriratu zutenean, kendu zioten kaltetutako pankrea zatia Gurutzetako Ospitalean

|

Alex Garcia Galas basauriarra Gurutzetako Ospitalera iritsi zen momentuan // Argazkia: Eitb Media

Alex Garcia Galas basauriarra indarberritzen ari da Gurutzetako Ospitalean. Igandean aberriratu zuten Thailandiatik pankreatitisak jota eta egunean bertan kendu zioten kaltetutako pankrea zatia.

Zaintza Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dago eta errekuperazio aldi “oso luzea” izango duela iragarri dute Gurutzetako medikuek.

Medikuek jakinarazi dute Alex kontziente eta egoera egonkorrean dagoela, duela bi hilabetetik jasaten ari den abdomen-prozesuaren larritasunaren barruan, eta Medikuntza Intentsiboko taldearen ardurapean jarraitzen du bere tratamenduarekin.

Asteburu solidarioa

Apirilaren 27an eta 28an antolatu du asteburu solidarioa Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak, Alexen familiari laguntzeko.

Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte. Egitaraua osorik hemen.

Bilduko duten dirua Alexen familiari emango diote. Izan ere, basauriarra Thailandian ospitalean egon zen bitartean (bi hilabete) egunero 3.000 eta 4.000 euro artean gastatu zituen familiak Alexi mediku probak egiteko.

Bestetik, itsulapikoak ere jarri ditu Basozelaiko Auzo Elkarteak Basauriko saltokietan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

‘Udaberriko Kontzertuak’ ekimenak musika klasikoko sei emanaldi hartuko ditu 25. urteurrenean

|

BOSeko hari-laukotea // BOS

‘Udaberriko Kontzertuak’ programak 25 urte beteko ditu. Musika klasikoa herritar gehiagorengana hurbiltzeko asmoz sortu zuen Udalak ekimena 1998an.

Aurten sei kontzertu antolatu dituzte, eta emanaldi guztiak maiatzean zehar izango dira. Besteak beste, Eresma Guitar Duo, Lorena Ferreiro, Basauri Koral Elkartea, Ugaoko Sarea Abesbatza, Edna boskotea (Musikene), Ellas eta Puccini entzun ahal izango dituzte herritarrek.

Kontzertuak San Migeleko Taberna Nagusian eta San Migeleko elizan izango dira, “eraikin horietan sortu baitziren duela 500 urte baino gehiago Basauriko lehen udaletxea eta lehen eliza”, diote udal ordezkariek. Social Antzokian ere kontzertu bat programatu dute.

“Kontzertu-zikloaz gain, Udaberriko Kontzertuak dibulgazio-programa bat ere bada, jarduera ugari antolatzen dituena haurrentzat eta familientzat. Gainera, ahalegin berezia egiten da emakumeek konposatutako lanak ezagutarazteko, oso gutxitan entzun baitaitezke ohiko programazioetan”, diote udal arduradunek.

Haurrentzako jarduerak euskaraz izango dira Basozelai Gizarte Etxean, Pozokoetxe Kultur Etxean eta Kareaga Gizarte Etxean.

Egitaraua / Udaberriko Kontzertuak 2024

Maiatzak 3, ostirala
‘Las dos caras de la guitarra’, Eresma Guitar Duo: Eva Calvo eta Alvaro Peón
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 10, ostirala
‘Al son de la Belle Epoque’. Lorena Ferreiro (sopranoa) eta Iñaki Velasco (pianoa)
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 18, larunbata
‘Acercándonos a los clásicos’. Jose Angel Robles (zuzendaria), Esther Garcia (sopranoa), Miriam Cepeda (pianoa), Basauri Koral Elkartea, Ugaoko Sarea Abesbatza eta Cuarteto Diverdi
20:00 San Migeleko eliza

Maiatzak 24, ostirala
Edna boskotea (Musikene)
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 26, igandea
‘Ellas: mujeres compositoras del s. XIX francés’. Andrea Jimenez (soprano), Nestor Sutil (flauta) eta Marion Desjacques (arpa)
‘Puccini & Verdi’. Cuarteto de cuerda de BOS
19:00 Social Antzokia

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ibai Magdaleno Basauriko Javi Conde klubeko atleta Munduko Virtus txapelduna da

|

Ibai Magdaleno podiumean // Javi Conde Kluba

Ibai Magdaleno Basauriko Bertako-Javi Conde Klub Paralinpikoko atleta Munduko Virtus txapelduna da 10 kilometroko lasterketan.

Txapelketa Kazakhstaneko Almaty hirian (Asia) jokatu da pasa den asteburuan. “Lehiaketa zirkuitu bihurgunetsu batean egin da, 700 metrotik gorako altueran, eta zaila izan da proba egitea”, adierazi dute Javi Conde klubeko ordezkariek.

Magdalenok 33 minutu eta 15 segunduan egin zuen 10 kilometroko proba, eta mendean hartu zituen Daniel Bosy poloniarra eta Victor Karadzhov bulgariarra.

“Denboraldi bikaina egin du Ibaik. Laredon 10 kilometroko ibilbideko lasterketan errekorra egin zuen (33’05”) eta Reimseko (Frantzia) munduko txapelketetan pista estaliko 3.000 metroetako proban laugarren postuan bukatu zuen”, diote.

Magdalenoz gain, Javi Conde klubeko Raul Martinez atletak Maratoi Erdian parte hartu zuen Almaty Munduko Txapelketan eta laugarren bukatu zuen.

“Datorren astean, Ibaik eta Raulek gainerako taldekideekin batera lehiatuko dira FEDDI Espainiako Txapelketan, Valentzian”, diote Javi Conde klubetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Lau greba egun deitu dituzte Basauriko Grafo enpresan, “hitzarmen duin baten alde”

|

Basauriko Grafo enpresako langileek mobilizazioak hasi dituzte berriro, “hitzarmen duin bat lortu arte”. Gaur, apirilak 22, elkarretaratzea egin dute enpresa atarian, eta apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 22an eta 23an greba egunak deitu dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.

“Grafo sektoreko enpresa erreferentea da eta hortara gatoz: exijitzera Cebek patronalari zein sektoreko enpresei behingoz negoziazio erreal bat eraman dezatela aurrera”, adierazi dio GEURIAri Mikel Etxebarria ELA sindikatuko ordezkariak.

Pasa den ostegunean, apirilaren 18an, lau sindikatuek bilera izan zuten Cebek patronalarekin eta lau greba egunen berri eman zieten: “Egia esan bilera tamalgarria izan zen. Nahiz eta lau sindikatuok greba egunak deitu eta publiko egin, patronala etorri zen proposamen berririk gabe”, dio Etxebarriak.

“Patronalak aukera zuen grebak ekiditeko eta benetako negoziazioa aurrera eramateko, baina ez du jarrera hori izan”, dio Etxebarriak: “Ikusten dugu nola sektoreko patronalak negoziaketak blokeatzen dituela eta mobilizio eta greba egun hauekin jarraitzea erabaki dugu”.

“Negoziatzeko prest”

2023an hasi zen mahai negoziatzailea biltzen hitzarmena berritzeko asmoz, baina, “hamaika bilera eta gero”, patronalaren aldetik emaitzak ez dituztela ikusi salatu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek.

“Gogoratu behar dugu patronalak nahi dituen aldarrikapenak suposatzen dituela murrizketa desberdinak langileei; besteak beste, ez du bermatzen soldata igoera duinik. Gainera, eskatzen ditugun beste edukiei ere ezetza eman die patronalak”, dio Etxebarriak.

Lau sindikatuek adierazi dute “negoziatzeko prest” daudela: “Baina horretarako benetako patronal bat eta benetako negoziazio boluntario bat behar dugu, eta ez Cebek moduko patronal hau, negoziaketa blokeatzen duena”, dio Etxebarriak.

Aste honetan asanbladak deituko dituzte lau sindikatuek langileekin: “Asanblada hauek gakoa izango dira, datorren astean hasiko ditugun greba egunen atarian”.

Osorik irakurri