→Basauri

Basauriko trenbide-pasabideei “behin betiko irtenbidea” ematea eskatu du Elkarrekin Podemosek

Urbiko trenbide-pasabidea // Geuria

Metroaren 5. Lineak zalantzak pizten jarraitzen du herritarren artean. Oraingoan Elkarrekin Podemos-IUk bere zalantzak publiko egin ditu: “Metroaren 5. Linea izango dugu, baina zer gertatuko da merkantzien trafikoarekin?”. Urrian hasiko dituzte lanak Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta bost geltoki berri eraikiko dituzte: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea.

Basauriri dagokionez, Arizko egungo Euskotreneko geltokia desagertu eta Sarratura eramango dute. Aldaketa horrek bidaiariei soilik eragingo die; merkantziek bertatik igarotzen jarraituko dute, eta hori da alderdi moreari kezkatzen diona: “Proiektu hau bidaiarientzat baino ez da aurreikusten. Usansolotik Arizerako tartea merkantzien garraio-linea gisa mantentzen da, horrek dakarren soinu-kutsadura guztiarekin. Basurtutik Arizera doazen merkantzia-lineak, AcelorMittaleko adarra eta Arizeko merkantzien trenbide-multzoa ez daude egin beharreko obretan sartuta”. 

“Apirilean amaitzen da Arizko trenbide-azpiegiturak berrantolatzeko eta integratzeko azterlana entregatzeko epea, azken urteotan txostena hainbat aldiz atzeratu ondoren. Gure ustez, abian diren proiektu eta azterketez gain, behin betiko irtenbidea eman behar zaie Kareaga Behekoa, Ariz eta Urbiko trenbide-pasabideetako puntu beltzei, baita Arizko trenbide-multzoa birkokatzeari ere”, diote Elkarrekin Podemoseko ordezkariek: “ETSren azterlanen arabera, merkantzia-linea gisa Eusko Trenbide Sarearen Ariz eta Usansolo arteko tartea mantentzearekin batera, oztopo-pasabideak kendu behar dira, arriskutsuak direlako; gainera, Basauri herrirako sarbide nagusietako bat da, eta zarata sortzen du”.

Beste alde batetik, Ariz eta Basauriko Metro geltokietatik Galdakao-Usansoloko Ospitalera konexio zuzenik ez dagoela deitoratu du alderdi moreak: “Bi tren-aldaketa egin beharko ditugu ospaitalera joateko. Gure iritziz, koordinazio eta plangintza faltagatik sortu da hori”, diote Elkarrekin Podemos-IUtik. Gainera, Sarratuko geltoki berriaren ingurua, autobus-lineekiko konexioa, disuasio-aparkalekuak, bizikleten aparkalekuak geltoki berrira sartzea eta energia aurreztea bezalako gaiak zehaztu gabe daudela adierazi du Elkarrekin Podemos- IUk.

Bideoa | Metroa, Euskotren eta Ospitalea lotuta geratuko dira Sarratuko geltoki berrian, Basaurin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak