Pablo Carmona Pascual idazle eta historian doktoreak La democracia de propietarios. Fondos de inversión, rentismo popular y lucha por la vivienda liburuaren aurkezpena egingo du Basauriko Txarraska Gaztetxean. Batu Elkarlaguntza Sareak antolatuta, otsailaren 3an egongo da aukera lana ezagutzeko eta autorearen hizketaldia entzuteko: ekitaldia 18:30ean hasiko da, eta ondoren, otordua egongo da bertaratzen direnentzako.
Carmonak Elkarlaguntza Sareak oso hurbiletik jarraitzen duen gaiari buruz jardungo du ostiraleko hitzaldian: etxe kaleratzeak. 2022an argitaratutako liburuak, hain zuzen, Espainiako etxebizitzen jabetza sistemaren “kartografia” egiten du eta 2013tik hona martxan dagoen “higiezinen zikloaren” analisiarekin bateratu.
Aktore berrien agerpenak (funts putreak, SOCIMIak zein SAREBak) baldintzatutako testuingurua kontutan hartuta, idazleak askotan alboratuta gelditzen den “jabedunen demokraziaz” hitz egingo du. “Zer eragin politiko du errentadun klase berri horrek? Zer eginkizun izan behar dute etxebizitza-politika publikoek? Eta, batez ere, zein posizio izan behar dute etxebizitza duinaren aldeko borroka-mugimenduek paisaia ekonomiko eta politiko konplexu horretan?” dira liburuan eta hitzaldian planteatuko diren galderetako batzuk.
Pablo Carmona Pascual
Carmonak berak oso hurbiletik ezagutzen ditu gai horiek. Historialaria Vallekas auzoko hainbat mugimendu sozialetan dabil lanean, Plataforma de Afectados por la Hipoteca taldean kasu. 2015 eta 2019 urteen artean Madrilgo zinegotzi izan ondoren, gainera, Traficantes de Sueños proiektu politikoaren parte da, egun. Urteotan kaleratu dituen lanen artean daude Transiciones. De la asamblea obrera a la era del pacto social (FAL, 2005) zein (kidetzan) Familia, raza y nación en tiempos de postfascismo (Traficantes de Sueños, 2020).
