Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

2023ko aurrekontua onartu du Basaurik gobernu taldearen babesagaz

Basauriko Udalak argi berdea eman dio 59 milioi euroko eta 3,1 milioi euroko inbertsiodun 2023ko aurrekontu “itxaropentsuari”

|

Herritarrak, Basauriko Resurrección Maria Azkue kalean // Geuria

Basauriko Udalak argi berdea eman dio 59 milioi euroko eta 3,1 milioi euroko inbertsiodun 2023ko aurrekontu “itxaropentsuari” EAJ eta PSEren aldeko eta EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren aurkako botoekin.

Iazko abenduaren hasieran aurreratu bezala, Basauriko Udalak 59 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an, aurten baino 3 milioi gehiago (%5,2 gehiago). Azken 12 urteetako aurrekonturik handiena izango da aurtengoa, Asier Iragorri alkateak adierazi duenez eta 8,4 milioi euro bideratuko dituzte Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetara, “Azken hamarkadako gasturik handiena”. Udal ordezkarien arabera, aurrekontu igoera horri esker Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzura bideratuko baliabide ekonomikoak handituko direla aurreratu dute.

Iazko inbertsioak 2 milioi eurokoak izan ziren eta aurtengoak, 3,1 milioi eurokoak (%57ko igoera). “Udala egoera egokian dago urratsak egiteko gizarte-, ekonomia- eta hirigintza-alorretan, gizarte-gaietan azken hamabi urteetako gastu handiena (8,4 milioi euro) izango duen aurrekontu bati esker, handitu egingo dituena”, izan dira Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzak joan den abenduaren 29an egindako osoko bilkuran. “Basauriko herritarren bizi-kalitatea helburu du aurtengo programak: hala nola gizarte-zerbitzu, enplegu edo adineko pertsonentzako zerbitzuak, ekintzak eta obrak eskainiz”, nabarmendu du herriko alkateak.

Adinekoak, Soloarten // Geuria

Adinekoak, enplegua eta ongizatea

Aurtengo aurrekontuaren ardatzak adinekoak, enplegua eta komunitatearen ongizatea ditugu. Adineko pertsonei zuzendutako arloan aurrekontua 3,3 milioi eurokoa izango da, iaz baino 400.000 euro gehiago: “Adinekoen  arloan erabiliko diren baliabide ekonomiko handiagoei esker, adindunen bakardadearen aurkako BBK Behari egitasmoa jarriko da martxan  udalerrian, jada eginiko proba pilotuaren arrakastaren ondoren”, azaldu dute udal ordezkariek.

Enpleguaren esparruan 2022ko 1.589.000 eurotik 1.735.000 eurora igo du gobernu taldeak (%9,2). “Jarduera ekonomikoa indartzea xede duen gehikuntza horri, gehitu egin behar zaio Merkataritza eta Ekonomia Sustapena kapitulukoa, % 4,2 ere handituko dena, 503.000 eurora heldu arte”, gehitu du alkateak.

Komunitatearen ongizatean 9 milioi euroko inbertsioa egin du gobernu taldeak, 2022an baino 700.000 euro gehiago (%7,9): “Herritar guztientzako oinarrizko zerbitzuak dira: hondakinen bilketa eta tratamendua, argiteria publikoa, edateko uraren etxeko hornidura, estolderia eta bide-garbiketa”, azpimarratu du Iragorrik.

Inbertsioen esparruan %57ko hazkundea egon dela azaldu dute Udaletik, hurrengo diru partidak goraipatuz:

– Artunduagako kirol-instalazioetarako inbertsioak: 535.000 euro

– Futbol zelaiaren ondoko Basozelai parke eta gimnasia guneko instalazioen estaldura: 450.000 euro

– San Migel Mendebaldeko igogailua: 400.000 euro

– Argiteria publikoaren inguruko hobekuntzak Kareagan, Basozelain, Kanda Landaburuko maldan…: 385.000 euro

– Kalistenia gunea San Migelen: 40.000 euro

– Ikastetxeak hobetzeko inbertsioa: 150.000 euro

Bestalde, aurrekontu parte-hartzaileetarako 400.000 euroko partida bideratuko du Udalak. Herritarrek proposatutako lau proiektu aukeratu eta bakoitzari 100.000 euro bideratu dizkiote: leku ilunetan argiteria hobetzeko, eserlekudun eremu estaliak eraikitzea, udalerriko espaloiak egokitu eta 0 kotara jaistea eta errepideak asfaltatzea.

A8 autobiako sarbidea, asfaltatu beharrekoa // Geuria

“Kontinuismoa”, mintzagai

Oposizioaren arabera, gobernu taldeak aurkeztutako udal aurrekontuak “kontinuistak” dira eta hitz hori behin baino gehiagotan agertu da aurrekontuaren inguruko eztabaidan. Oposizioak 71 emendakin aurkeztu zituen aurtengo aurrekontuei begira eta gobernu taldeak ez du horietako bat ere onartu.

EH Bilduren arabera, gobernu taldeak aurrekontuaren inguruan “eztabaidatzeko asmorik ez dagoela dirudiela”, azaldu du Exabier Arrieta bozeramaileak. “Gobernu taldeak ez dauka aurrekontuaren xehetasunak azaltzeko hasierako iniziatibarik”, gehitu du. “Gazterian, ingurugiroan, ekintza sozialean… esparru guztietan zuzenketak aurkeztu ditugu herritarrei bizitza kalitatea hobetzeko helburu, baina ez omen dugu asmatu. 2021ean zuzenketa bakarra onartu zeniguten, aurrekontu osoaren %0,018ko balioduna. Horixe da kontinuismoa”.

Horrez gain, aurrekontu parte-hartzaileen aldeko jarrera agertu dute EH Bildutik: “400.000 euro bideratzea oso ondo dago, baina Elkarrekin Podemosek EH Bildurekin transakzionatutako zuzenketa bat aurkeztu zuen aurretik. Bertan, aurrekontu parte-hartzaileak aktibatzea planteatzen zen diru jakin batekin eta gobernu taldeak atzera bota zuen proposamena”, azaldu du Exabierrek.

Bestalde, diru partida jakin batzuetan “desoreka” atzeman dutela adierazi dute EH Bildu alderditik: “Aurrekontuaren arabera 1.8 milioi euro bideratuko dira adinekoen laguntzarako. Gazteriari, ordea, 363.000 euro bideratuko zaizkio, eta horietatik 157.000 euro bideratuko dira presidentziarako publizitate eta propagandarako eta idazkaritzarako publizitate eta propagandarako izango dira. Emaitza hori konfidantza faltari edo zentzu txarrean gehiegizko kalkulu batengatik izango zen”, egotzi diote gobernu taldearen planteamenduari EH Bildutik.

“Aurrekontuaren inguruko Legealdi honen azken eztabaida dugu honako hau, kontinuismoak gidatutakoa”azaldu du Elkarrekin Podemoseko Marian Cantero bozeramaileak. “Kontinuismoa diogunean gobernu taldeak politika egiteko moduarekin alderatzen dugu: ez dago elkarrizketarik; ez alderdi politikoekin ezta talde sozialekin ere”, azpimarratu du Canterok eta oposiziotik aurkeztutako 71 zuzenketetatik Elkarrekin Podemos alderditik aurkeztutako 32 zuzenketetatik “gobernu taldeak bat bera ere onartu ez duela” kexatu da.

“59 milioi euroko aurrekontua onartuko dugu eta gobernu taldeak ez du asmorik izan oposizioarekin negoziazioak egiteko. Horixe da kontinuismoa” azpimarratu du Elkarrekin Podemosekoak. Jarraikortasun hori “hausteko” gobernu taldeak aldaketa sozialaren aldeko apustu egin beharko lukeela iradoki du “kudeaketa publikoan arriskatuz”.

“Nire ustez, kritika horiek aitzakiak dira zuen zuzenketak justifikatzeko ez baitute oinarri handirik”, argudiatu du Iragorrik. “Lerro gutxi batzuetan aurrekontuarekiko kritika oso lausoak eta orokorrak dira, aurrekontua ez babesteko pisuzko arrazoi bat sakondu edo zuzendu gabe”.

☉ Basauri

Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian

|

Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz  eta fake news fenomenoaren inguruan.

Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea zabalik dago jada Basaurin!

|

Olentzero eta Mari Domingi Basaurin daude jada! Gaur bertan euren etxea zabaldu dute eta eurekin zuzenean berba egiteko aukera izan dugu!

Etxea Antonio Fernandez kaleko 17. zenbakian dago eta zabalik egongo da abenduaren 2tik 23ra bitartean, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era, eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 15:00etara.

“Urtero bezala, Basauri Merkatarien Elkarteak gune magiko bat sortu du txikienek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak pertsonalki eman ahal izateko”, diote Merkatari Elkarteko ordezkariek.

GEURIAn Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko gabon gutunak ditugu eskuragarri:

JAITSI | Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko gabon gutunak!

Gutunak entregatzeaz gain, txikiei zuzendutako ipuin kontalaria izango da abenduaren 26an eta 27an Olentzeroren eta Mari Domingiren etxean.

Jose Feijoo Basauri Merkatari Elkarteko presidenteak giltzak eman dizkie gaur arratsaldean Olentzerori eta Mari Domingiri // Geuria

Bi egunetan bi emanaldi antolatuko dituzte: lehenengo emanaldia 17:30ean izango da eta 3 eta 5 urte bitartekoentzat egongo da zuzenduta, eta bigarren emanaldia 18:30ean hasiko da, 6 urtetik gorako umeentzat.

Selfieak eta zozketa

Olentzeroren eta Mari Domingiren Basauriko etxea bisituko duenak oparia jasoko du.

Basauri Merkatari Elkartetik diotenez, abenduaren 2tik 23ra bitartean etxea bisitatu eta bertan selfie bat aterako duenak eta Instagramen edo Facebooken argitaratuko duenak, @basauricomercio etiketatuta, Social Antzokiara joateko zinemarako bi sarrera lortuko ditu opari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek euren lan-baldintzak “okertu” direla salatu dute

|

Azaroaren 28an osoko bilkura hasi aurretik elkarretaratzea egin zuten udal erikinetako garbitzaileek udaletxe aurrean // Geuria

Gehiegizko lanaldiak, nominen atzeratzea eta ez ordaintzea, aurretik hitzartutako soldata-hobekuntzak ez aplikatzea, langileen legezko ordezkaritzari informaziorik ez ematea edota laneko materialetan akatsak izatea salatu dute Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek.

“Basauriko Udalaren eraikin eta lokalen garbiketa-zerbitzua OHL-UTE Basauriko Eraikinak Garbi enpresari esleitu zaionetik, 2024an bertan, zerbitzu horiek ematen dituzten langileek lan-baldintzen okertze sistematikoa eta lan-eskubideen atzerakada jasaten ari dira”, salatu dute sindikatuek.

Hain zuzen ere, langileen batzordeak eta LAB, ELA eta ESK sindikatuek hilabeteak daramatzate esleipena duen enpresa berriak egindako “ez-betetze larriak” salatzen.

“Enpresaren jarrera eta Basauriko Udalaren inplikazio falta ikusita, elkarretaratzeak egin genituen azaroaren 27an eta 28an udaletxearen aurrean. Horrela, langileek enpresaren jarrera onartezinaren aurrean gogaituta daudela adierazi dute, eta Basauriko Udalari azpikontratatutako zerbitzuak betetzen direla eta horiek ahalbidetzen dituztenen lan-eskubideak errespetatzen direla zaintzeko duen betebeharra bete dezala exijitu diote”, adierazi dute sindikatuetatik.

Elkarretareatzeak egingo dituzte asteazkenero udaletxe aurrean. “Honako egoera hau —beren negozioaren errentagarritasuna emandako zerbitzuen gainetik lehenesten duten enpresekiko azpikontratazioen bidez arlo publikoa kudeatzearen ondorio zuzena—, ez du langileengan eragin negatiboa soilik, baizik eta eskoletan, kiroldegietan eta beste udal-eraikin batzuetan ematen den zerbitzuetan ere”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Javi Conde klubak Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du

|

Raul Martinez eta Angela de Miguel (biak zuriz jantzita) txapeldun izan ziren kategoria nagusian // Argazkiak: Gotzon Garcia

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoak adimen-urritasuna duten atletentzako Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du.

Txapelketa azaroaren 30ean, larunbatez, izan zen San Migeleko Lapatzako zirkuituan. Atletek Kirol Trebetasunak, Egokitua, Lehiaketa eta Errelebo Mistoen proba berrian kategorietan hartu zuten parte.

Klub basauriarrak urrezko zortzi domina, zilarrezko lau eta brontzesko bost domina irabazi zituen. Kategoria nagusian, Angela de Miguel eta Raul Martinez izan ziren txapeldunak.

Sailkapen orokorrean Kantabriako ACDE kluba bigarren izan zen urrezko bi dominekin eta brontzesko batekin, eta hirugarren sailkatu zen Puertollanoko kluba urrezko domina bakarrarekin eta zilarrezko hirurekin.

“Proba honekin, Bertako Javi Conde klubak amaiera eman dio 2024ko denboraldiari, pistan zein krosean lortutako hiru garaipenekin”, adierazi dute klubeko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Udalak adierazi du “berdintasunerako politika berriak ezartzeko eta hobetzeko bidean” jarraitzen duela

|

Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotzia eta Asier Iragorri // Artxiboko irudia, Geuria

Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak herriko berdintasun politiketan “atzerapauso nabarmenak” eman izana egotzi diote Basauriko Udalari.

Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziaren arabera, Basauriko Udalak beharrezko politika horietako “asko” garatu ditu, eta politika horiek “hobetzeko eta berriak ezartzeko” bidean jarraitzen duela zehaztu zuen. “Horregatik ezin dut bat egin osoko bilkura honetan Udal honetako berdintasun-politika publikoei buruz esan denarekin: politika horiek geldirik daudela edo atzera egin dutela, edo baliabideak inoiz iristen ez direla”, esan zuen Cadavalek.

Ildo horretan, adibide batzuk eman zituen Cadavalek: “2021az geroztik, % 30 igo dira modu zuzenean berdintasun-politika publikoak; azken bi urteetan, hezkuntzaren arloko bi proiektu berri jarri ditugu abian: batetik, eskola-patioak eraldatzeko proiektua, eta, bestetik, Behin eta Berriro ekimena, indarkeria matxistarekin lotutako edukiak metodologia berritzaile batekin lantzeko gune egonkorra; Azaroak 25 plaza izendatu dugu, feminismoaren aldarrikapenetarako espazio publikoaren konkista bezala; eta jai-inguruetan eraso matxistei erantzuteko protokolo eraginkor bat lantzea lortu dugu”.

“Badakit berdintasunerako politika publikoak nahiko genukeena baino motelago doazela. Baina ez Udal honetan bakarrik, munduan baizik. Eta berdintasun-politika publikoak beharrezkoak ditugu, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-testuinguru onartezinean bizi garelako”, adierazi zuen Cadavalek.

Langileak kontratatzea

Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak zenbait galdera egin zituen azaroko osoko bilkuran, besteak beste, emakumeen memoria historikoari edo berdintasun arloan langileak kontratatzeari buruzkoak.

Emakumeok Bat eta Basauriko Mugimendu Feministako kideak azaroko osoko bilkuran // Geuria

Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeari dagokionez, Cadavalek adierazi zuen Emakumeen Aztarnen Mapa prestatzeko proiektua aurreikusita dagoela: “Asmoa da proiektu horri ekin ahal izatea plakak eta aztarnak dauden kokaleku guztiak aztertu ondoren, eta mapaketa horretan sartuko genituzke 2022an eta 2023an hainbat eraikin publikotan jarri genituen M8ko horma-irudiak ere”.

Era berean, indarkeria matxistaren biktima eta bizirik atera diren emakumeen memoriala osatzeko proiektuaz berba egin zuen Cadavalek: “Memorialean zer esaldi jarri erabaki gabe daukagu. Berdintasun Kontseiluan erabakiko dugu hori. Eta hori behin erabakita, espazio hori amaitutzat emango dugu”.

Bestetik, Indarkeria Matxistari aurre egiteko bigarren tokiko Planak eta Berdintasunerako lehen Barne Planak ezartzeko “langilerik ez” dagoela salatu zuten emakumeen taldeek, eta Berdintasun Arloak administraririk ez duela ere azpimarratu zuten.

Zentzu horretan, aurtengo ekaineko osoko bilkuran, bi lanpostu sortzea onartu zela gogorarazi zuen Cadavalek: “Lanpostu horiek Berdintasun arloa kokatuta dagoen Gizarte Politikako arlora bideratuta daude. Lanpostu horietako bat bete da jada, baina bestea falta da, eta, hain zuzen ere, ahalik eta epe laburrenean egin behar da”. Administrariari dagokionez, Berdintasun arloan beste langile bat egon dadin prozesu-administratiboa hasi du Udalak.

Halaber, Indarkeria Matxistaren Biktimak Artatzeko Erakunde arteko Protokoloaren garapenean, prozesuan ez dituztela kontuan hartu ez Mugimendu Feminista ez Berdintasun Kontseilua salatu zuten Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak.

“Protokoloari dagokionez, Berdintasun Kontseilua osatzen duten hainbat elkartek parte hartu dute azken hilabeteetan protokolo hori aurkezteko saioetan, eta oraindik bilera batzuk egiteke daude. Gainera, duela gutxi, protokoloaren laburpena bidali zaie arlo guztietako Basauriko elkarte guztiei”, esan zuen Cadavalek.

Berdintasun Kontseiluak Basaurin 20 urte baino gehiago daramala lanean azpimarratu zuen Cadavalek: “Parte hartzeko oso gune baliotsua dela uste dugu eta bere parte hartzearekin kontatzen jarraituko dugu”.

Obrak Marienean

Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalek “arazo estrukturalak” dituztela ere salatu zuten emakumeek. Zehazki, Marienean itoginak daudela eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik elkarteak dauden lokaletan berogailuekin arazoak daudela adierazi zuten.

Ildo horretan, Isabel Cadaval zinegotziak jakinarazi zuen, Marieneako estalkia iragazgaizteko “proiektu integral bat” daukala Udalak esku artean: “Proiektua nahiko handia da, eta aurreikuspena da 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran hastea lanak”, adierazi zuen Cadavalek.

Hala ere, konponketa integral hori iritsi arte, Udal Brigada “esku hartze espezifikoak” egiten ari dela zehaztu zuen. “Proiektua mahai gainean dago, eta, jakina, ahalik eta lasterren ekin beharreko obra da”, esan zuen Cadavalek.

“Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalei dagokienez, arazoak daude berokuntza-sisteman. Joan den neguan gorabehera dezente izan ziren, eta hainbat aldiz jardun zen. Aurten, berogailuak piztuta, egiaztatu da ez dabiltzala ondo. Jarraipen espezifikoagoa eta intentsiboagoa egiten ari dira, zerbitzu teknikoek egoki iritziz gero ordezkapen bat egin behar den ikusteko”, adierazi zuen Cadavalek.

Amaitzeko, Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak bilera eskatu zuen Asier Iragorri alkatearekin eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin. Azaroko osoko bilkuran Iragorrik adierazi zuen batzarra izateko arazorik ez duela eta egingo dutela.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna