Udalerriko bizilagunen eskubide sozialak eta ongizatea bermatzeko konpromisoa izanik, Basauriko Udaleko Gizarte Politikako Sailak aholkularitza juridiko-sozialeko udal zerbitzu bat jarri du abian gure udalerrian bizi diren eta beren administrazio egoerari buruzko informazioa behar duten atzerritarrei zuzendua. Zerbitzua doakoa izango da, eta arloan esperientzia zabala duen eta jardunean ari den abokatu kolegiatu batek emango du, Aholku-Atzerritartasunaren alorreko doako euskal zerbitzu juridikoarekin koordinatuta.
Zerbitzu berri horren helburua da udal zerbitzuei laguntzea, estatuko egoiliarrak izanik beren administrazio egoeragatik gizarte bazterketako arrisku egoera larrian dauden edo gizarte zaurgarritasun argia duten atzerritarrei berme handiagoz arreta eskaini ahal izateko. “Immigranteei soilik arreta ematea atzerritarrek soilik dituzten eskubide eta betebehar jakin batzuk betearazteko dokumentazioa behar izatea konpentsatzeko ahaleginari zor zaio; gainera, garrantzia handia du gizarteratu daitezen”, azaldu du Maria Larrinagak, Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotziak: “Gizarteratzeko prozesua gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da egoitza edo lana izateko baimena lortzeko aukera izatea, familia biltzeko eskubidea baliatzea eta aldi baterako egoitza iraunkor bihurtzea”.
Benetako integrazioa errazteko eta gerta litezkeen bazterketa egoerak saihesteko, Udalaren aholkularitza zerbitzu berriak orientazio juridiko-soziala eskainiko die hori behar duten atzerritarrei beren administrazio egoerarekin lotuta; gainera, beste baliabide juridiko batzuk eskuratzeko aukera ere erraztuko die (AAJZra, Ofiziozko Txandara, Orientazio Juridikoko Zerbitzura eta abarretara bideratzea).
Halaber, orientazio juridikoa emango die pertsona edo erakunde ekintzaile atzerritarrei, baldin eta kontratazioen xehetasunen berri izan nahi badute. Udal zerbitzuei laguntzea izango da zerbitzu berriaren beste funtzioetako bat, berme handiagoz artatu ahal izan ditzaten beren administrazio egoera konpondu nahi duten atzerritar immigranteak.

Basauriko Udala / Geuria
ASTEAN BEHIN ETA INTERPRETAZIO ZERBITZUAREKIN. Udal zerbitzua eskainiko duen abokatuak astean behin goizez jasoko ditu kontsultak, Gizarte Zerbitzuen bulegoetan (Bidarte kalea 10). Zerbitzuan kontsulta egin nahi dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bitartez eskatu dezakete hitzordua. Era berean, Gizarte Zerbitzuetatik eta beste udal sail batzuetatik bideratutako pertsonak artatuko dira, baita udalerriko erakunde publiko eta sozialetatik bideratutakoak ere, Immigrazio Sailaren bitartez.
Arreta pertsona bakoitzak aukeratutako hizkuntzan eman dadin, interpretazio zerbitzua ere badago, eta hitzordua zehazteko unean eskatu beharko da.
Udalak informazio gutun bat bidaliko die udalerrian bizi diren eta beren administrazio egoeragatik aholkularitza behar duten edo behar izan dezaketen 18 urtetik gorako atzerritarrei. Zerbitzu berri hori gehitu egingo zaie Basauriko Udala azken hilotan Udalaren Gizarte Zerbitzuetan egiten ari den prestazioen hobekuntza eta areagotzeei; besteak beste, adinekoei arreta emateko zerbitzua hobetu da, Gizarte Zerbitzuetako zenbait izapide Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) egiteko aukera ematen baita (arratsaldez) eta langile gehiago jarri baitira zerbitzu horretara joandako adineko edo senideei arreta emateko. Era berean, arreta hobea emateko asmoz doako telefono bat gaitu da: 900 840 895.
