Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Basauriko herritarren hamarretik zazpik ez du hilabete bukaerara heltzeko arazorik, Hiri Behatokiaren arabera

400 inkesta egin dituzte, abenduaren 16tik 20ra, eta herritarrek zazpitik gorako nota eman diete batazbeste Udalak eskaintzen dituen zerbitzuei

|

Hiri Behatokia urtero argitaratzen da // Geuria

Basauriko Udalak urtean behin langa jartzen dio bere buruari, eta Hiri Behatokia deritzona argitaratzen du, udalerriko biztanleriaren kezkak eta nahiak ezagutzeko asmoz. Aurtengo azterketan 400 elkarrizketa egin dituzte, abenduaren 16tik 20ra, eta emaitzak, oro har, oso positiboak izan dira: herritarrek zazpiztik gorako nota eman diote Udalak eskaintzen dituen zerbitzu gehienei, eta udalerriari berari, bizitoki moduan, ia zortzikoa, 7,81koa, hurrenez hurren. Modu berean, ia hamar biztanletik zazpik udalerriak azken urteetan hobera egin duela uste dute.

Zerbitzuetan bale, aparkalekuetan kale

Zerbitzu horien artean, balorazio positiboena jaso dutenak hondakinen bilketa eta birziklapena, kaleen garbiketa eta zerbitzuak (kirola, kultura, gizarte ekintza) dira.  Beste aldean kalean aparkatzeko erraztasuna dago, 3,67ko notarekin.

Herritarrek nabarmentzen dituzten beste aldagai batzuen artean berdeguneak, metroa, igogailu eta eskailera mekanikoak daude. Alde negatiboan, aparkalekuak eta txakur solteak kokatzen dira. Aparlekua azterketa honen infrentzu gisa agertzen da etengabe, udalerriko arazo nagusi moduan bizi baitute herritarrek, aldapekin batera.

Arlo sozioekonomikoari dagokionez, inkesta bete dutenen artean, % 76,5ak esan du ez duela hilabete bukaerara heltzeko arazorik. %20,8ak kontrakoa adierazi duen bitartean.  

Udal alderdi eta ordezkariez galdetuta, 6tik gorako nota jaso dute. EAJ buru da arlo honetan, EH Bildu, PSE, eta Elkarrekin Podemos atzetik dituela, hurrenkera horretan. Bostaren langa gainditzen ez duen alderdi bakarra alderdi popularra da. Politikarien artean Asier Iragorri alkateak jasotzen du babes handien, ia zazpira heltzen delarik (6,99).

☉ Basauri

Basauriko Babes Zibilak material bilketa hasi du Valentziara eramateko

|

Azaroaren 12an joango dira boluntarioak eta egun hauetan material bilketa egingo dute Basaurin eta San Migelen // Unai Etxebarriak bidalitako argazkia

Basauriko Babes Zibileko boluntarioak Valentziara joango dira azaroaren 12an. Zehazki, Moncadara joango dira eta bertan laguntzeko material bilketa egiten ari dira.

Palak, aitzurrak, erratz handiak, zabor-poltsa handiak, lixiba eta eskularruak soilik batuko dituzte, eta Basauriko Udalak herritarrei deia egin die materiala biltzen laguntzeko. Bilketa honako leku eta ordutegi hauetan egingo dute:

  • Arizgoitiko plaza. Astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara
  • Hernan Cortes plaza (San Migel). Ostiralean, 17:00etatik 20:00etara
  • Babes Zibilaren lokala (Udaltzaingoaren ondoan). Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara.

“Euskadiko erakundeak modu koordinatuan ari dira lanean, herritarrek agertutako elkartasuna ahalik eta modu antolatu eta eraginkorrenean bidertzeko”, diote udal ordezkariek: “Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartea etengabe daude harremanetan Valentziako Generalitatarekin, Danak sortutako egoerari aurre egiteko behar dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak zeintzuk diren jakiteko. Euskal erakundeek beharrizan zehatzen jakinarazpen ofizial hori jasotzen dutenean, protokolo bat ezarriko da, eskatutako materialak biltzeko”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Unai Etxebarria: «Valentzian etsipena, abandonua eta gobernuen utzikeria topatu ditugu»

|

Unai Etxebarria basauriarra Laudioko eta inguruetako talde boluntario batekin izan da asteburuan Valentzian // Unai Etxebarria

Valentziako hondamendia gertatu eta elkartasun uholdea izan da nagusi. Herritar boluntario asko laguntzeko prest agertu dira. Horietako bat Unai Etxebarria Larrauri basauriarra (Basauri, 1993). Joan den asteburuan Valentzian izan da laguntzen. Dagoeneko Euskal Herrian dago eta berarekin berba egiteko aukera izan dugu GEURIAn.

Noiz erabaki zenuen Valentziara joatea eta zergatik? Sareetan Valentziako hondamendiaren inguruko bideo asko ikusi nituen eta jarraian esan nuen: “Bertara joan behar dut laguntzera”. Ikaragarriak ziren bideo horiek eta nire ekarpena egin nahi nuen. Azaroaren 2an, larunbatez eta gauez, irten ginen boluntario talde bat Laudiotik eta igandean 07:00etan heldu ginen Valentziara. Bertako Euskal Etxeko lagun batekin egon nintzen aurreko egunetan harremanetan eta bere bitartez lortu genuen Valentziara sartzea.

Hasteko diru bilketa bat jarri zenuen martxan janaria eta lokatza kentzeko materiala erosteko: ordu gutxitan 10.000 euro inguru lortu zenituen. Bai, izugarria izan zen jendearen laguntza hori. Egia da Ogasunak bizum horretatik jaso genuen diru kopuru bat hartu egingo duela, horregatik 10.000 eurora iritsi ginenean bertan behera utzi nuen diru bilketa. Irekita mantendu izan banu bizuma, 50.000 eurora ere helduko ginen! Jendearen elkartasun uholdea ikaragarria da! Ogasunak kenduko duen dirua, 3.000 euro gutxigorabehera nire gain hartuko dut.

Nolakoa izan zen Valentziara bidaia? Bidaia Valentziara gauean egin genuen. Isiltasunean egin genuen bidaia osoa, pentsatzen zer aurkituko genuen bertan. Eta, iritsi ginenean eta lupetza artean sartu ginenean, dena aldrebestua izan zen: Netflixeko filmaketa baten modukoa. Izugarria benetan.

Zer topatu zenuten bertan? Bertara heldu ginenean, etsipena, abandonua eta gobernuen utzikeria topatu genituen.

Eta bertako herritarrak? Bertakoak goibel daude. Dena galdu dute; ez bakarrik gauza materialak, herrikide asko hil egin dira hondamendi honetan. Bertako herritarrak bertatik atera behar dituzte lehenbailehen: dena ondo garbitu, gero dena ondo jarri eta ondoren euren herrietara eta etxeetara itzuli daitezen.

Egoera benetan gogorra da. Oso gogorra. Hildako asko daude, desagertutako milaka pertsona, jaterik ez duen herritarrak aurkitu genituen, euren burua garbitzeko aukerarik ez duten beste asko. Ikusi duguna da herritar askok ez dutela inolako laguntzarik jaso. Igandean hasi ziren laguntza apurra jasotzen, eta herritarrengandik bakarrik. Lehenengo instantzian oso beldurtuta daude herritarrak, baita haserre ere. Jaramonik egin ez dietela sentitzen dute askok, eta hiltzen utzi dutela jendea.

Valentzian helburu zehatz bat zenuten. Gure helburua zen janari eta higienerako eraman genituen produktu guztiak herritarrek eurek hartzea, eta ez elkarte edo erakunde bati ematea. Hau da, herritarrek zuzenean hartzea behar zuten guztia.

Arazorik topatu zenuten laguntza ematerako orduan? Paiportara joan ginenean esan ziguten Erregeen bisita zela eta ezin genuela bertan denbora asko eman. Orduan ondoko herri batera joan ginen.

Berriro bueltatzeko asmoa duzue? Bai, berriro bueltatzeko asmoa dugu. Ez dakigu noiz, orain laguntza mordoa dagoelako Valentzian. Eta laguntza profesionala. Itxarongo dugu, baina gure asmoa da berriro bueltatzea eta gure laguntza ematea.

Sareetan bolo-bolo dabilen esaldia: “Herriak bakarrik salba dezake herria”. Hausnarketa horrekin bat egiten duzu? Guztiz. Herriak bakarrik salba dezake herria. Benetan horrela da. Eta ez bada horrela, hil egingo gaituzte. Hori da egiten dudan hausnarketa. Herrikide asko euren bizilagunak laguntzen ari dira. Hori da izan duten laguntza bakarra herri askotan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Baskonia kalea eta Pozokoetxe parkea bidegorri bidez lotzeko prozesua hasi du Basaurik

Bidegorriaren proiektua idazteko lanak lehiaketa publiko bidez esleitzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

|

Bolueta eta La Basconia lotzen dituen bidegorriari jarraipena eman nahi dio Basauriko Udalak // Geuria

Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz (martxoan zabaltzea da asmoa), Basauriko Udalak bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera.

Udal arduradunen asmoa da aurten hasten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko dute.

Gauzak horrela, Baskonia kalearen eta Pozokoetxeko parkearen artean bidegorria egiteko proiektua idazteko lanak lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua zabaldu du Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 127.050 eurokoa da, eta enpresa esleipendunak sei hilabeteko epea izango du dokumentua idazteko.

“Proiektuak barne hartu beharko du bizikleta-bide bat eraikitzea. Bide hori Baskonia kaletik abiatuko da, 14. eta 16. eraikinen ondotik, eta % 4an igoko da trenbide-plataformaren gertuko kotaraino. Gero, Zumalakarregi kalearen gainetik igaroko den zubi batera iritsi, eta trenbidearen trazadura baino apur bat beherago jaitsiko da; eta, handik, apurka-apurka igotzen joango da, % 2an, Pozokoetxeko parkera iritsi arte”, diote udal ordezkariek.

Eraikiko duten plataformak sei metro zabal izango ditu: bi metro oinezkoentzat, eta lau metro bidegorrirako (bi metro, noranzko bakoitzerako).

Basauriko Udala zenbait proiektu lantzen ari da, “gure udalerria mugakideekin lotuko dituen bizikleta-sareen bidea eraikitzeko”.

“Abian jarri dugun proiektu honen eta beste batzuen bidez, basauriarrekin hartutako konpromisoak betetzen eta gure legealdi-planean aurreikusitako ekintzak gauzatzen jarraitzen dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Putxera lehiaketa antolatuko dute bigarren urtez azaroan Basaurin

|

Pozokoetxeko Sanjuantxines Kultur Elkarteak antolatu zuen iaz lehen aldiz Putxera lehiaketa eta oso arrakastatsua izan zen // Sanjuantxines Pozokoetxe

Iaz izan zuen arrakasta ikusita, Pozokoetxeko Sanjuantxines Kultur Elkarteak Basauriko bigarren Putxera lehiaketa antolatu du. Azaroaren 23an, larunbatez, izango da Pozokoetxeko parkean, eta euria egiten badu, Solobarriako karpan.

Saritan 190 euro banatuko dituzte: lehenengo sailkatuak 100 euro jasoko ditu, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenak 30 euro. Era berean, putxerak (lehenengo sailkatua eta herriko irabazlea), urdaiazpikoa (bigarren sailkatua) eta ardo kutxa bat (hirugarren sailkatua) ere emango dizkiete irabazleei.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute azaroaren 23an bertan 12:30ak baino lehen. Parte hartzaileek 5 euro ordaindu behar dituzte putxera bakoitzeko.

Putxerak 13:00etatik 14:00etara aurkeztu behar dira eta sari banaketa 15:00etan izango da.

Putxera lehiaketa antolatzeaz gain, zozketa bat egingo du Sanjuantxinek egunean bertan. Hain zuzen ere, putxera baten zozketa egingo dute. Zozketan parte hartzeko txartelak euro batean saltzen ari dira Pozokoetxeko saltokietan. Zozketa sari banetan egingo dute.

Lehiaketako oinarriak

  • Erabili behar diren osagaiak: babarrun gorria, txorizoa, odolkia, saiheskia eta hirugiharra
  • Jendeari begira prestatuko da putxera, eta gasarekin, ikatzarekin edo egurrarekin egosi ahal izango da
  • Putxerak Pozokoetxeko parkean egingo dira eta lurzorua estali beharko da
  • Putxerak 13:00etatik 14:00etara bitartean aurkeztu behar dira
  • Putxera ez da txingarrekin aurkeztu behar
  • Epaimahaiaren erabakia behin betikoa izango da
Osorik irakurri

☉ Basauri

Berdintasunerako lehenengo barne plana onartuko dute gaur Basaurin

|

Berdintasunerako I. Barne Planaren indarraldia 2027ra arte izango da // Geuria

Berdintasunerako lehenengo Barne Plana egin dute Basaurin. Planak udal-antolaketari, barne-egiturari eta lan-baldintzei eta genero-ikuspegia Udalaren lan-prozeduretan txertatzeari buruzko toki-erakundearen plangintza estrategikoa jasotzen du. Indarraldia 2027ra arte izango da.

Planaren helburua da Udalean aukera-berdintasuna bultzatzeko oinarriak ezartzea, eta horretarako hiru ardatz estrategikotan, 11 programetan eta 125 ekintzetan egituratzen da.

Lehen ardatz estrategikoa udal-gobernuan berdintasuna bermatzeko konpromiso politikoan ardaztuta dago; bigarrena, pertsonen kudeaketan eta haien lan baldintzetan txertatu beharreko genero ikuspegian; eta, hirugarrena, politika publikoen eta lan-prozeduren genero-ikuspegian.

“Basauri erreferente izan da eta izaten jarraitzen du berdintasunerako politika publikoetan, eta, Plan berri hau onartuta, Udalaren beraren antolaketa-egituran ere berresten dugu”, adierazi du gaur prentsaurrekoan Asier Iragorri alkateak.

Berdintasunerako I. Barne Plana gaur aurkeztuko du gobernu taldeak Basauriko osoko bilkuran eta aurreikuspenen arabera aho batez onartuko du udalbatzak.

Genero ikuspegia ardatz

Planaren 11 programen eta 125 ekintzen artean, Berdintasun Sailaren aholkularitza espezializatua erraztu eta bermatu nahi duen neurria dago, Udalaren arau eta administrazio-egintzetan genero-eraginaren aldez aurreko balorazioa egiteko.

Beste programa baten helburua izango da berdintasunaren eta genero-ikuspegiaren arloko formakuntza oinarrizkoa, progresiboa, iraunkorra eta nahitaezkoa bermatzea udal-behargin guztientzat, eta genero-ikuspegia txertatzea emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko formakuntza ez-espezifikoan, zeharkako formakuntza-planen bidez.

Laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez, dokumentuak dio genero-ikuspegia txertatuko dela plantillaren lan-baldintzetan, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzeko; zehazki, gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak hartuta. Era berean, adierazle batzuk ezarriko dituzte, genero-analisia ahalbidetzeko, bai datuak biltzeko eta tratatzeko sistemetan, bai laneko osasun eta segurtasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko azterlan eta ikerketetan.

Udalaren kontratazio publikoetan, dirulaguntzetan eta hitzarmenetan genero-ikuspegia txertatzeko baldintzak bermatzea da planaren beste helburuetako bat.

Gainera, protokolo eguneratu berri bat egin eta onartuko dute, Udalean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta jazarpen horri aurre egiteko.

“Plan hau eraginkorra izango bada, ezinbestekoa izango da udal-langile guztiok konpromiso pertsonala hartzea eta Planaren inplementazioan era proaktiboan jardutea”, azpimarratu du Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Berdintasun arloko zinegotziak.

Marko berria

Duela 24 urte sortu zuten Basaurin Berdintasun arloa, 2000. urtean. Urtebete geroago, 2001ean, Berdintasunaren lehen Plana onartu zuten eta 2005ean bigarrena.

“2012an urrats garrantzitsu bat eman genuen Basaurin: urte hartan inauguratu genuen Marienea Basauriko Emakumeen Etxea”, gogorarazi du Iragorrik.

2017an Indarkeria Matxistari aurre egiteko Tokiko Plana onetsi zuten Basaurin eta aurten plan hori eguneratu dute.

“Basaurin konpromiso politikoa badago eta lehenengo barne plan honekin marko berri bat zabaldu dugu”, dio Cadavalek, eta gaineratu du, “urteetako lana” izan dela: “Ez gara hutsetik abiatzen barne-plan honetan. Denok partekatzen eta baliozkotzen dugun dokumentua da”.

Osorik irakurri