→Basauri

Urbi Institutua europar proiektuekin “jo ta ke”

Martxoaren 9ko Eramus+ topaketa birtualean 240 partaidek Lituaniako Indepentzia Eguna ospatzeko parada izan genuen // Urbi Institutua

Covid-ek ekarri digun egoera berezi honetan Basauriko Urbi ikastetxeak jarraitzen du europar proiektuak garatzen. Orain arte topaketa fisikoak egiteari utzi behar izan badio ere, ez da inolako eragozpenik izan urrutiko topaketak eta ekintza birtualak egiteko.

Portugaleko Famalicão herriko Agrupamento Escolas Camilo Castelo Branco (AECCB) eskolarekin, eta Lituaniako Siauliai hiriko Siauliu Juliaus Janonio Gimnazija ikastetxeekin batera +PARTICIPATORY DEMOCRACY, +ACTIVE CITIZENSHIP ERASMUS+ proiektuko ekintza eta jarduerekin jarraitzen du Urbi institutuak. Europa Klubak martxan jarraitzen du topaketa birtualak sortu eta antolatzen. Nabarmentzekoa da martxoaren 9an ospatutako online bilera. Hiru ikastetxeetako 240 partaidek Lituaniako Indepentzia Eguna ospatzeko parada izan genuen. Bereziki aipagarria da Lituaniako ohorezko kontsula Portugalen, Jorge Antas de Barrosen, eta Lituaniako enbaxadorea Portugalgo Errepublikan, Renatas Norkusen parte-hartzea. 

Bestalde Urbik badu euskaraz garatzen den beste eTwinning europar proiektua: IKEe (Irakurri, Kontatu, Elkar e-Zagutuz/ Leer, Contar, Conociéndonos / Lire, Raconter et Apprendre à se connaitre) Nafarroako Atarrabiako Paz de Ziganda ikastetxearekin eta Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel kolegioarekin. 

Proiektu honen  helburuak hauexek dira: euskarazko idatzizko zein ahozko komunikazioa bultzatzea;  Euskal ahozko literatura ezagutzea, produktu berriak sortzeko; Ikasle eta irakasleen konpetentzia digitalak hobetzea; ikasle, familia eta irakasleen konpetentzia sozialak hobetzea; 3 ikastetxeren arteko adiskidetasun harremana sendotzea, euskaraz egindako talde lana bultzatuz;    Ikasleei benetako hizkuntza egoera erreala izateko aukera ematea; Ohitura amankomunak ulertzea eta norberarenak ezagutzea; irakurritako Fernando Morilloren 3 literatura obrak hobeto ulertzea aipatzen diren lekuak bisitatuz (birtualki edo bertaratuz); mugazgaindiko familia eta komunitateen arteko adiskidetasuna areagotzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak