Sareak

☉ Basauri

Bridgestonek Aldi Baterako enplegu-erregulazioko espedientea aktibatu du Basaurin eta Usansolon

Multinazionalak joan den azaroaren 25ean lantokien arteko batzordeari jakinarazi dio aldi baterako lan-erregulazio espedientea (ABEEa) aktibatuko duela ekoizpeneko arrazoiengatik

|

Basauriko lantegia // Geuria

Udazken honetan pneumatikoen eskaria moteltzen ari zen abuztuko jardueraren gailurraren ondoren, multinazionalak joan den azaroaren 25ean lantokien arteko batzordeari jakinarazi dio aldi baterako lan-erregulazio espedientea (ABEEa) aktibatuko duela ekoizpeneko arrazoiengatik, eta horrek fabrikatzaileak Estatu mailako lau egoitzei eragingo diela.

Geldialdi honek 1.000 langile ingururi eragingo dio Basaurin eta 50 ingururi, Usansolon. Bi zentroek badakite hauteskunde sindikalen atarian geldituko direla, eta Michelin, Mercedes edo ITP bezalako sinadurekin gertatu bezala, langileek ordezkaritza-organoak berritu behar dituzte. Momentuz ezezaguna da Aldi Baterako Erregulaziozko-Espediente edo ABEE honen iraupena, iragarpena enpresako komiteari egin dielako Bridgestonek. Horrek esan nahi du xehetasunak behin aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia ireki ondoren ezagutuko direla. Bertan azalduko da zenbat denboran eta zein baldintzatan aktibatzen den aldi baterako espediente hau.

Japoniako enpresa erraldoiaren zuzendaritzak duela egun batzuk urteko azken astean erabat gelditzea proposatu zuen, eskariaren beherakadaren ondorioz biltegietan pilatzen ari zen stocka gero eta handiagoaren aurrean. Sinadurak hitzarmenak jasotzen duen malgutasun negatiboko sistemara jotzea proposatzen zuen, baina batzordeak errefusatu egin zuen, mekanismo horretara jotzeak nominen murrizketa dakarrelako, aparteko egunak hobaritzen dituelako eta produkzioa murrizten den egunak aurrerago lan egiteko soilik gordetzen dituelako, plus txiki batekin. Egun horiek % 75era iritsiko lirateke aplikatzen den hamabigarren egunetik aurrera.

Basauri eta Usansoloko kasuetan geldialdi honen data hilaren 26tik gabon zahararren artekoa litzateke, salmentak hiru hilabetez jarraian aurrekontuan jasotakora iritsi ez zirelako, eta, beraz, stocka gehiegi hazten ari zen. Azkenik, ez da horrela izango, eta zuzenean doaz ABEEra.

☉ Basauri

Álvaro Jimenezek (Javi Conde Atletismo Kluba) errekorra hautsi du Kluben Arteko Txapelketan, Basaurin

Aurtengoa 25. edizioan 8 marka absolutu hautsi dituzte klubetako kirolariek Artunduaga kiroldegiko atletismo pistan eta horien artean dugu Javi Conde Atletismo Klubeko basauriarra

|

Álvaro Jimenez, podiumean // Utzitakoa

Javi Conde Atletismo Klubak Espainiako Txapeldun Paralinpikoaren titulua berretsi du beste urte batez joan den asteburuan Basaurin antolatutako Meeting proban. “Poz-pozik gaude asteburuko lorpenarekin”, azaldu dio Javi Conde ‘Javi Conde Atletismo Klubeko’ presidenteak GEURIA komunikabideari. “Bigarren urtea da titulu hau berresten dugula eta gure kirolariak harro daude txapelketa irabazi izanagatik”. Izan ere, iaz Gijonen irabazitako titulua berretsi dute.

Asteburuko hiru jardunaldietan Espainiako 8 marka absolutu hautsi dituzte klubetako kirolariek Artunduaga kiroldegiko atletismo pistan, eta horien artean Javi Conde Atletismo Klubeko Álvaro Jimenez basauriarra dago (Malaga, 2000). Espainiako errekorra hautsi du Álvarok pisu-jaurtiketan (8.39 m). Gaur bertan berarekin berba egiteko aukera izan du GEURIA komunikabideak, gimnasioan entrenamendua egiten zuen bitartean: “Zoragarria da Javi Conde Klubarekin marka hau hautsi izana”, azaldu digu kirolariak. “Inklusioaren adierazle handiena da niretzat talde hau”. Kirolariaren hitzetan Basauriko Meeting probak garrantzia dauka, baina baita Espainiako Kluben Arteko Txapelketak ere: “Estatu mailan txapelketa garrantzitsuena da guretzat”, izan dira kirolariaren berbak.

Basaurikoak bospasei egun eskaintzen dizkio pisu-jaurtiketari, 10-12 ordu ingurutan itzulita, eta pasio hau bere ikasketekin uztartetzen ditu: gaur egun ingeniaritza zibileko ikasketetan dihardu Jimenezek Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilbon.

Javi Conde Atletismo Klubaren kirolariak, asteburu honetan, Artunduagan // Javi Conde Atletismo Kluba

Basauriko taldearen atzetik Madrilgo Run For You eta Mallorkako Illers Balears XT taldeak izan dira. Mallorcako Illers Balears XT taldea izan da Mallorcako taldearen “sorpresa” nagusia asteburu honetan.

“Egunez egun, lehiaketaz lehiaketa, gure taldekoek pistan edo zirkuituan duten jarduna eliteko edozein atletaren mailan dagoela erakusten dute. Urratsez urrats lortu dugu ezgaitasunak dituzten eta ez dituzten atleten lehiaketa normaltzat hartzea proba berberetan”, azaldu dute Javi Conde Atletismo Klubetik.

Basauriko Meeting Probak 88 klubetako 300 atleta ekarriko ditu Basaurira asteburuan

Osorik irakurri

☉ Basauri

‘Metropelagic’ erakusketa ibiltari ilunak mesopelagikoko izaki liluragarriekin argitu du Basauriko metro geltokia

Woods Hole Oceanographic Institutionek utzitako tamaina handiko hamabost bat irudi ipini dituzte Basauriko metro geltokiko hormetan

|

Metroko erabiltzaileak, 'Metropelagic' erakusketan, Basaurin // Geuria

Ingurune ozeaniko babesgabe eta sarbide zaileko zonaldea da mesopelagikoa, ‘ilunabarreko gunea’ bezala ere ezaguna. 200 eta 1.000 metroko sakoneran dagoen geruza ozeanikoa da eta bertan izaki liluragarriak ageri dira. Egun hauetan, sakonera horretara murgildu beharrean, Basauriko metro geltokiko hormetan ikus daitezke izaki horiek tamaina handiko argazkiez osatutako erakusketa-ibiltari formatuan.

Erakusketa Azti enpresak antolatu du Summer europar proiektuaren baitan egindako lanaren atal modura, ekosistema honetan bizi diren espezieen inguruko ezagutza handitzeko. Horrela, Woods Hole Oceanographic Institutionek utzitako hamabost bat irudi ipini dituzte metro geltokiko hormetan. Erakusketa joan den martxoaren 1ean hasi zuten Abandoko metro geltokian, eta, ondoren, Bilboko metro lineen beste geltoki batzuetan egongo da ikusgai.

Argia, iluntasunean

Eremu mesopelagikoan dagoen biodibertsitatea funtsezkoa da ekosistema globalaren harmoniari eta funtzionamendu egokiari eusteko, kontsumitzen ditugun espezie askoren elikagai baitira, tunidoena kasu. Baina, era berean, funtsezko zeregina dute klima-aldaketaren erregulazioari dagokionez.

Mesopelagikoaren ezaugarri nagusienetako bat iluntasuna da: azaleratik hurbilen dagoen eremuak argi intzidentearen % 1 jasotzen du, eta murriztu egiten da sakonera handitu ahala, erabateko iluntasunera iritsi arte. Gainera, eremu mesopelagikoak komunitate biologiko anitza eta bakarra du, ingurune hotz, argi gutxiko eta presio handiko batean bizitzera egokitua. Egokitzapen horrek faunaren ezaugarri bitxienetako bat ekarri du: bioluminiszentzia, organismoek argia sortzeko erabiltzen duten erreakzio biokimikoa.

Azaleratik hurbilen dagoen eremuak argi intzidentearen % 1 jasotzen du, eta murriztu egiten da sakonera handitu ahala, erabateko iluntasunera iritsi arte

Aztiren arabera, eremu mesopelagikoan 10.000 milioi tona arrain biomasa daude, mundu arrantza-toki guztietako harrapaketak baino 100 bat aldiz gehiago: “Arrain horiek elikadura katearen alde garrantzitsua dira; jaten ditugun arrain askoren elikagaiak baitira: atunarentzako, olagarroentzako, txipiroientzako etab”, azaldu dute. “Gainera, funtsezko zeregina dute klima-aldaketaren erregulazioan, planetaren migrazio bertikal handienaren bitartez hartzen duten Co2 kopuruagatik. Gauero lurrazaleraino igeri egiten dute elikatzeko eta berriro jaisten dira milaka tona Co2 garraiatuz”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gatiburen kontzertua Arizgoitira lekuz aldatu eta kale-mozketak iragarri dituzte Basaurin

Basauriko Udaletik kale mozketak iragarri dituzte erdigunean eta Arizgoiti plazako inguruetan ostiralean, aurreikusitako jendetzagatik

|

Gatibuko mutilak // Gatibu

Basauriko Social Antzokiaren 30. urteurrena dela eta,  Gatibu taldeak kontzertua eskainiko du datorren ekainaren 2an, ostirala, 21:30ean. Hasiera batean, kontzertua San Fausto plazan programatu bazuten ere, Arizgoiti plazara lekuz aldatzea erabaki dute Udaletik, jendetza espero baita ostiralean.

“Hasiera batean kontzertua San Fausto plazan egin behar zen, baina kokalekua ikuspuntu teknikotik aztertu ondoren, Arizgoiti plazara eramatea erabaki da”, azaldu dute udal ordezkariek. “Agertokia kontzertuak egin ohi diren espazioaren parean jarriko da, plazaren barruan”.

Gaur bertan 30 urte bete ditu Social Antzokiak, eta duela aste batzuk GEURIA komunikabidean iragarri bezala, hainbat jarduera prestatu dituzte urteurrena ospatzeko.

Arizgoitin eskainiko du kontzertua Gatibu taldeak ostiralean // Geuria

Kale-mozketak Basaurin

Jendetza espero dutenez eta segurtasun modura, kale mozketak egingo dituzte zenbait gunetan 20:30etatik kontzertua amaitu arte (00:30ak arte).

San Migel eta Basauri lotzen dituen errepidea moztuko dute. Hala ere, trafikoa zabalik mantenduko dute San Migel noranzkoan. Halaber, autoa ez erabiltzea edo Azganeta kaletik ibiltzea gomendatzen dute; Kareaga Goikoatik udaletxera doan erepide zatia ere itxiko dute, udaletxereako norabidean: “Trafikoa moztuko da Landa doktoreen parean, eta, ikusle-kopuruaren arabera, Axularreraino luza daiteke”, argitu dute Udaletik.

Gainera, Kareaga Goikoatik (udaletxetik) Nagusia kalera doan zatia ere itxiko dute, eta baita Autonomia kaletik Kareaga Goikoara doan errepide zatia ere.

Arizgoiti plazako garajeen sarbidea partzialki moztuta egongo dela iragarri dute udal ordezkariek: “Garajeen sarrera eta irteera moztuta egongo da kontzertura jende asko joaten den bitartean. Gainerako denboran, ekitaldiaren segurtasunaz arduratzen diren zerbitzuek arautuko dute sarbidea, jende kopuruaren arabera”. Murrizketa horiek garajeetako erabiltzaileei jakinaraziko zaizkiela azaldu dute udal ordezkariek eta garajerako sarbidean eta aldameneko atarietan, oharrak jarriko dituzte. Edozein larrialdi-egoera gertatu izanez gero, garajeetako erabiltzaileak Udaltzaingoarekin harremanetan jarri ahal izango dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

#M28 | Basauri | EAJ, garaile; EH Bildu, gora

#M28 | Basauri | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Asier Iragorri, Basauriko alkatea 2023-2027 legegintzaldian // Geuria

Osorik irakurri

☉ Basauri

Iker Calero Sánchez: «Amonari omenaldia egin eta kanta bati bere izen-abizenak jarri nizkion»

Basaurin jaiotako abeslaria Los Cierra Bares taldearekin elkartu da rock talde berria sortzeko. Bakarlari ibilbidea ez duela itxi argitu du, eta rapa egiten jarraituko du

|

Iker Calero Sánchez // Geuria

Calero LDN izenez ezaguna, Iker Calero Sánchez (Basauri, 1993) musikaren panorama nazionalean “Corazón Pagano” abestiarekin agertu zen 2015ean, gaur egun Urrezko Diskoa dena. Urte horretan bertan, Red Bull bezalako oilarren gudu lehiaketa handietan ere parte hartu zuen, non bere estiloa sortzen hasi zen. Ahots urratzailea du ezaugarri, eta bere letra sakonen bidez oinazea askatzen du. Single eta kolaborazio zerrenda luzeak Spotify-n hilero milioi erdi entzule biltzea eragin dio. Erritmo rockeroagoak arakatuz, Calero & Los Cierra Bares iritsi da. Talde berria biek beren publikoak ohituta duten hip hopetik urrun dagoen proposamen bat izango da. Beraz, Calero denbora luzez entzungo duzue.

Calero, zure abizena izateaz gain, hazi zinen auzoa ere bada.

Abesti batean diodanez, Calero ez da rapero ezagun bat, abizen hau edukitzearen harrotasuna baizik. Bizitzaren gorabeherak direla eta, ezin izan naiz gurasoekin hazi eta haiek gogoan izateko modu bat izan da. Izen artistiko bat baino gehiago, estandarte bat. Gainera, eskolan bi Iker ginenez, deituraz deitzen zidaten beti. El Kaleron bizi izana ere kasualitate polita da. LDNrena “Lagrimas del Norte” sigletatik dator, rapean hasi nintzenean lagun batzuen artean sortu genuen kolektiboa. Hasieran bi kide ginen, eta gero Hasto bilbotarra gehitu genuen. Nire koadrilakoak ez zutenez rapeatzen, Barakaldoko oilar-gudu batzuetara bakarrik joan nintzen eta bertan ezagutu nuen Perez. Biok Basaurikoak ginen eta musika egiteko interes bera partekatzen genuen. Nire gaztaroko oroitzapen onak gordetzen ditut herrian, eta orain, zahartzen ari naizela, faltan sumatzen dut. Ametsez eta ilusioz beteriko gazteak ginen, eta, batez ere, bihotz onekoak. Auzoa beti izango da auzoa, eta Basaurik espazio handia hartzen du nire bihotzean. Ahal dudan heinean familia eta lagunak ikustera joaten naiz.

Amonarekin hezi nintzen, eta bera izan da nire ama, nire aita, nire izeba… Eta nola itzuli nigatik egin duen on guztia? Oihartzuna irabazten hasi nintzenean omenaldi txiki bat egin nahi izan nion. Nire bizitzako maitasuna da, eta berak beste maitasun bat ere badu: nire aitona, duela 40 urte hil zena. Haien harremanari buruzko kanta bat egin nuen, fisikoki ez egon arren, oso presente duelako. Hura entzutean malkoak zerizkiola ikusteak nire ibilbide musikalean gehien bete nauena izan da. Musikaren bidez hainbat jenderen bihotzak ukitu ahal izan ditut, baina hain gertuko pertsona bati idatzi diodana heldu zaiola sentitzea gauzarik politenetakoa izan da. Bere izen-abizenak aipatzen ditut bertan, denek bere izena oihukatuko zutela zin egin niolako. Eta gaur egun berarekin argazkiren bat argitaratzen dudanean jende askok idazten dit: “Martina Corrales Muñana”. Amona, esan nizun egingo nuela.

Zure azken kantan diozunez, kontularia zara eta penak kontatzen dituzu.

Ikasketak ez zitzaizkidan batere gaizki eman. Kazetaritzan sartzeko selektibitatea egin nuen, baina ez nuen lortu. Azkenean Administrazio eta Finantzetako goi-mailako graduan izena eman nuen, batez besteko nota ona lortu eta beka bat eman zidaten. Gainera, praktiken luzapena eskaini zidaten, baina 2015ean Red Bull Oilarren Batailerako hautatu ninduten. Atseden egun batzuk hartzen saiatu nintzen eta, ukatu egin zizkidatenez, uztea erabaki nuen. Bi bide nituen: 20 urterekin musikan buru belarri murgildu (eta huts eginez gero kontulari lanetan jarraitu) edo inoiz ez saiatu. Bekaren diruarekin lehen grabaketa estudioa eta Red Bullerako bidaia ordaindu nituen. Lehiaketa horretan sartu nintzenean bizitza egina nuela pentsatu nuen, baina ezta gutxiago ere. Hala ere, banekien borrokatu egingo nuela.
Betidanik gustatu izan zait rapa eta, idaztea baino gehiago, nire sentimenduak letretan bihurtzea. Basauriko Kooperatiban ikasten ari nintzela, gogoan dut poesia txapelketa bat irabazi nuela. Logelan giltzapetzen nintzen eta idazten nuenarekin negar egiten banuen, ona zela esan nahi zuen. Okerren nagoenean inspiratzen naiz gehien. Nire letrarik onenak maitasun-hausturetatik, etsipen familiarretatik… atera dira. Gauza onak idazten ere saiatu naiz, baina une horiek gozatu eta txarrak idazten ditut, mina arte bihurtuz. Terapia modukoa izaten hasi zen, gero hobbie bihurtu zen eta, azkenik, nire ogibidea. Idazten dudanetik bizi nahi badut, aurretik bizi egin behar dudala uste dut. Ez dut momentu txarrik bizi nahi. Ezta hurrik eman ere! Baina gauza ausartagoak egitera jotzen dut, nire kantuetan erakutsi ahal izango dudan irakaspena eramango baitut. Iker oso mutil lotsatia da, eta Calero LDNn babestu ahal izan da bere alderik kokinena erakusteko. Ez nuke esango pertsonaia bat denik, nire beste alderdi bat baizik.

Oilar guduen bidez hasi zinen raparen eszenan nabarmentzen. Nola ezagutu zenituen

Lehengusu batek Zatuk Bharen aurka Red Bullen izan zuen liskarra erakutsi zidan. Ezin nuen sinetsi erabat inprobisatua zenik. Kantuak ziruditen hitzezko borrokak ziren. Dibertigarria ematen zuen, haien alderik zitalena ateratzen zutelako. Lehenago edo geroago, ni ere han egon nahi nuen. Informatzen hasi nintzen eta Bilbon ere mugimendua zegoela ikusi nuen. 2014an Red Bulleko erregionala ospatu zen hirian, eta proba on bat bidali nuen arren, ez ninduten aukeratu. Horretarako balio ez nuela pentsatu eta utzi egin nahi izan nuen baina, bestalde, txikitatik nuen helburu hori lortzeko gogoa nuen. Beraz, entrenatzen jarraitu eta hurrengo urtean Mallorcan sailkatu nintzen. Agertoki handiekin lehen kontaktua izan zen. Ohi baino ozenago hasi nintzen ahotsa altxatzen, amorrua azaleratzeko eta ikuskizun gehiago emateko asmoz, eta eroso sentitu nintzen. Bi urtez parte hartu ondoren, zonaldeko onena nintzela erakustea xedetzat hartu nuen, Gold Battle eta Hipnotik bezalako lehiaketetatik igaroz. Hasieran pentsatu nuen tranpolin bat ere izan zitekeela nire musika ezagutarazteko, ematen dizun esposizioagatik. Baina orokorrean oilar guduetan ikusten zaituen jendeak bertan ikusi nahi zaitu. Eta nik ez nuen “Calero Red Bullekoa” izan nahi. Borrokalaria baino gehiago nintzela uste nuen, eta jendeak nire errimetan oihu egiten ikustea ongi zegoen arren, nire penak kantatzera iritsiko zirela pentsatzeak gehiago motibatzen ninduen. Bestalde, kiroldu egin dira, aparteko unibertso bat sortuz, eta jada ez dut neure burua islatuta ikusten. Halere, nork daki itzuliko ote naizen. Barruan daramat eta, zirkuitu lehiakorretik erretiratu naizen arren, ez dut freestyle egiteari utzi. Lagunekin nagoenean hobbie bat izateaz gain, konposatzen hasteko metodo bat ere bada.

“Corazón Pagano” abestiak mugarri bat ezarri zuen zure ibilbide musikalean.

Ez nuen pentsatzen ari nire musikarekin dirua egitean. Atera besterik ez nuen egin nahi eta argazki batekin igo nuen, besteetan bezala. Baina honekin elur-pilota bat egin zen. Pixkanaka biraka hasi zen, gero eta handiagoa eginez. Jendeari asko gustatu zitzaion eta abestirik entzunenetako bat izaten jarraitzen du. Nire kantak seme-alabak bezalakoak dira, eta itsusia da esatea bat bestea baino gehiago maite duzula. “Corazón Pagano” zortzi urteko haurra da. Lehen hezkuntzara doa eta dena! Eta lehen eguneko emozio berarekin kantatzen jarraitzen dut. Ez dut uste onenetarikoa denik, baina nire publikoari transmititu nahi niona definitu zuen. Gainera, nahiz eta jendeak bideoklipak eskatu, abesti bat ona bada, berdin funtzionatzen duelaren adibide garbia da. Historiako filmik onena egin dezakezu, baina mezua iristen ez bada, inor ez da entzuten geratuko. Lau Ferrari dituzula esatea ondo dago. Guztioi gustatuko litzaiguke milioiduna izatea. Baina nor sentituko da horrekin identifikatuta? Hasieran, jendeak nire letrak ez jakin arren, arima nola hausten zitzaien ikusten nuen. Zintzotasuna da garrantzitsuena. Bizitzak gaizki tratatu zaituela transmititzea eta publikoak bere sentitzen dituela ikustea hitzik gabe uzten ninduen. Orain, jende askok nire atsekabeak kantatzen ditu.

Zailagoa al da orain arrakasta izatea duela urte batzuk baino?

Askoz baliabide eta sustapen erraztasun gehiago daude, baina, aldi berean, jende asko dabil rapa egiten. Ni hasi nintzenean erdia ere ez zegoen. Modan dago eta horrek liluratu egiten nau, betidanik mamitu dudan generoa delako eta oso une goxoa bizitzen ari delako. Baina horregatik uste dut zailagoa dela kulturaren barruan errekonozimendu handia izatea. Bat gehiago bazara zaila izango duzu, baina zerbait berezia baduzu publikoa arretatsuago dago. Hainbeste jenderen artean nabarmendu ez ezik, mantentzen ere jakin behar duzu. Talentua izan arren, inor ez da zure etxeko atarira joango grabatzen hasteko. Badira lan handia egin duten pertsonak, potentzial handiko beste batzuek baino gehiago lortu dutenak. Nire ustez, %70a lana eta %30a talentua izan behar da. Artista guztiek dute zerbait, horregatik daude hor, baina esfortzurik gabe hil egiten dira. Niri inork ez dit ezer mahai gainean bero zerbitzatu, eta oraindik bide luzea dut egiteko. Ez ditut milaka pertsona areto batean sartzen, baina bai nire hastapenetatik leial mantendu direnak eta gehituz joan diren batzuk. Oso arraroa da norbaitek Calero “Corazón Pagano”-koa esatea. Eta hori asko gertatzen da orain; gehiago ezagutzen dira biral bihurtu den kantuagatik artistagatik beragatik baino. Gustatuko litzaidake nire abesti batek horrenbesteko erreprodukzio izatea, baina hori dutenei ere komunitate bat izatea gustatuko litzaieke. Uste dut bideak nondik natorren eta nora iristen ari naizen askoz gehiago balioesten irakatsi didala. Lehen autobusez mugitzen nintzen nire kontzertuetara pendrive bat patrikan nuela, eta orain laguntzen didan talde ikaragarria daukat atzean. Garrantzitsua da egon nahi duzun zirkuluan mugitzen jakitea, zeure buruari maila horretan egoteko exijitzeko. Eta ez naiz artistekiko kolaborazioez bakarrik ari. Olatuan egon nahi baduzu, surf ohol onenarekin egon behar duzu.

2021ean zure lehen diskoa kaleratu zenuen. Hori falta zitzaizun zerua ukitzeko?

Oso inkonformista naiz eta helburu berriak jartzen ditut etengabe. Urrats handia izan zen, baina oraindik metro asko falta zaizkit zerua ukitzeko. Niretzat hori lortzea familia osoa nire musikari esker mantendu ahal izatea litzateke, bizitza egonkorra izanik eta neure burua saldu gabe. Behin nire managerrak deitu eta bere hirira joateko eskatu zidan. Bazkaltzera gonbidatu ninduen eta oso arraroa iruditu zitzaidan. Orduan, hurrengoa galdetu zidan: “Diru sorta bat emango banizu, zer egingo zenuke?”. Bartzelonara bizitzera joango nintzatekeela erantzun nion. Hango jendearekin lan egiten nuen dagoeneko, eta hilean behin joaten nintzen egun gutxitan gauza pila egiteko. Hori entzunda, oinak lurrean neuzkala ikusi eta disko bat egiteko Warnerren eskaintza bat iritsi zitzaigula kontatu zidan. Sinatzeko unea zen. Tristea izan zen maite dudan jendearengandik aldentzea, baina, aldi berean, oso atsegina, pertsonalki zein profesionalki haztea eragin didalako. Hiri handiagoa denez, aukera gehiago daude. Eta horrek ez du esan nahi Euskal Herrian ez daudenik. Artista handiak atera dira bertatik, baina hiri txikia denez, mugatuagoak dira. “Rozando el cielo” diskoak ekarri zuen guztia nire ametsa egi bihurtzeko falta zitzaizkidan puzzlearen piezak izan ziren. Espainian eta Mexikon aurkeztu nuen, nire bizitzako bidaia izan zena. Benetako artista sentitu nintzen. Pozik nago albumaren emaitzarekin, baina estilo guztietan balioaniztuna naizela erakutsi nahi izan nuen. Rap, rock, techno… Buffet libre bat egin nuen, eta arroz on bat egiten bakarrik zentratu izan banintz, emaitza hobea izan zitekeela uste dut.

Raparen aldeko apustua egin duzu, baina arriskatzeko prest ere bazaude.

Musika ondo egina gustatzen zait. Ez naiz inoiz rapero gisa katalogatu. Nire erroak rapetik datoz, baina ibilbide musikalean zehar izandako eboluzioaren ondoren, letragiletzat hartzen dut neure burua. Eroso sentitzen naiz genero ezberdinetan. Beti egongo dira lehengora itzultzeko eskatuko duten pertsonak. Saihestezina da. Baina nire esentzia gordetzen saiatzen naizenez, kontzeptu bera izaten jarraitzen du. Calero gustatzen zaionari, Calero gustatzen zaio. Izan ere, kontzertuetan arrakasta gehien duten abestiak, ezagunenaz gain, techno eta rock kantuak dira. Horrek esan nahi du nire publikoari gustatzen zaiola ni gauza desberdinak egiten ikustea. Batzuek diote saldu egin naizela, baina hori izango litzateke “Corazón Pagano 2”, “Corazón Pagano 3” eta “Corazón Pagano 100” egin izan banu. Jendeak eskatzen didana da, eta funtzionatuko lukeela badakidan arren, ez da ateratzen zaidana. Zailena orain rock abesti bat kaleratzea da, adibidez. Boom baparen alde egiten jarraitzen duten raperoak errespetatzen ditut, baina, era berean, ondo iruditzen zait publikoa aldaera berrietara ere zabaltzen ari dela ikustea. Ez modagatik, nire printzipioen aurka doalako. Baina artistok berritzeko prest egon behar dugu. Rapak arrakasta izan badu, ez da bakarrik klasikoari eusteagatik izan, baizik eta nahastuz eta barietateak sortuz joan delako.

Rocka aipatu duzula, zure bizitzako zein etapatan zaude?

Estutasun pertsonal batzuk igaro berri ditut, baina gaur egun zoriontsu nagoela esan dezaket. Nire bizitzako etaparik politenetako batean, alegia. Porruak erretzeari utzi diot, eta kirola egitean, nireekin egotean eta neure burua maitatzean zentratzen ari naiz. Musikalki ere proiektu asko ditut martxan. Aspaldi “Dispárame” rock abestia idatzi nuen, baina ez nuen argitaratzeko unea ikusten. Diskoa heldu zenean, nire managerrak kaleratzen banuen Lendakaris Muertosekin harremanetan jarriko ninduela esan zidan, instrumentala egin ziezadaten. Rocka eta Euskal Herria eskutik lotuta egon dira beti, eta estimu handitan ditut. Oso ondo funtzionatu zuen, eta horrelako gehiago egitea erabaki nuen. Album txiki bat prestatu nuen, baina talde bat behar nuen. Nanorekin, Los Cierra Bares taldeko abeslaria, kolaborazio bat nuen egiteke, eta rockari buruz hizketan ari ginela, bera ere kuxkuxeatzen zebilela kontatu zidan. Horrela sortu zen “Seguimos en el barrio” abestia, eta konexio izugarria izan genuen. Orduan, laguntza eskatu nien albuma ateratzeko eta, bide batez, telonero gisa aritzeko. Ideia bikaina iruditu zitzaien, baina lanean hasi ginenean, talde berri bat osatzeko aukera ikusi genuen. Norekin berarekin baino hobeto? Bakoitzak bere ibilbidea jarraituko du, baina elkartzen garenean Calero & Los Cierra Bares izango gara. Hau da, ez dut rapa egiteari utziko, baina haiekin batera rockean murgilduko naiz. Caleroren errazio bikoitza dator. Beti flipatu dut Kortatu, Marea, La Fuga, Extremoduro edo Ska-P bezalako taldeekin. Lehenengo abestiarekin ska estilora gerturatu gara, zuzenekoetan parranda giroa piztuko duena. Jai herrikoiak gogoan izango ditugu. Gure lehen diskoa aurten kaleratuko dugu, eta datorren urtean herrialdean zehar aurkeztea da asmoa. Gainera, oso litekeena da elkarrizketan aipatutako talderen bat agertzea. Airean utziko dut!

Osorik irakurri