→Basauri

Zaratak udaltzaingoen 780 esku-hartze eragin ditu 2021ean, Basaurin

Basauriko Udalak udaltzaingoaren 2021eko memoriaren datuak kaleratu ditu eta zaratak udalerrian eragindako kasuak azaleratu ditu, besteak beste.

Udaltzainak, emergentzia zerbitzuekin 2021ean // Geuria

Basauriko Udalak udaltzaingoaren 2021eko memoriaren datuak kaleratu ditu eta zaratak udalerrian eragindako kasuak azaleratu ditu, besteak beste. Memoriaren arabera, iaz 779 esku-sartze egin zituzten guztira udaltzainek Basaurin zaratarekin lotutatkoa: etxebizitzetako zaratek 291 kexa eragin zituzten, bide publikoan sortutakoek 281 eta ostalaritza lokaletakoek 138.

Horiez gainera eta udal-ordenantzak kontrolatzea eta betetzeari dagokionez ere, udaltzaingoak txakurrek nagusiki, eta animalia zaintzean izandako arduragabekeria azpimarratu du: “2021ean, 279 gorabehera izan ziren txakurrekin. %18,9ko igoera aurreko urtearekin alderatuta”, azaldu dute Basauriko Udaleko ordezkariek “pandemia aurreko datuetara bueltatuz”.

Istripu gutxiago herrian

Bide segurtasunaren esparruan, bestalde, datu positiboak jaso ditu udaltzaingoen memoriak. 2019arekin alderatuta %62,5 murriztu dira auto-istripuetan larri zauritutako lagunen kopurua: Joan den abuztuaren 3an Basaurin gertatutako kamioi harrapaketaren kasua salbuespen, “2019az geroztik ez da hildakorik egon udalerriko istripuetan eta % 24,4 murriztu da biktimak izan dituzten istripuen tasa”.

Udaltzaingoak kontrol gehiago jarri ditu 2021ean aurreko urtearekin alderatuta eta alkohol eta drogen eraginpean gidatzean eragin zuzena izan du: 2019an 23 kasu egon baziren kopuru hori 17 kasuetara murriztu da 2021ean. Hala ere, gidabaimenik gabe edo indarraldia amaituta gidatzearekin izandako kasuek nabarmenki gora egin dute udaltzaingoaren arabera 9tik 22ra igoz (%38,95).

2021ean 2.094 trafiko izun jarri ditu udaltzaingoak Basaurin: “Merkataritza- eta gizarte-jarduera handiagoa duten guneak, hala nola Kareaga Goikoa eta Agirre Lehendakaria ardatzek, jarraitzen dute izaten trafikoko arau-hauste gehien detektatzen diren zonaldeak”.

Iaz 4.335 esku-hartze egin zituen udaltzaingoak udalerrian (%37,5 gehiago). Horien artean enpresa eta industrialdeetako lapurreten prebentzioa (1.105 esku-hartze) eta ostalaritzako lokaletan delituak saihesteko jarduerak (1.049) nabarmendu ditu Udalak: “Herritarren babesari eta zaintzari dagokienez, 2.640 esku-hartze egin dira, eta % 9,5eko gehikuntza izan dela adierazten du horrek.”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak