→Basauri

Basauriko Zirzira Ahots Taldeak kontzertua eskainiko du Fair Saturdayaren inaugurazio-ekitaldian

Datorren azaroaren 25ean kontzertua eskainiko du Zirzira Ahots Taldeak Bilboko Fair Saturdayeko inaugurazio ekitaldian, Bilbao Arena Miribillan 20:00etan. Zirzirako Ius Perez zuzendariagaz berba egiteko aukera izan dugu

Zirzira Ahots Taldeko kideak, Laidan // Geuria

Datorren azaroaren 25ean kontzertua eskainiko du Zirzira Ahots Taldeak Bilboko Fair Saturdayeko inaugurazio ekitaldian, Bilbao Arena Miribillan 20:00etan. Zirzirako Ius Perez zuzendariagaz berba egiteko aukera izan dugu: “2.500 artistek hartuko dute parte Bilboko Fair Saturday ekitaldian eta gure emakumeen taldea ere bertan izango da, Gatibu, Maren, Deabru Beltza, Afrika Bibang…” taldeekin. Fair Saturday ekitaldiaren helburua Black Fridayari nolabait ‘aurre’ egitea da, kultura gizartearen erdigune bihurtuz. Hori dela eta, ekitaldiak egingo dituzte azaroko azken asteburuan.

Hurrengo egunean, hilak 26, bideoklipa argitaratuko du Basauriko taldeak Zaporeak elkartearekin. Abestia Diego Torresen ‘Color Esperanza’ izango da eta Zirzirakoentzat “momentura arte egindako muntaia konplexuenetarikoa izan da”. Bideoklipa FSNEXT.org plataforman kaleratuko dute eta jasotako dohaintzak Zaporeak elkarteari emango diote Zirtzirakoek.

Proiektu honetan Dani Tejerina etxebarritarra eta Ane Abendaño basauriarra izan ditugu. Tejerina bideojokoen eta zinemagintzaren soinu bandak sortu ditu eta Zirziraren grabazioan masterizazio lanetan ibili da. Anek, ostera, perkusio lanak burutu ditu proiektu solidario honetan.

Santurtziko Nazioarteko Jaialdia

Aipatutako egun horiez gainera, azaroaren 5ean Santurtziko Nazioarteko Jaialdian abestuko dute Zirzira Ahots Taldeko emekumeek Lagun Zaharrak taldearekin batera: “Talde bakoitzak bere abestiak kantatuko ditu baina amaieran, elkartu eta Cinema Paradiso filmeko soinu banda eta ABBA taldearen abesti bilduma bat kantatuko dugu Lagun Zaharrak taldeko gizonezkoekin”, gehitu du Ius Pérezek.

Santurtziko emanaldian Celia Baños piano jotzailea eta Ane Abedaño basauriarrak izango dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak