→Basauri

Basauriko Zurrumurruen aurkako laugarren topaketa urtarrilean izango da

Mamadou Ngom ‘Marra’rekin saioa maiatzean // ZAS

Abenduan zen egitekoa Zurrumurruen aurkako laugarren topaketa, baina antolatzaileek jarduera urtarrilera atzeratzea erabaki zuten. Aste honetan bertan eman dute data berriaren berri: urtarrilaren 29an, larunbatez, izango da 10:00etatik 13:00etara Basozelai Gizarte Etxean. “Iritsi da 2021eko Zurrumurruen Aurkako Topaketa! Urte berri honi ongi etorria emateko, aurten elkar zaintzeko, entzuteko, harritzeko eta ahotsa emateko topagune bat sortu nahi dugu. Bertan lanari ekingo diogu 2022rako ekintzak sortzen hasiz, animatu zaitez!”, diote antolatzaileek. Topaketan parte hartzeko interesdunek izena eman behar dute zurrumurruakdesmuntatu@basauri.eus helbide elektronikora idatziz.

Besteak beste, 2021ean zehar egin zutenari buruz hausnarketa egitea edota etorkizunera begirako ekintzak adostea da topaketaren asmoa. Iaz honako jarduerak egin zituzten: etxeko langileen egoera Euskadin ezagutzeko eta ikusarazteko hitzaldi-tailerra Norma Vazquezekin (‘Emakume behartsuak eta migratuak’. Martxoak 16); entsegu-errorea ikastaroa Aida Ochoa Amekadi eta Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko koordinatzailearekin (apirilak 20); ‘Jardunbide komunitario egokiak’ Mamadou Ngom ‘Marra’ Medikuak Munduan erakundeko kulturarteko bitartekariarekin (maiatzak 11); zurrumurruen aurkako agenteen solasaldiak (ekainak 14); ‘Artearen bidezko gizarte-eraldaketa planifikatzen’ tailerra Miren Lauzirikarekin (urriak 25 eta azaroak 15); eta Basauriko Errezetak ekimena (azaroak 12).

Irakurketa Kluba 2022an

Zurrumurruen aurkako Basauriko estrategia ekintzak prestatzen hasi da 2022an. Hasteko, irakurketa kluba antolatuko dute. Hilean behin biltzea da asmoa: otsailaren 18an lehenengo hitzordua, martxoaren 18an bigarrena eta maiatzaren 6an hirugarrena. “Egun bakoitzean bi liburu landuko ditugu. Erabaki bietatik zein duzuen gogokoen, irakurri, eta hurbildu zaitez Pozokoetxe Kultur Etxera! Bertan gure pentsamendu eta hausnarketak partekatuko ditugu”, diote antolatzaileek. Irakurketa saioak Monica Leiva kazetariak gidatuko ditu eta 18:00etan izango dira.

Otsaileko hitzorduan ‘Identidades asesinas’ (Amin Maalouf) edo ‘Ojos azules’ (Toni Morrison) liburuak aztertuko dituzte, martxoko hitzorduan ‘Groenlandia Manhattan’ (Chloé Cruchaudet) edo ‘Sueños en el humbral’ (Fatema Mernissi), eta maiatzekoan ‘El corazón de las tinieblas’ (Joseph Conrad) edo ‘Nuestra hermana aguafiestas’ (Ama eta Aidoo). Irakurketa klubean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute urtarrilaren 14a baino lehen Pozokoetxe Kultur Etxean edo amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak