Sareak

☉ Basauri

Basauriarren %80ak herriak bilakaera positiboa izan duela uste du

|

basauri herritarrak 2014

Langabezia tasa altua eta aparkalekuen falta ageri dira herriko arazo nagusien artean. Eusko Alderdi Jeltzalea da notarik altuena eskuratu duen alderdi politikoa. Basauriarren %71 arazo ekonomiko barik iristen da hilabete bukaerara.

Basauriko Udalak eskatuta, Gizaker enpresak herri gaiei buruzko ikerketa martxan jarri zuen irailean, 18 urtetik gorako 400 bizilagunen parte hartzearekin. Azterketaren arabera, azken urteotan Basaurik garapen baikorra izan duela uste dute 321 herritarrek, hau da, inkestatuen %80,3ak. Bertan bizitzea nola puntuatuko luketen galdetuta, berriz, batez beste 7,99ko kalifikazioa jarri diote basauriarrek euren herriari: %36,8ak zortziko kalifikazioa eman dio, %20,5ak hamarrekoa, %17,8ak zazpikoa eta %11,5ak bederatzikoa, besteak beste. Kontrara, zerotik laura bitarteko puntuazioa %3ak eman du eta emandako arrazoiak, besteak beste, aparkaleku falta, gazteenganako utzikeria, Basauri itxuraz gustukoa ez izatea eta masifikatuta egitea izan dira.

Basaurik izan duen bilakaerara bueltatuz, %5,3aren iritziz herriak okerrera egin du azken boladan. 21 pertsona hauen ustez, krisi ekonomikoa arrazoi nagusietakoa izan da, “gehiegizkoak eta desegokiak” izan diren obrekin batera.

Era berean, herritarren iritziz langabezia tasa altua (%23,3), aparkaleku falta (%17,5), orografia konplikatua (%7,1) eta Babes Ofizialeko Etxebizitza falta (%2,8) dira Basauriren arazo nagusiak. 112 bizilagunek (%28ak) ez dute erantzunik eman.

ZERBITZU ONAK

Udal ekipamenduen puntuazioa “oso altua” da Basauriko Udalaren esanetan: Kultur Etxeak (7,97), Etxe Maitia adinekoen egoitza (7,92), Basauri Kirolak-Kirol erakundea (7,81) eta Euskaltegia (7,73).

Bestetik, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen artean zabor-bilketak lortu du puntuaziorik altuena. Atzetik, Kultura arloaren baitan dauden prestakuntzak (7,59), Kirola (7,50), Jaiak (7,44), Euskara (7,13), Berdintasuna (6,87) eta Gizarte-zerbitzuak (6,76) daude. Balantzaren beste aldean, berriz, Basauriko Udalak hobetu beharko lituzkeen gaiak daude: enplegua sortzeko eta enpresak kudeatzeko proiektuak (4,36) eta aparkalekuen arazoa (2,89).

Garraio publikoak 8,35eko puntuazioa lortu du. Inkestatuetatik 356 basauriar oinez mugitzen dira auzo batetik bestera, hamazortzi lagunek autobusean egiten dute desplazamendua eta hamabostek kotxea erabiltzen dute Basaurin barrena mugitzeko. Datu adierazgarri bezala, %31k soilik erabiliko luke hiriarteko autobusa.

EKONOMIA ETA ENPLEGUA

Krisi ekonomikoa basauriarren arazo nagusienetako bat da, baita enplegu falta ere. Izan ere, hamar bizilagunetik zortzik uste du Basaurin ez dagoela enplegua aurkitzeko aukera bakar bat ere. %6,5a soilik ageri da baikor horren inguruan eta %13,2ak ez daki edo ez du erantzun nahi izan. Basauriko jarduera enpresariala edo ekonomikoa baloratzeko orduan, ozta-ozta gainditu du: 5,79 nota jaso du.

Basauriarren %71,5ak adierazi du ez duela problemarik hilabete amaierara heltzeko eta %67,3k azken aldian langabezian gelditu den inguruko norbaiten berri izan du. Inkestatuen %6,5a etxebizitza bila dabil, nahiz eta %1,5ak bakarrik izango lukeen hura ordaintzeko ahalmena.

UDAL GOBERNUA BALORATZEN

Basauriko Udalaren irudiak eta jokabideak 6,63eko kalifikazioa jaso du eta gaur egun hura kudeatzen duten pertsonen lana 6,66arekin baloratu dute herritarrek. Eusko Alderdi Jeltzalearen jardunak eskuratu du notarik altuena 6,25 batekin. Jarraian, Bildu (5,01), PSE (4,58) eta PP (2,84) ageri dira.

Andoni Busquet Basauriko alkatearen lanak 7,15eko nota jaso du. Inkestatuen %65ak azken alkatea kalean ikusi duela dio, %6,5ak telebistan eta prentsan, eta %11,5ak ez du inoiz kalean ikusi.

AUZO BAZTERTUAK

400 inkestatatuetatik 186k (%46,5ak, alegia) uste du Basauriko auzoren bat baztertuta dagoela. %23,1aren ustez, Kareaga da auzorik utziena eta haren atzetik leudeke Pozokoetxe (%17,2), Urbi (%12,4) eta Basozelai (%9,2), besteak beste. Ostera, 131 pertsonaren arabera (%32,8), Basaurin ez dago auzo gutxietsirik.

 

______________________________

“KARTZELAK ETA KUARTELAK EZ DAKARTE ONURARIK”

Inkestatuen gehiengoak uste du kartzelak eta kuartelak ez diotela inolako ekarpenik egiten herriari. Kartzelari dagokionez, hamar herritarretik batek bakarrik (%11ak) pentsatzen du espetxeak onuraren bat dakarkiola Basauriri.

Kuartelari buruz antzeko iritzia dute basauriarrek: %66,5ak ez dio ekarpenik ikusten, %14,2ak bai eta %19,3k ez du erantzun. Beste alde batetik, MercaBilbaoren ekarpenak puntuazio positiboa lortu du: Basauriri onurak ekartzen dizkiola uste dute 338 herritarrek (%84,5ak).

uppermost 5 nyfw spring and coil selections with a fall distort
miranda lambert weight lossEuler Hermes Announce new CAP Europe Policy

☉ Basauri

Emakumeen Basauriko futbol selekzioa sortu dute 17 jokalarirekin

|

Basauriko emakumezkoen lehen futbol selekzioaren jokalariak aurkeztu dituzte gaur Soloarten // Geuria

Emakumeen Basauriko futbol selekzioa sortu dute aurten lehen aldiz. Sheila Garciaren gidaritzapean 17 jokalari deitu dituzte Basauriko selekzioarekin jokatzeko: lehen partidua ekainaren 1ean izango dute SD San Inazioren kontra Solorten, 17:00etan.

“Bazen garaia emakumezkoen senior mailako futbol selekzioaren sorrera bultzatzeko. Urteak eman ditugu lanean, eta azkenean errealitate bihurtu dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

Selekzioaren aurkezpena gaur arratsaldean egin dute Soloarteko zelaian. Gaur izan dute lehen entrenamendua.

“Emakumeen kirola sustatzea eta babestea da gure lehentasunetako bat, eta hainbat ekintzatan islatzen da, besteak beste, selekzio hau bultzazea, aspalditik errealitate bihurtu nahi genuena, edo duela pare bat aste Women Itzulia egin genuenean”, gogorarazi du Iragorrik.

Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Kirol arloko zinegotzia “harro eta pozik” agertu da emakumezkoen selekzioaren sorrerarekin: “Basauriren koloreak harrotasunez eraman behar dituzue, eta bideaz disfrutatu”, esan die jokalariei.

Ekainaren 1ean lehen partidua jokatuko du emakumezkoen Basauriko selekzioak, baina uda ostean berriro batuko dira partidu gehiago jokatzeko: “Hemendik aurrera ez du etenik izango emakumeen Basauriko futbol selekzioak”, dio Zugazagoitiak.

Jokalari hauek osatzen dute 2024ko emakumezkoen Basauriko selekzioa:

Indartsu Club
Carlota Corada
Mariñe Intxaurbe
Nagore Aberasturi
Paula Plá

SD Ariz
Ruth González

CD Ugao
Saioa Notario

Basauriko Kimuak
Andrea Bañuelos
Haizeder Ortiz
Izaro Martínez
Leire Penas
María García
Nagore Burgoa
Naia Cao
Oihane Soto
Teresa Ortiz

San Ignacio
Ane Amabizka
Nerea Prieto

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lova Lois: “Rockein lehiaketak asko lagundu dit nire lehen EPa kaleratzen”

|

Lova Lois astrabuduarrak iaz irabazi zuen Rockeineko sari nagusia eta gaur bere lehen EParen bideoklipa aurkeztu du // Geuria

Rockein lehiaketako 12. edizioa martxan da. Gaur bertan ireki dute epea Hego Euskal Herriko taldeek eta bakarlariek izena emateko epea.

Euskadiko eta Nafarroako talde edo bakarlari interesdunek izena eman dezakete gaurtik uztailaren 11ra arte, eta ondoren, epaimahai profesional batek sei finalista aukeratuko ditu azaroaren 16an izango den finalean Basauriko Social Antzokian jotzeko.

Aurten nobedadeekin dator lehiaketa. Lehiaketaren tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaldu du bere estaldura-eremua. Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute. Gainera, beste berrikuntza bat da tokiko taldeak bideoklip bat grabatuko duela.

Iaz Lova Lois astrabuduarrak irabazi zuen lehiaketako sari nagusia eta horri esker bost abestiz osatutako EPa kaleratu du: ‘Todo son señales’. Gaur Rockeinen 12. edizioaren prentsaurrekoa izan da Lova eta bere lehehengo EParen bideoklipa aurkeztu du:

“Ikaragarria izan zen iaz lehiaketa irabaztea. Sekulakoa da eta beharrezkoa da horrelako lehiaketak martxan egotea. Amets bat egi bihurtu dut. Disko propioa kaleratu nahi nuen, baina ez nuen baliabiderik horretarako. Orduan, Rockeinek laguntza handia eman dit horretan. Oso eskertuta nago lehiaketari”, adierazi du Lovak GEURIAk galdetu dionean zer suposatzen duen Rockein bezalako lehiaketa batek bere ibilbidean. Hain zuzen ere, GEURIA Rockeinen komunikabide ofiziala izango da hemendik aurrera, aurreko urteetan eman zaion babesa indartuz, lehiaketak eskualde osoaren aldeko apustua egin eta gero.

Iazko finalak “zapore oso ona” utzi zion Lovari: “Ikaragarria izan zen publikoaren berotasuna sentitzea eszenatokitik. Asko gustatu zitzaion publikoari nire musika eta horrek pozez betetzen nau”.

Estilo desberdinak nahasten ditu Lovak: “Abesti asko nituen idatzita eta Jon Agirrezabalaga Bilboko El Tigre estudioko ekoizlearen laguntzarekin lortu dut EPari forma ematea. Oso garrantzitsua da ekoizlearen figura. Jon oso profesionala da eta asko lagundu dit”.

“Nire abestiekin transmititzea gustatzen zait. Estiloak ez dit inporta: transmititu besterik ez dut egin nahi. Poesia idazten hasi nintzen mundua aldatu nahi nuelako. Eta orain, poesia idazten jarraitzen dut, baina erritmoa jartzen diot. Horrela egiten dut musika”, dio Lovak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Palestinaren alde 300 zapata pare biltzeko erronka solidarioa antolatu dute Basauriko Urbi Institutuko gurasoek

Maiatzaren 21etik 30era bitartean zapata bilketa egingo dute Institutuan eta hilaren 31n salaketa-ekitaldia antolatu dute Azaroak 25 plazan

|

Salaketa ekitaldia maiatzaren 31an izango da // Argazkia: Olivier Matthys (Avaaz)

‘Sos Palestina’ lemapean ekimen solidarioa martxan jarri du Basauriko Urbi Institutuko guraso elkarteak: Zapaten ekimena, alegia.

“Palestinako herria jasaten ari den genozidioaren aurka eta hildako palestinarren omenez, Zapaten ekimena salaketa-ekitaldia antolatu dugu. Zapatak genozidioaren lekuko mutuak izango dira”, diote.

Maiatzaren 21etik 30era bitartean zapata bilketa antolatu dute Institutuan: “Gure helburua 300 zapata pare inguru biltzea da. Horretarako, maiatzaren 21etik 30era erabiltzen ez dituzun zapatak ekar ditzakezu eskolara”, diote.

Salaketa-ekitaldia maiatzaren 31n, ostiralez, izango da Basauriko Azaroak 25 plazan (San Pedro elizaren ondoko plaza), 18:30etik 19:30era bitartean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Euskara Plana diseinatzeko topaketa irekia antolatu dute ekainean

|

Topaketa irekia Solobarria plazan izango da ekainaren 1ean eta prozesu osoaren laburpena egingo dute // Geuria

Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzen ari da Basauriko Udala datozen bost urteetarako. Otsailean hasi zen plan berria diseinatzen eta horretarako herritarren eta herriko eragileen laguntza izan dute.

Lehen fasean galdetegi bat prestatu zuen Udalak euskararen egoeraren diagnostikoa egiten hasteko, eta apirilean eta maiatzean lan-mahaiak antolatu zituen (GEURIAk ere bertan parte hartu du, Galdakaon bezala). Gainera, institutuen laguntzarekin gazteen iritzia ere jaso du Udalak.

“Galdetegiari dagokionez, 65 erantzun jaso genituen, lan-mahaietan 40 lagunek parte hartu zuten eta 200 gazte baino gehiagok eman dute beren iritzia”, adierazi dute udal arduradunek.

Halaber, datu bilketa honekin amaitzeko, Basauriko Udalak elkarrizketak egingo dizkie udalerriko hamar pertsona adierazgarriri, haien iritzia jakiteko.

Behin parte-hartze prozesua amaituta, iritzi guztiak sailkatu eta ekainaren 1ean, larunbatez, topaketa ireki bat antolatu du Udalak Solobarria plazan, 10:30etik 13:30era. Bertan izango da Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.

“Topaketa irekia herritar guztiei dago zuzenduta, eta bertan prozesu osoaren laburpena egingo da. Aurreko lan-mahaietan ‘Nondik gatoz?’ galderari erantzuten saiatu ginen. Oraingoan, ‘Nora goaz?’, ‘Euskara eta Basauri’ eta ‘Non egon nahi dugu 5 urte barru?’ galderak erantzuten saiatuko gara”, diote udal ordezkariek.

Topaketa irekian parte hartzeko izena eman behar dute interesdunek esteka honen bitartez edo euskara@basauri.eus helbide elektronikora mezua idatziz.

“Nahi duten guztiek parte hartzea nahiko genuke, lan-mahaietara joan ala ez, edo galdetegia erantzun ala ez, garrantzitsua da ahalik eta basauriar gehienen iritzia izatea”, azaldu du María Fernández Basauriko Udaleko Euskara zinegotziak, eta parte-hartzaile guztiek egun horren oroigarri bat jasoko dutela gaineratu du, inplikazioa eta partehartzea eskertzeko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emigrazioari buruzko eTwinning proiektua gauzatu dute Basauriko Urbi Institutuko ikasleek

Emigrazioari buruzko eTwinning Exodos proiektuari esker elkartrukeak egin dituzte Urbiko ikasleek Baigorriko eta La Reunion uhartekoekin

|

Urbi Institutuak elkartrukeak egin ditu aurten Baigorriko eta La Reunion uharteko ikasleekin // Urbi Institutua

Basauriko Urbi Institutuak jarraitzen du Europako proiektuetan murgilduta. Ikasturte honetan emigrazioari buruzko eTwinning Exodos proiektuan lan egin dute Urbiko ikasleek, La Reunion uharteko Lycée Jean Hinglo, Iparraldeko Baigorriko Collége Jean Pujo, Asturiasko Sanchez Lastra, Txekiako Gymnázium Lud’ka Pika, Italiako Liceo Gargallo; eta Greziako Geniko Lykeio Akrotiriou ikastetxeekin.

Proiektuari esker elkartrukea egin ahal izan dute Basauriko ikasleek: urtarrilean Baigorri bisitatu zuten 20 ikaslek, eta martxoan La Reunion uhartera bidaiatu zuten zortzi ikaslek. “Esperientzia zoragarria izan zen, ikasleentzat ahaztezina”, diote Urbiko Erasmus proiektuko arduradunek.

“Urbiko ikasleek, proiektu komunean lan egiteaz gain, hain gertu dagoen Iparraldeko eta hain urrun dagoen La Reunion irlaren ohiturak, geografia, kultura, hizkuntza, monumentu enblematikoak eta altxorrak ezagutu ahal izan dituzte”, diote.

La Reunion uharteko eta Baigorriko ikastetxeekin harremana “indartu” dela diote Urbiko arduradunek, “eta beste proiektu eta bidaia gehiago egiteko aukera sendotu egin da”, diote.

Osorik irakurri