☉ Basauri
Basauriko 10 lokal hutsek erabilera artistikoa izango dute KaleARTEan ekimenari esker
KaleARTEan ekimena ekainaren 5etik 7ra bitartean ospatuko da. Proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik. Aukeratutako proposamenetako bakoitzak 600 euroko saria eramango du.
Basaurin hutsik dauden 10 lokal berrerabili nahi ditu KaleARTEan ekimenak, “artearekin lotutako jardueretara bideratzeko“. Horiek horrela, jarduerarik gabeko lokaletako barrualdeak, kanpoaldeak edota pertsianak erabiltzea da helburua, “artelanen erakusketa iragankorrak antolatzeko“, diote antolatzaileek. KaleARTEan topaketa aurten izango du lehenengo edizioa eta ekainaren 5etik 7ra arte apainduko dira 10 lokal horiek, “Basauri Pintxo Helmuga” ospatuko den egunetan.
KaleARTEan proiektuan adin nagusiko edozein norbanakok edo taldek hartu dezake parte. Ekimenaren helburu nagusietako bat Basauriko artisten produkzioa sustatzea denez, “kategoria espezifiko bat egongo da udalerrian erroldatuta daudenentzat“. Proposamenak bidaltzeko azken eguna maiatzaren 15a izango da. Ondoren aukeratutako proposamenetako bakoitzak 600 euroko saria izango du, “bere ideia egi bihurtzeko“. Parte hartzeko fitxa, oinarriak eta baldintzak kaleartean.com webgunean aurkituko dituzu.
JARDUERA EKONOMIKOA AREAGOTZEKO AUKERA
KaleARTEan ekimenaren sortzaileak diotenez, “orain arte hutsik egon diren guneetan jarduera sortzeak, gizartea eta ekonomia berpiztea dakar. Espazio huts horiek jendea erakartzen dute, joan-etorrian dabilen jendea bereganatzen dute. Negozio horien inguruko eremua pizteak bisitari gehiago dakartza, eta horrek areagotu egiten du jarduera ekonomikoa“.
KaleARTEan Basauriko Udaleko Merkataritza atalak sustatutako proiektua da, Basauriko Merkatariak elkartearen laguntzarekin, eta bere diseinu fasean herriko inmobiliarien kolaborazioa izan du.
☉ Basauri
Etxebarria aita-seme trikitilariek ‘Familia gara’ disko berria aurkeztu dute Social Antzokian
Gaur aurkeztu dute disko berria Basauriko antzokian. Inaxio Perurena harrijasotzailea gondidatu izan dute aurkezpenean

Etxebarria aita-seme trikitilariek disko berria kaleratuko dute: ‘Familia gara’. Lan berria Durangoko Azokan abenduaren 6an kaleratu aurretik, diskoaren aurre-aurkezpena Basaurin egin nahi izan dute bi basauriarrek.
Gaur, azaroak 29, 13:00etan Social Antzokian egin dute aurkezpena. Bertan Inaxio Perurena harrijasotzailea eta laguna izan dute gonbidatu. Besaulkietan etxebarritarren lagunak, senideak eta ezagunak egon dira.
Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak
Diskoak 12 abesti ditu, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantekin. ‘Familia gara’ lan berrian oinarrizko euskal estiloari heldu diote: “estilo dantzagarriak, baladak, koplak, rantxerak eta rock doinuak entzun daitezke, eta baita indar handiko bertsioak ere”, diote.
“Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak ere ez dira faltako! Esaterako, ‘Sorioneku familia gara’, Euskal Herria eta gure kulturaren batasuna elkartzen dituen abestia”. Abesti horren bideoklipa 2023ko martxoan argitaratu zuten, eta bertan agertzen da, besteak beste, JJ Vaquero bakarrizketagilea.
‘Loretxoa’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Let it be’ abestien bertsioak ere jasoko ditu lan berriak. Trikitixa eta panderoa dira instrumentu nagusiak eta horiekin batera akordeoia, kitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak eta bateria ere entzun daitezke.
Diskoa salgai egongo da Durangoko Azokan 15 euroan.
☉ Basauri
Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.
Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.
Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.
☉ Basauri
Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.
Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.
☉ Basauri
Merkatu solidarioa antolatu dute Basaurin, Bielorrusako umeen alde

Merkatu solidarioa antolatu du Basaurin Acobi elkarteak Bielorrusiako umeentzat dirua biltzeko. Merkatua zabalik dago abenduaren 3ra bitartean Agirre Lehendakaria kaleko 57. zenbakiko lokalean, Herriko Taldeaken ondoan.
Liburuak, jostailuak, tresneria, apaingarriak edota imitaziozko bitxiak bildu eta salduko dituzte lokalean. “Espazioa dela eta, ezin dugu arroparik jaso edo saldu”, diote antolatzaileek.
Merkatu solidarioa zabalik dago astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.
“Gerra kontuengatik etortzerik ez dutenez, dirua bidaliko diegi han behar dutena eros dezaten”, diote sustatzaileek.
☉ Basauri
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan arreta ordu gehiago eskainiko ditu Basauriko Udalak

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) araudia berrituko du Basauriko Udalak. Besteak beste hobekuntza hauek onartuko dituzte azaroko osoko bilkuran: mendekotasun-mailaren bat onartua duten erabiltzaileei arreta emateko ordu gehiago eskainiko dituzte, “nahi izanez gero eta egoerak ahalbidetuz gero, etxean denbora gehiago egon ahal izan daitezen”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak.
Zehazki, bizikidetza-unitatean kide batek baino gehiagok baldin badute mendekotasun-balorazioa, maila handiena duenari dagozkion orduez gain, mendekotasun egoeran dagoen beste pertsonari dagokion ordu kopurua % 50 handituko dute.
Era berean, desgaitasuna onartuta duten 60 urtetik gorako pertsonek eta mendetasunik onartua ez duten 65 urtetik gorakoek ere gehienez 20 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte hilean, aldez aurretik balorazio teknikoa eginda.
“Azpimarratu behar da 85 urtetik gorako pertsonek, bakarrik bizi badira eta familian nahiz gizartean laguntza-sare nahikorik ez badute, erregelamendua onartu ostean, etxez etxeko laguntza eskatu ahal izango dutela hilean gehienez 30 orduz, bestelako baloraziorik egin behar izan barik”, dio Larrinagak.
Arau-testu berrian jasotako hobekuntzen artean, balorazio teknikoaren arabera babesgabetasun-egoeran edo arriskuan, bazterketa-egoeran edo abandonu-egoeran dauden edo tratu txarrak jasaten ari diren pertsonek hilean gehienez 30 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte, “betiere etxez etxeko laguntza-zerbitzuak eman ditzakeen prestazioak behar badituzte”, dio.
“Oro har, neurri horien bitartez, ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu gura dugu eta, horretarako, zerbitzuaren intentsitatea eta malgutasuna areagotzeaz gain, prestazioak konbinatzeko aukera ere handiagoa izango da”, dio Larrinagak.