Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Basauriko 68 tabernek hartuko dute parte Pintxo Helmuga programan

|

basauri pintxo helmuga arume 2015

Iazko datuekin alderatuta, bikoiztu egin da izena eman duten tabernen kopurua. Helmuga Basauri maiatzaren 29an hasiko da eta ekainaren 14ra arte luzatuko da. Era berean, Musika Helmuga jardunaldia ospatuko da ekainaren 13an.

Basauriko merkataritza eta ostala­ritza suspertzeko ekimena da Hel­muga Basauri eta aurten maiatzaren 29tik ekainaren 14ra ospatuko da. Gainera, berrikuntza moduan, aur­ten gastronomia ez ezik, artea bul­tzatzeko ekimena ere martxan jarri du Basauriko Udalak: KaleARTEan.

‘Basauri Pintxo Helmuga’ pro­gramaren bigarren edizioa izango da eta, iaz bezala, helburua herria­ren nortasuna indartzea izango da, bai kontsumoari dagokionez, bai ai­sialdirako leku aproposa dela adie­razteko ere. Bertako ostalaritza eta gastronomiaren kalitate ona susta­tzeko asmoz, 68 tabernek euren ‘Izar Pintxoa’ eskainiko dute -iazko datuekin alderatuz, bikoiztu egin da taberna kopurua-. “Basau­ri herri bizia da, baina hamar egun hauetan jarduera hori biderkatzea espero dugu, basauriarren zein bi­sitarien artean. Helburu nagusia ostalarien eskaintza ezagutaraztea da, baita Basauriko kultur, kirol eta aisialdi agenda sustatzea ere”, dio Andoni Busquet gaur egungo jeltza­leen alkategaiak.

Aurten ere pintxo-gida banatu­ko dute ekimenean parte hartuko duten tabernetan, kultur etxeetan zein leku publikoetan, baita ingu­ruko udalerrietan eta Bilbon ere. Bertan, “Izar-pintxo” guztien argaz­kiak agertuko dira, hura eskainiko duen tabernaren helbidearekin eta pintxoaren deskribapen txikiarekin. Era berean, kultur, kirol eta aisialdi agenda ere jasoko du gidak.

ZOZKETAK ETA GINKANA

Pintxo Helmuga dinamikak Basau­riko ostalaritza zerbitzuen kon­tsumoa bultzatzeaz gain, bertako saltokietan egiten den kontsumoa ere sustatu nahi du. Horretarako, bonoen zozketa egingo dute pintxo-gidan agertuko diren tabernetan kontsumitu duten pertsonen artean. Balio ezberdinetako bonoak egongo dira jokoan, Basauriko merkataritza lokaletan trukatzeko.

Ekintza paralelo moduan gin­kana antolatu du Udalak. Ekainaren 5etik 7ra ospatuko da, ‘Helmuga Basauri Pasaportea’ izenpean. Hel­burua kontsumitzaileen ezagutza hobetzea izango da, ostalarien eta merkatarien eskaintzaren arabe­rakoa. Kontsumitzaile bakoitzaren ‘Basauri Pasaportea’ eskuorrian ta­bernariek zigilua jarri beharko dute eta behin hori beteta, tabernetan egongo den ontzian sartu behar dute. Ondoren zozketa burutuko da; oraindik erabakitzeke dago bonoak banatuko dituzten edo jardueraren bat egingo duten, hala nola, bazka­ri edota afari bat edo gau baterako bonoa Basauriko ostatu batean.

 

__________

KALEARTEAN, ARTEA LOKAL HUTSETAN

KaleARTEan” ekimena berri­kuntza da 2015eko Helmuga Basauri programaren barnean. Ekainaren 5etik 7ra bitartean ospatuko da eta xedea Basau­riko paisaiaren eta gune ko­mertzialaren estetika hobetzea da, hutsik dauden hamar lokal berrerabiliz eta artearekin lo­tutako jardueretara bideratuz. Horiek horrela, artearen pre­sentziarekin herritarren arreta deitzea bilatuko du ekimen ho­nek, bidez batez, artearekin goza­tzeko aukera emanez.

Ekimenaren arduradunek dio­tenez, “orain arte hutsik egon diren guneetan jarduera sortzeak, gizar­tea eta ekonomia berpiztea dakar. Espazio huts horiek jendea erakar­tzen dute, joan-etorrian dabilen jendea bereganatzen dute. Negozio horien inguruko eremua pizteak bi­sitari gehiago dakartza, eta horrek areagotu egiten du jarduera ekono­mikoa”. Basauriko Udaleko Merkata­ritza atalak sustatutako proiek­tua da KaleARTEan, Basauriko Merkatariak elkartearen lagun­tzarekin, eta diseinuan inmobi­liarien kolaborazioa izan du.

Ekainaren 13an, larunbatez, ‘Basauri Musika Helmuga’ jar­dunaldia ospatuko da. Ekimen osagarri honen asmoa gune ko­mertzialak alaitzea izango da eta guztira 8 musika taldek har­tuko dute parte, egun osoz.

 

☉ Basauri

Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari

|

Exabier Arrieta eta Leire Lezameta, Basauriko EH Bilduko lau ordezkarietako bi, San Migelen // Basauriko EH Bildu

Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).

Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.

“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.

Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.

“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.

“Maniobra tarte txikia”

“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.

Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.

“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.

Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen

|

Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute // Geuria

Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.

Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.

Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik

|

Abenduaren 13ra arte dago epea zabalik izena emateko; guztira 60 plaza eskainiko dituzte // Artxiboko irudia, Geuria

Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.

Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.

Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek.  Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.

Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’

Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra

|

Jon Arretxe, Touréren azken nobela eskuetan // Argazkia: Erein

Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.

Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

11 liburu, 12 urte

Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:

Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.

Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.

Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian

|

Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz  eta fake news fenomenoaren inguruan.

Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.

Osorik irakurri