Sareak

☉ Basauri

Basauriko Antzerkigintza ikastaroak 539 ikasle izan ditu 2014/2015 ikasturtean

|

basauri antzerki topaketa ibaigane 2012

Ekainaren 1etik 9ra Antzerki topaketa ospatuko da Basauriko Ibaigane kultur etxean. Ikasleek urtean zehar prestatutakoa aurkeztuko dute publikoaren aurrean.

Antzerkiak lotura berezia izan du be­tidanik Basaurirekin. Desagertutako Antzerki Eskolan Euskal Herrian gaur egun ezagunak diren hainbat akto­rek ikasi zuten, besteak beste, Itziar Ituñok eta Unax Ugaldek. Social An­tzokiak ikuskizun-agenda oparoa du eta, horrez gain, bestelako antzerki ikastaroak sortu dira.

Azken eremu horretan, Euska­rabila Basauriko euskaldunon el­karteak badu zeresanik. Izan ere, 2007. urtean hasi zen Antzerkigin­tza ikastaroak antolatzen: “Funtsean euskararen erabilerari bultzada bat emateko egitasmo bezala sortu ge­nuen”, diote elkarteko kideek. Hala ere, gaur egun hainbat helburu ditu ikastaroak; euskararen erabilera es­parru eta adin ezberdinetan nor­malizatzea, ikasleen garapen osoa bultzatzea eta antzerkia eta euskara uztartuz gozatzea eta gozaraztea.

Urtetik urtera ikasle berriak era­karri asmoz, Basauriko ikastetxee­kin harremanetan dago Euskarabila, nahiz eta hasieran ez zuten horrela planteatu: “Proiektua diseinatu ge­nuenean, ez genuen ikastetxeetan pentsatu. Gure asmoa eskolaz kan­poko ekintza moduan zabaltzea zen, baina horrek zailtasunak ditu, gaur egungo ekin­tzen aukeraketa ez baita euskararen irizpideari jarraiki egiten”.

Horiek horrela, orain arte eskoletan soilik lan­du den proiektua izan den arren, aurten eskolaz kanpoko ekintza moduan zabaltzen hasi dira: “Asmoa Basauri osora zabaltzea da, norbanakoek ere parte hartzeko au­kera izan dezaten”. 2014/2015 ikas­turtean guztira 539 ikaslek eman dute izena: 10 eta 13 urte bitarteko umeak, guraso talde bat eta eskolaz kanpoko talde bat.

Proiektuaren kudeaketa Eus­karabilaren ardura izan da denbo­ra luzez: besteak beste, ikastetxeei informazioa eskaini eta erakarri, ordutegiak adostu, antzerkigintza irakasleak kontratatu eta koordi­natu, emanaldiak adostu, azken balorazioak jaso eta Udalean aur­kezteko txostena egin. “Gaur egun, ordea, Basauriko Udalak aurkeztu­tako lehiaketa publiko batean par­te hartu eta gero ari gara proiektua kudeatzen”, diote Euskarabilako ar­duradunek.

IKASTAROA ETA GERO, AURKEZPEN PUBLIKOA

2007. urtean Antzerki ikastaroak eskaintzen hasi zirenetik orain arte urritik apirilera bitartean burutu di­tuzte, baina aurtengo ikasturtea 2015eko otsailean hasi dute. Anto­latzaileek aurreratu dutenez, “dato­rren urtean urrian hasiko da ikasta­roa eta Aste Santuko oporren ostera arte iraungo du”.

Ikasturte bakoitzaren bukaeran Antzerki Topaketa prestatzen dute eta bertan ikasleek euren antzez­lanak publiko aurrean aurkezten dituzte. Aurten ekainaren 1etik 9ra ospatuko da Topaketa, goizez zein arratsaldez Ibaigane Kultur Etxean.

☉ Basauri

Antón Ferrerori eta errepresio frankistako biktimei omenaldia egingo diete Basaurin martxoaren 9an

|

1976ko martxoaren 8an erail zuten indar errepresio frankistek Anton Ferrero basauriarra // Geuria

Indar errepresibo frankistek Vicente Anton Ferrero basauriarra hil zutenetik 48 urte beteko dira martxoaren 8an.

1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren erasoak eta erailketak salatzeko manifestazioan parte hartzen ari zen Anton Ferrero Basaurin eta poliziak tiroz hil zuen bere izena daraman kalearen ondoan 18 urte zituela.

Urtero bera eta diktadura eta errepresio frankistaren biktimak omentzeko ekitaldia deitzen du Ahaztuak elkarteak Basaurin. Aurten martxoaren 9n, larunbatez, izango da 13:00etan Bingen Anton Ferrero kalean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeek faxismoaren aurka egindako borroka azpimarratuko dute Basauriko M8 egitarauan

|

Martxoaren 8an elkarretaratzea egingo dute Basaurin, Azaroak 25 plazan // Geuria

Martxoa heldu da eta horrekin batera berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko aldarriak berriro mahai gainean jartzeko tartea.

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta horren inguruan hamaika jarduera antolatu ditu Basaurin Berdintasun arloak. Eta ez bakarrik egun horretan; izan ere, egitaraua hilabete osoan zehar eta apirilean zehar luzatuko da.

Besteak beste, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak eta Emakumeen Ahotsak zikloa antolatu dituzte Basaurin. Era berean, M8an elkarretaratzea ere deitu du Basauriko Asanblada Feministak, Berdintasun Kontseiluaren babesarekin.

M8ko elkarretaratzea 13:00etan izango da Azaroak 25 plazan, indarkeria matxistaren biktima diren eta bizirik atera diren emakumeen Memorialaren eta Eskarabileren estatuaren ondoan (San Pedro elizaren ondoko plaza).

“Aurten ere, emakumeen errealitatea hainbat ikuspegitatik landuko dugu; Martxoaren 8 honetan, bidegabekeria sozialen aurka emakumeek egin duten borroka historikoa ikusgai jartzearekin hasi, eta feminismoak adinik ez duelako aldarrikapenagaz amaituko dugu”, dio Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziak.

Emakume erresistenteak

Gatazka historikoaren barruan, emakumeek faxismoaren aurka egindako borroka nabarmendu nahi izan dute Basaurin, eta horretarako martxoaren 4tik apirilaren 26ra bitartean ‘Emakume erresistenteak’ erakusketa izango da Marienean.

Erakusketa hori Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak antolatu du, emakumeek Espainiako Gerra zibilean eta Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka egindako borroka ikusgai jartzeko asmoz.

Martxoaren 7an, 18:30ean izango da erakusketaren inaugurazio-ekitaldia, eta elkarteko ordezkari batek parte hartuko du bertan.

Mari Luz Esteban eta adineko emakumeak

‘Feminismoa dugu alternatiba!’ hitzaldi-zikloaren barruan, Mari Luz Esteban Galarza basauriarrak adineko emakumeen gaia ikuspegi feminista batetik landuko du. Hitzaldia Marienean izango da martxoaren 21ean 18:00etatik 20:30era.

Martxoaren 21ean ere Korrika igaroko da Basauritik eta hori aprobetxatuta, emakumeek presentzia izango dute kilometro batean, Azaroak 25 plazatik hasita. Aurten Kapritxosas taldeak eramango du lekukoa; izan ere, Basauriko emakumezko pailazo feministen taldeak hamahiru urte betetzen baititu.

Egitaraua / M8 Basaurin

Otsailak 20-Martxoak 5
‘Emakumeen erabakia: Guatemala’ argazki erakusketa Marienean

Martxoak 2-30
‘Emakumeen Ahotsak’ zikloa Social Antzokian: Limbo Cabaret, Sara Azurza, Eva Guerrero, Lolita Flores…

Martxoak 4-Apirilak 26
‘Emakume erresistenteak’ erakusketa (Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartea)
Inaugurazio-ekintza: martxoaren 7an, 18:30ean

Martxoak 5, asteartea
19:00 Antzerki foro tailerra Marienean

Martxoak 8, ostirala
13:00 Elkarretaratzea Azaroak 25 plazan

Martxoak 21, osteguna
13:50 Korrika: Emakumeen kilometroa (Las Kapritxosas) Azaroak 25 plazatik
18:00-20:30 Hitzaldia Marienean: ‘Emakue zaharren gorputzean jokatzen ari da berdintasuna’ (Mari Luz Esteban Galarza, Emakume Feminista Zaharren taldearekin lankidetzan)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Mikel Garcia Basauriko Javi Conde klubeko atleta munduko Short Track Virtus txapeldun da

|

Mikel Garcia Munduko Short Track Virtus Txapelketan, Reimsen (Frantzia) // Argazkia: Geoffrey Wahlen, FFSA

Javi Conde klubeko Mikel Garcia eta Ibai Magdaleno atleta paralinpikoek Munduko Short Track Virtus Txapelketan parte hartu zuten otsailaren 20tik 25era bitartean. Txapelketa Reimsen izan zen, Frantzian.

Lorpenei dagokienez, 800 metroko lasterketan munduko txapeldun da Mikel Garcia. Gainera, zilarrezko domina irabazi zuen 400 metrotan.

“Mikel sasoi bikainean iritsi zen txapelketara, Ciechanowen (Polonia) kros laburreko munduko txapelketan urrezko domina eskuratu ondoren”, dio Javi Conde entrenatzaileak, eta gaineratu du: “Mikelen bi dominek Down kirolarien aldarrikapena indartzen dute Joko Paralinpikoetan lehiatu ahal izateko”.

Hain zuzen ere, Joko Paralinpikoetan ez dago Down sindromedunentzako kategoriarik, eta duela urte batzuk Mikelen gurasoek Elvira Agirrezabal eta Gotzon Garcia‘Down Paris 2024’ ekimena martxan jarri zuten. Ekimen horren helburua da Joko Paralinpikoetan Down kategoria sortzea.

Podiumaren atarian

Bestetik, Ibai Magdalenoren kasuan, podiumaren atarian geratu zen. Magdalenok 3.000 metrotako lasterketan parte hartu zuen eta laugarren bukatu zuen.

Ibai Magdaleno Munduko Short Track Virtus Txapelketan, Reimsen (Frantzia) // Argazkia: Geoffrey Wahlen, FFSA

Era berean, 1.500 metrotako proba ere egin zuen Magdalenok eta zazpigarren sailkatu zen.

“Oso maila altuan lehiatu da Ibai. Lasterketa zailak izan ziren, eta pozik gaude lortu duen emaitzekin”, dio Condek.

Ekainean Javi Conde klubeko zenbait atletak Suedian jokatuko den aire zabaleko Europako Txapelketan parte hartuko dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kareaga eta Basozelai auzoetako irisgarritasuna hobetzea jasotzen du Basauriko Udal Gobernuaren planak

Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera “aginte-plana osatzen duten jarduera guztiak Nazio Batuak zehazten dituen Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerratuta daude”

|

Basauriarrek merezi duten herria egiten jarraitzea. Hori da Udalak aurkeztu duen Gobernu Planaren helmuga. Horretarako, 6 arlo ezberdinetan antolatutako 79 neurri aurkeztu dituzte Asier Iragorri alkateak eta Isabel Cadaval PSEko bozeramaileak. Arloak honako hauek dira:

  • Basauri Soziala
  • Basauri enpleguarekin, garapen ekonomikoarekin eta tokiko merkataritzarekin
  • Basauri hezkuntzarekin eta gure gazteentzako aukerekin
  • Basauri bizigarria, jasangarria eta segurua
  • Basauri kulturarekin, kirolarekin eta euskararekin
  • Udal moderno eta irekia

Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera “aginte-plana osatzen duten jarduera guztiak Nazio Batuak zehazten dituen Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerratuta daude”.  Helburua, Asier Iragorri alkatearen arabera, herritarren ongizatea bermatuko duen eta sozialki aurreratua izango den Basauri bat eraikitzen jarraitzea da. Horretarako, udalerri irisgarri eta seguruagoa eta jasangarriagoa sustatu nahi dute, enpresa eta enplegu aukerak sortzeko gai izango dena. “Denontzako Basauri plural eta euskaldun baten alde ere lan egingo dugu, bere nortasunari eutsiko diona eta kultura- eta aisialdi-eskaintza aberatsa izango duena. Azken finean, Udal moderno eta irekia, kalitate handiko zerbitzu publikoak eskainiko dituena” borobildu du Iragorrik.

Hirigintza protagonista

Neurri zehatzei dagokienez, arlo urbanistikoak pisu nabarmena izango du udal gobernuaren jardunean. Hori horrela, hainbat jarduera garatuko dira “Basauri bizigarria, jasangarria eta segurua” arloaren 26 neurrietan zehar. Horietako bat Kareaga Goikoaren hirigintza-garapena izango da, 1,3,5 eta 7. zenbakietan. Bestalde, Larrazabal eremuaren kasuan birgaitu daitezkeen hirigintza eremuetarako udalaz gaindiko baliabideak aztertzea eta eremu horietarako sarbidea erraztuko da, La Baskoniaren inguruko hirigintza- eta gizarte-garapenarekin batera.

Era berean, San Migelgo Renferen geltokiaren ondotik doan espaloia handitzea, Urbiko plazan hobekuntzak egitea eta Zumalakarregi kalearen hirigintza-berrikuntza integrala egitea aurreikusten da; izan ere, esku-hartze horrek 2024ko aurrekontuan partida ekonomiko bat esleituta dauka. Basauriko alkateak zehaztu du gobernu planean jasotako ekintza batzuk legegintzaldiko lehen hilabete hauetan jarriko direla martxan, eta beste batzuk pixkanaka definitzen edo gauzatzen joango direla. Arlo honen baitan kokatzen dira Basozelai eta El Kaleroko irisgarritasuna hobetzea, parkeak eta aisialdirako eremuak handitzea edo hiri-baratzeak sortzea.

Ongizate komunitarioa helburu

18 neurri jasotzen dira arlo honetan, besteak beste gizarte-bazterkeriako eta ahultasun ekonomikoko egoeren aurkako borroka,”Basauri lagunkoia adinekoekin” programan jasotako ekintzak garatzen jarraitzea, Adinekoentzako gizarte-zentro berria, nahi ez den bakardadearen aurkako programak edo  Sarratuko bizikidetza-unitatearen eta eguneko arreta-zentroaren proiektua garatzea.”Adinekoak gure kudeaketa politikoaren erdigunean daude, eta baliabideak bideratuko ditugu haien babesa eta bizi-kalitatea bermatzeko”, azpimarratu du Isabel Cadavalek.

Beste arloak ere ez ditu bazter utzi udal gobernuak, eta berdintasuna erdigunera ekarri dute. PSE-EEko bozeramaileak adierazi duenez, “Basauriko Indarkeria Matxistaren aurkako II. Planean jasotako neurriak ere ezarriko ditugu, eta indarkeria matxistaren biktimei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza juridikoa eta psikologikoa ematen jarraituko dugu; ezinbesteko zerbitzua da, eta oso beharrezkoa prozesu osoan laguntzeko”.

Enplegua eta tokiko merkataritza ere funtsezko elementuak dira Basauriren garapenerako, eta hori horrela, basauriarrei enplegu-aukerak eskainiko dizkieten enpresa berriak herrian kokatu daitezen lan egingo dutela iragarri dute udal ordezkariek, horretarako dauden guneak baliatuz, bereziki La Baskonia eta Mercabilbao kokatzen diren orubeetan.

Haurreskolen egoera ere kontutan hartu du udal gobernuak plan osatzerako orduan: “agintaldiaren hasieran iragarri genuenez, uztailean, gobernu-akordioa aurkeztu genuenean, udalerrian 0 eta 2 urte bitarteko haurren eskolatze-beharrak aztertzen ari gara, eta, plazarik ez dagoela ikusiz gero, Haurreskolen Partzuergoari eskatuko diogu familiei zerbitzu hori eskaintzeko gune berriak sortzea, Basaurin antzemandako eskaerari erantzuteko”, gogorarazi du Cadavalek.

Kulturari, kirolari eta euskarari dagokienez, kultura-ekipamendu berri bat izateko helburuan aurrera egingo da, Baskoniaren nabe zaharraren birgaitzearekin, eta Euskara Sustatzeko Plana ere garatuko da, prozesu parte hartzaile baten bidez.

Bukatzeko, beste helburu nagusi bat ere badu planak, udal eredu  “modernoago, parte-hartzaileago eta irekiago” baten arrastoan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jantokiaren kalitatea bermatzeko “aktiboki lan” egingo duela ziurtatu die Basauriko Udalak Guraso Elkarteei

Eusko Jaurlaritzak Basauriko Udalari azaldu dio egungo jantoki-zerbitzurako alternatiba ezberdinak lantzen ari dela, eta litekeena dela Basauri izatea horrelako esperientzia bat martxan jartzeko aukeratuko duten lehen herrietako bat

|

San Migelgo Sofia Taramona ikastetxeko jantokia / Sofia Taramona

Hilabete hasieran Basauriko IGE taldeak ( Ikasleen Guraso Taldeak) gutuna igorri zien ikastetxe publikoetako gurasoei, otsaileko Osoko Bilkurara eraman behar zuten aldarrikapen eta eskariaren berri emateko: udal sukalde baten sorrera herrian, “eskolak eta interesa duten beste zentro batzuk hornitu ahal izango duena, enplegua udalerrian eskainiz eta bertako merkataritzan oinarritutako kalitatezko janaria eskaintzen duena”. Hori bakarrik ez, bihar 18:00etan ospatuko den Osoko Bilkurara hurbiltzeko gonbidapena luzatu zieten gurasoei.

Eskari hau ez da Guraso Taldetik egiten duten lehena, aurretik ere hainbat proposamen egin baitituzte, gutunean bertan zehazten dituztenak, betiere, “gure zentroetan elikadura egoki baten alde” lan egiteko helburuarekin : “lehenik eta behin, garraiatutako catering-zerbitzuak sinatutako agirien zehaztapenak bete daitezen borroka egin genuen (gutxiegitzat jotzen ditugun dokumentuak), eta gure zentro gehienetan tokian tokiko sukaldaritza ere eskatu dugu (guztietan bideraezina ikusten duguna eta denbora asko behar izango da aldaketa lortzeko)”.

Proposamen honen harira, Basauriko Udalak bilera egin du guraso-elkarteetako ordezkariekin, eta bertan hainbat konpromiso hartu ditu, “ikastetxe horietako ikasleek kalitatezko jantoki-zerbitzua jaso dezaten, betiere bere eskumenen esparruan”. Hasteko, udal arduradunek zera zehaztu dute: “Basauriko Udalak udalerriko eskola-jantokien egoerari buruzko informazioa bildu eta kontrastatu du zenbait iturritatik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila eta guraso-elkarteak, zerbitzuaren diagnostikoa egin, eta horrela, Eusko Jaurlaritzari Basauriko familien kezkak eta proposamenak helarazi ahal izateko”.

Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko arduradunekin harremanetan egon da etengabe Udala, guraso-elkarteen iritziak eta gogoetak helarazteko eta egungo zerbitzua hobetzeko konponbideak bilatzeko deia egiteko; izan ere, jantoki-zerbitzua Basauriko Udalaren eskumena ez den arren, arazoak udalerriko familia askori eragiten die

Eusko Jaurlaritzarekin izandako hartu eman horren harira, udalak jakin ahal izan du Eusko Jaurlaritza “beste alternatiba batzuk” baloratzen ari dela jantoki-zerbitzurako, eta horietako baten bat gauzatu balitz “litekeena dela” Basauri izatea horrelako esperientzia bat martxan jartzeko aukeratuko duten lehen udalerrietako bat.

Bukatzeko, Udalak adierazi du  “eskumena duen Eusko Jaurlaritzarekin batera, ikuspegi juridiko, tekniko eta ekonomikotik bideragarria den edozein aukera aztertuko” duela, “baldin eta gure ikasleei emandako jantoki-zerbitzuaren kalitatea hobetzeko bada”. Helburu hori lortze aldera, “udal-azpiegiturak Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko prest dago Basauriko Udala, xede horretarako erabil ditzaten, bai eta eskumena partekatzeko prest ere, lankidetza-hitzarmenen bidez edo bestelako bideetatik, horretarako beharko litzatekeen finantzaketarekin”.

Begiraleen artean euskara sustatzea helburu

Beste alde batetik, Udalak jakinarazi du jantokiko eta jolastokiko begiraleekin lan egingo duela,  “enpresa esleipendunaren betebeharra” den arren. “Basauriko Udalak”,  borobildu dute  ” bere kudeaketaren lehentasunezko arloetako bat euskararen erabilera sustatzea denez, zenbait aukera, baliabide eta ekintza baloratzeko konpromisoa hartu du, guraso- elkarteekin lankidetzan gune horietan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin”.

Osorik irakurri