Tailer tematikoak, aire librean egiteko jarduerak, igerilekua eta txangoak izango dira, besteak beste, ekintzarik nabarmenenak. Maiatzaren 8ra arte irekita izena emateko epea.
Udaberriarekin batera heldu da udalekuetan izena emateko aukera. Hain zuzen ere, apirilaren 27an irekiko da seme-alabak inskribatzeko aldia eta maiatzaren 8ra arte luzatu da. Hainbat ekintza erakargarriz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikiek. Hala nola, euskaraz jardun ahal izango dute tailer tematikoetan, aire zabalean, igerilekuetan eta txangoetan.
Basauriren kasuan, 2001. eta 2011. urteen artean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute 2015eko udalekuetan. Aurreko hiru edizioetan bezala, ez da zozketarik izango; beraz, inskribatutako guztiak onartuko dira. Izena emateko hiru aukera daude: udaletxeko Herritarrei Informazioa eta Arreta emateko Bulegoan (HIAB) 08:30etik 19:30era edota San Migelen, Pagasarri kalean, 08:30etik 14:00etara, baita basauri.net webgunearen bidez ere.
Bi txandatan banatuko dira (uztailaren 1etik 14ra eta uztailaren 15etik 28ra) eta egun osoko, egun erdiko edo kirol udalekuen artean aukeratu ahal izango dute interesatuek. Adinaren arabera, ikastetxe publikoren batean zein Kultur Etxeren batean izango dira udalekuak.
Onartutakoen zerrenda udal webgunean eta Basauriko zein San Migelgo HIAB bulegoetan jarriko da 2015eko maiatzaren 21ean. Zerrenda hori behin-behinekoa izango da, izan ere, maiatzaren 28ra arte erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira. Behin betiko zerrenda ekainaren 3an argitaratuko da. Ordaindu beharreko prezio publikoak eta epeak udal webgunean aurki daitezke.
470 PLAZA GALDAKAON
Galdakaori dagokionez, udalekuak ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean izango dira, 10:00etatik 13:30era -irteera dagoen egunetan ordutegia zabalagoa izango da- eta hurrengo lekuetan: Aperribai, Usansolo eta Urreta. Guztira, 470 plaza eskainiko dituzte 2004. eta 2012. urteen artean jaio diren haurrei zuzenduta. Eskaerak egiteko hainbat leku prestatuko dituzte: Esan bulegoa (08:00-15:00), Torrezabal Kultur Etxea (09:00-13:30), Usansoloko Ludoteka (19:00-20:00), Aperribai HI (09:00-13:30 eta 15:00-16:30) eta galdakao.net webgunea.
Eskaerak plazak baino gehiago balira, maiatzaren 20an zozketa egingo lukete Gandasegin, 17:30ean. Eta, maiatzaren 25ean onartuen zerrenda ipiniko dute ikusgai Torrezabalgo bigarren solairuan eta udal webgunean. Matrikularen ordainketa ekainaren 1etik 10era bitartean egin ahal izango da.
