Sareak

☉ Basauri

Bakarrik bizi diren 197 adinekori arreta eskaini zien Basauriko Etxeko Laguntza Zerbitzuak iaz

Zerbitzuak 303 erabiltzaile artatu zituen iaz, gehienak 85 urtetik gorakoak, eta 60.000 arreta-ordu baino gehiago eskaini zituen, autonomia pertsonala sustatzeko helburuarekin

|

303 erabiltzaileetatik 227 emakumeak izan ziren // Argazkia: Piksel

Etxeko Laguntza Zerbitzuak (ELZ) 303 erabiltzaile izan zituen iaz Basaurin. Gehienak, % 56a, 85 urtetik gorakoak ziren; hau da, 170 herritar.

Udal ordezkariek adierazi dutenez, zerbitzuan artatutakoetatik 227 emakumeak izan ziren (% 75) eta, kopuru osotik, 179 alargunak (% 59).

Beste datu adierazgarrietako bat da artatutako basauriarren % 65a bakarrik bizi dela, hau da, 197 herritar. “Gainera, gehienek ez daukate mendekotasun-baloraziorik edo aitortutako mendekotasun-gradurik”, diote udal arduradunek.

Ordu kopuruari dagokionez, guztira 60.000 zerbitzu-ordu baino gehiago eman zituen Basauriko Udalak: “Bataz beste 5,68 orduko intentsitatearekin”, diote. Bizkaia mailan antzeko ordu kopurua eskaintzen dutela nabarmendu dute Udaletik.

Erabiltzaileek eta zaintzaileek “oso ondo” batekin baloratu dute zerbitzua: 10 puntutik 8,52 eman diote.

Hobekuntzak zerbitzuan

2023an Basauriko Udalak ELZren araudia aldatu, eta zenbait hobekuntza sartu zituen zerbitzuan. Besteak beste, gehitu egin zituen mendekotasun-gradua aitortua duten erabiltzaileentzako arreta-orduak, hala nahi izanez gero etxean denbora gehiago egon daitezen, “egoerak horretarako aukera ematen badu”.

“Aldaketa horri esker, ezinbesteko arrazoi bat dela-eta eriondoko-egoeran dauden ELZren erabiltzaileek, aurretiazko balorazio tekniko baten ostean, aukera dute jasotako arreta-orduen kopurua handitzeko 3 hilabetez —eta epe hori 6 hilabetera luza daiteke—”, diote udal ordezkariek.

Era berean, araudian sartutako beste hobekuntza bat da: bizikidetza-unitatean mendekotasun-balorazioa duen kide bat baino gehiago egonez gero, gradu altuena duenari legokiokeen ordu-kopuruaz gain, % 50 handituko da mendekotasuna duen edo mendekotasun-arriskua duen beste kideari egokitu ahal zaizkion orduen kopurua.

“ELZ arautzen duen testu berriarekin, desgaitasuna aitortua duten 60 urtetik gorakoek eta mendekotasunik aitortuta ez duten 65 urtetik gorakoek hilean, gehienez, 20 orduko zerbitzua jasotzen hasi ahal izan dira, aurretiaz balorazioa egin eta gero. Nabarmendu beharra dago, halaber, araudi berria onartu eta gero, bakarrik bizi diren eta behar besteko laguntza familiar eta sozialik ez duten 85 urtetik gorakoek hilean, gehienez, 30 orduko laguntza eskatzeko aukera dutela, balorazioa egiteko beharrik gabe”, diote.

Testu berriak jasotako beste hobekuntza aipagarrienetako bat izan da balorazio teknikoaren arabera babesgabetasun-egoera edo -arriskuan edo bazterketa- edo abandonu-egoeran daudenek edo tratu txarrak pairatzen dituztenek hilean 30 orduko arreta jaso ahal dutela, “gehienez, Etxeko Laguntza Zerbitzuak ematen dituen prestazioak behar badituzte”.

“Oro har, neurri horiek guztiek ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatzea bilatzen dute, zerbitzuaren intentsitatea eta malgutasuna handituta eta prestazioak bateratzeko aukera emanda”, diote Udaletik.

☉ Basauri

Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

|

2026ko Basauriko gizonezkoen Selekzioa // Basauriko Udala

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.

Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.

Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo,  Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin

Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

|

Larunbatean egingo dute Korrika jaia San Migelen // Geuria

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.

Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.

Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.

Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.

Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.

Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen

Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

|

Sofia Taramona ikastetxeko jantokia // Geuria

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.

Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.

Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.

Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.

“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.

Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian 

|

Marina Landa Aria taldeko buru da eta kontzertua emango du martxoaren 12an Basaurin // Social Antzokia

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.

Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.

Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz. 

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”

2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

|

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]

Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.

Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.

Osorik irakurri