Abenduaren 3a egun garrantzitsua da euskaldunentzat. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da 1949. urteaz geroztik Eusko Ikaskuntzak hala ezarri ondoren, eta 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, eguna instituzionalizatu zuten.
Basaurin euskara sustatzeko hainbat egitasmo daude martxan, tartean, Euskararen Egunean Udalak antolatzen dituen jarduerak, udalerriko elkarteekin eta kolektiboekin elkarlana sustatuz.
BERBALAGUN JAIA, JOLASAK ETA KANTU POTEOA
2012. urtean Berbalagun jaia ospatu zen azaroaren 30ean. Jolasak, pintxoen dastaketa eta zozketak izan ziren, baita kantu poteoa ere. Era berean, Basaurin Be Bagara Euskarabila Elkartearen egitasmoaren lehenengo edizioa martxan jarri zuten.
Abenduaren 3an, Basauriko eskoletako ikasleek ekitaldi sinbolikoa egin zuten ‘Euskararen Egunean mila mezu, mila konpromezu’ lema ardatz hartuta. Parte hartzaileek “euskararen basoa” osatu zuten Kultur eta Gizarte Etxeetan, bertako hostoetan eta perretxikoetan gure hizkuntzaren aldeko mezuak kokatuz.
EMAN GILTZA, EUSKARAREN TRANSMISIOA BULTZATZEKO
2013ko azaroaren 29an, abenduaren 2an eta 3an Paula Kasaresek bi hitzaldi eskaini zituen, euskararen familia bidezko transmisioa sustatzeko helburuz. Berbalagunek prestatutako kantu poteoa eta Basaurin Be Bagara jaiaren kalejira koloretsua ere nabarmentzekoak izan ziren.
Abenduaren 3tik 9ra bitartean Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen euskarari buruzko hausnarketen erakusketa egin zen Basauriko Kultur eta Gizarte Etxeetan, ‘Basaurin hamaika lora euskarak egiteko gora’ lelopean.
EUSKARAREN ZAPOREAK GOZATZEKO EGUNA
2014an ‘Euskararen zaporeak’ ekimena prestatu zuen Basaurin Udalaren Euskara Sailak. Jarduera horren bidez herritarrek euskararekin duten harremana jaso eta herritarren ahoan jarri zuen. Txiklea ahoan sartuta, euskarari zein zapore hartzen zioten adierazi zuten herritarrek. Material horrekin Udalak bideoa egin eta webgunean eskegi zuen.
Era berean, Basauriko eraikin publikoek –hala nola, Marienea, Kultur eta Gizarte Etxeak eta kiroldegiak- euren itxura aldatu zuten eta “Euskaraz bizi gura dot” zioten pankartak jarri zituzten.
GLOBOAK AIRERA 2015EAN
Aurten, Basauriko Udalak euskararen aldeko mezuak dituzten globoak askatuko ditu abenduaren 3an, ‘Euskara, Zuztarretatik Ahora, Ahotik Airera’ ekimenaren baitan. Solobarria plazan hiru txoko egongo dira eta zenbait jarduera egingo dituzte bertan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00ak arte: hala nola, euskararekin lotutako mezuak idaztea, photocall-a eta mezuak globoen bidez airera botatzea.
Ekitaldi horiez gain, mikrofono bat egongo da, “nahi duenak bere mezua zabaldu eta jasota utzi dezan”, dio Nora Pereda Euskara zinegotziak. Txokolatada ere egingo da.
