Azterketa arkeologiko berriak egin ondoren, San Martin ermita berriro berriztu eta beirazko lauzak eta lauza opakoak jarri dituzte, garai erromatarreko eta Erdi Aroko hondarrak ikusteko.
Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak eta Andoni Busquet Basauriko alkateak Finagako San Martin baselizako kultura multzoa bisitatu dute. 1994. urtean Aldundiko teknikariek auzoaren inguruetan lan egin zuten eta aurkikuntza harrigarriak egin zituzten: fasehistoriko asko kontserbatzen zirela ikusi zuten, Prohistoriatik gaur egunera arte, garai erromatarra, antzinate berantiarra eta Erdi Aroa barne. “Metro koadro gutxiko eremuan, Bizkaiko aldi historikorik zaharrenak adierazten zituen lagin arkeologiko garrantzitsuak topatu genituen, kasuren batean ordura arte aurkitutako lekukotza bakarra“, diote teknikariek.
Gaur egun, San Martin ermitak berrikuntzak jasan ditu eta beirazko lauzak eta lauza opakoak konbinatzen dituen zoru mistoa jarri dute. Horri esker, garai erromatarreko eta Erdi Aroko eraikin erlijiosoaren hondarrak ikus daitezke.
BISITA GIDATUAK
Finagako San Martineko kultura multzoa bisita gidatuen bidez erakutsiko da datozen lau asteburuetan: azaroak 22, 23, 29 eta 30, baita abenduaren 6, 7, 13 eta 14an ere. Foru Aldunditik adierazi dutenez, “geroagoko egunetarako behin betiko bisita-araubidea ezarriko da“. Era berean, baselizak azken 2.000 urteetan izan duen bilakaera historikoa azaltzen duen pirolabazko informazio-mahaia enkargatu dute.
