Enpleguen prekarietateari buruz galdetuta, lanpostuen egonkortasuna, kontziliazio-familiarra eta etengabeko formakuntza aipatu ditu banaketa kate balentziarrak
Azaroaren 12tik aurrera Basaurik supermerkatu berri bat izango du: Mercadona. Urriaren 22an Barakaldon ireki zuen banaketa konpainia balentziarrak bere lehen supermerkatua Bizkaian. Basaurikoa bigarrena izango da eta bertan “ilusio handiarekin” ekingo diotela adierazi dute. “Espero dugu zonaldeko herritarrek bilatzen duten kalitatea eta prezioa eskaintzea” dio Nahia Nebra Mercadona Euskadi eta Nafarroako Komunikazio arduradunak. Urbi kaleko 4. zenbakian egongo da kokatuta Mercadona: “Oso pozik gaude supermerkatuaren kokalekuaz, batik bat herri-ingurunean dagoelako”, dio Nebrak.
Guztira berrogehi lanpostu berri sortuko dituela dio kate balentziarrak, euren esanetan, “egonkorrak eta kalitatezkoak. Kontziliazio familiarraren aldeko apostua egiten dugu eta beti kokatuko garen inguruko langileak kontratatzen ditugu”. Langile gehienak eskualdekoak izango direla baieztatu dute, batik bat, basauriarrak.
1.500 METROKO GUNEA
Basauriko Mercadonak 1.500 metro karratuko salerosketa-gunea izango du: “Supermerkatu batek dituen ohiko atalak izango ditu: janaria, edariak, garbiketa produktuak, higienea, baita animalientzako janaria ere”. Ordutegia 09:15etik 21:15era bitartekoa izango da. Era berean, produktu freskoak salduko dituztela adierazi dute, baita Euskal Herrian ekoiztutakoak ere ere: Arabako 65.200 kilo patata erosi dizkiote Udapa Kooperatibari eta Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetako arrainen erosketak handitu dituztela azaldu dute.
AURKEZPENAK IBAIGANEN
Emailez erantzundako galdeketan, lanpostuen prekarietateari buruz itaunduta, langileen formakuntzari “arreta berezia” jartzen diotela dio Nebrak: “Gure lan-politika hurrengo puntuetan oinarritzen da: egonkortasuna, kontziliazio familiarra, etengabeko formakuntza eta barne sustapena, besteak beste. Geure langileek ‘Nagusia’ -horrela deitzen diegu geure bezeroei- asetu behar dutela ulertzen dugu eta horretarako %100ean pozik eta konpromisoarekin heldu behar diote lanpostuari”.
Basauriko supermerkaturako kontratazioak uda aurretik hasi ziren eta ordutik langileek formakuntza jaso dute kate balentziarrak Estatuan zehar dituen dendetan.
Horiek horrela, urriaren 26tik azaroaren 6ra bitartean aurkezpen-bilerak egiten ari da Mercadona Ibaiganeko Kultur Etxean, egunero, astelehenetik ostiralera. Horretarako, eskualdeko hainbat elkarterekin harremanetan jarri dira merkatal zentruko promozio arduradunak. Bileretan agertzen direnei produktu sorta bat ematen diete doan.
