Basauriko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak jakinarazi berri duenez, Europar Batasuneko bandera erdi-igota egongo da Udalean gaurtik maiatzaren 9ra bitartean (Europaren Eguna). Errefuxiatuei babesa adierazteko ikurra da honakoa.
Era berean, errefuiatuen zelaietan daudenak laguntzeko 5.700 euro dohantzan emango dizkio Lesvos Solidarity Gobernuz Kanpoko Erakundeari.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Martxoaren 21a, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Eta aurten, inoiz baino beharrezkoagoa da aldarrikatzea arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka. Ordea, beste urte batez, salaketak eta adierazpen instituzionalak eginagatik ere, ezinezkoa izango zaigu europearren oinazea, ezintasuna, frustrazioa, haserrea eta asperraldia baretzea, ezta apur batean ere. Halaxe sentitzen baikara Europar Batasuneko agintariek erakutsitako gelditasunaren, pasibotasunaren eta, areago, konplizitatearen aurrean. Gure kontinente zaharrak Bigarren Mundu Gerra eta gero bizi izan duen hondamendi humanitario larrienaren erantzule zuzenak baitira Batasuneko agintari horiek.
Ez dago errefuxiatuen dramarik, edo errefuxiatuen krisirik: erabaki politiko zehatzak eta berariazko jarduketak daude. Laguntza eta babes bila dabiltzanek ez dute halakorik topatzen, Europako erakundeek, bizkarra emateaz gain, beren aurpegi zakar eta ankerrena erakusten dietelako, umiliatu egiten dituztelako, itxaropeneranzko beren bidaia latz horretan. Giza-eskubideak errespetatuko dituen Europa nahi dugu euskal herritarrok, ez Turkiako Estatuarekin hitzarmenak sinatu, eta errefuxiatuen aurka egiten ari diren bidegabekeriak bermatuko dituena.
Horregatik guztiagatik:
Basauriko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak, EAJ-PNVren, PSEren, BASAURI BAIren eta EH BILDUren aldeko botoekin, eta PPren abstentzioarekin, Europar Batasuneko bandera erdi-igota egotea erabaki du, gaur, martxoak 31, hasi, eta maiatzaren 9ra arte (Europaren Eguna), salatzeko gaur-gaurkoz, eta gai honi dagokionez, bandera horrek ez duela bermatzen giza-eskubideen errespetua eta ez duela harrera bermatzen, EBk egin beharko lukeen bezalaxe.
Gainera, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek xedatu dute Lesvos Solidarity GKEri 5.700 euro dohantzan ematea, errefuxiatuen zelaietan daudenei laguntzeko.
Era berean, gogorarazi nahi dute Basauriko Udalak udal etxebizitza bi jarri dituela errefuxiatuen esku, gure herrira harreran etor daitezen.
