Basauriko Udalak errekerimendua bidali dio Arcelor Mittal enpresari Larrazabal kaleko 10, 12 eta 14 zenbakiak birgaitu ditzan. Eraikinak siderurgia-enpresaren jabetzapean daude eta Hiri-antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) babes bereziko erregimenean izenpetuta daude.
Hain zuzen ere, HAPOk zera jasotzen du: “Babestutako eraikinak edota arkitektura-multzoak ezingo dira bota, edota aurri-egoeraren aitorpena jaso, horien jabeei egotzi ahal zaizkien arrazoiak direla eta“. Horiek horrela, Udalak hirigintza-multzoa birgaitzeko eskatu dio Arcelor Mittali.
Compañía Anónima Basconiak eraiki zituen ‘La Basconiako langile etxeak’ 1924. urtean. Gaur egun ez da inor bizi bertan, sarbideak hormatuta daude eta eraikinak “oso egoera txarrean” daudela adierazi dute udal ordezkariek.
Proiektu teknikoa eta araudia
Higiezinotan egingo diren lanak proiektu tekniko batean oinarritu beharko dituzte. Era berean, urbanizatutako eta eraikitako ondarearen gaineko birgaitze-jarduketa babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren araudiak ezarritako irizpideak jarraitu beharko dituzte.
Higiezinak gaur egungo beharrizanetara egokitzeaz gain, proposatutako esku-hartzeak bermatu beharko du higiezin horiek kontserbatu egingo direla eta beren osagai tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatuko direla.
