Ekainaren 8an, asteazkenez, Baskonia Mendi Taldeak koroa berria jarri zion Gorbeiako gailurreko Begoñako Andra Mariaren estatuari -2013ko azarotik, koroarik gabe egon da irudia-. Espedizioa 07:15ean abiatu zen Basauritik eta 10:15ean iritsi zen Gorbeiako tontorrera.

Lizaso eskultorea Gorbeia mendian, koroa eusten :: Baskonia Mendi Taldea
“Jesus Lizaso giltzarri izan dugu koroaren kopia egiteko, koroa erreproduzitu duen enpresarekin harremanetan jarri gaituelako“, diote Baskonia Mendi Taldetik: “Enpresak desagertutako koroaren kopia fidela egin du, gure egoitzan dagoen eskaiolazko irudiaren laguntzaz“. Lizaso bera kolaboratzaile zuzena izan da, Jose Luis Avilleirarekin batera, koroa fabrikatzen, muntatzen eta soldatzen.
Gorbeiako estatuaren nondik norakoak
Alpina Basconia Klubak, bere urrezko ezteietan (1963. urtean), Gorbeiaren tontorrean Begoñako Andra Mariaren estatua jartzea erabaki zuen, Gorbeiako gurutzearen azpian. Ideia horrek harrera ona izan zuen Bizkaia osoan eta mendi klub guztien artean eta parrokietan dirua biltzen hasi ziren egitandi horren gastuak ordaintzeko.
Horiek horrela, Larrea eskultoreak Begoñako Andra Mariaren estatua egin zuen: 40 kiloko pisua zuen eta Ontoriako harriz eginda zegoen. Ekainaren 23an igo zuten estatua Gorbeia mendira -Alpino Basconiako mendizaleen sorbalda gainean eraman zituzten 600 kilo harri baino gehiago, 30 kilo inguruko metalezko egiturarekin batera-.
1966an Ama Birjina eta Jesus haurra mutilatu zituzten eta hori ordezkatzeko brontzezko beste estatua bat jarri zuten 1967an (hain zuzen ere, gaur egun dagoena da).
