Uztailaren 18an ospatu zen Tarragonan 12 orduko proba. Basroller A taldeak lehenengo postua lortzeaz gain errekorra lortu zuen.
Le Mans-eko 24 orduko txapelketan parte hartu ondoren, uztailaren 18an 16:00etan Calafateko (Tarragona) 12 orduko proban parte hartu zuen Basroller taldeak. Erresistentzia-txapelketa honetan 1000 parte hartzaile batu ziren: guztira 117 taldek izena eman zuten, hainbat herrialdetatik etorriak -Frantzia, Txekia, Ingalaterra, Argentina eta Txile, besteak beste-.
Andres de Regil Basroller taldeko kidearen esanetan, “edizio honetan norabide aldakorreko haizearen eraginez, askoz gogorragoa izan zen lehia. Gainera, tenperatura altuek ere eragin handia izan zuten“.
Basroller taldeko 16 patinatzaile Calafatera joan ziren, hiru taldetan banatuta: Basroller A, aurreko edizioetako irabazleak; Basroller B, proba honetan hasiberriak; eta Basroller mistoa -gehiengoa emakumeak-.
LEHENENGO POSTUA, ERREKORRAREKIN
Basroller A taldeak errekor pertsonala hautsi zuen eta lehenengo postua eskuratu zuen. Guztira 117 buelta eman zituzten -380,25 kilometro-. Basroller B taldeak hirugarren postuari eutsi zion eta 89 buelta eman zituen -289,25 kilometro- eta talde mistoak laugarren bukatu zuen 77 buelta emanez -250,25 kilometro-.
“Balorazioa ezin hobea da. Taldearen kirol lorpenak ez ezik, motibazio-mailak eta gogobetetasunak gora egin dute erronka hauek egin ahal izateko“, dio De Regilek.
