Basauriko Ahots-Musika Topaketa bere 41. edizioa ospatzen ari da. Orain arte taulagainetik pasatu direnak Madrildik etorritako Gospel Living Water eta Aita Donostia Abesbatza izan dira.
Urriaren 25etik azaroaren 8ra bitartean, bost abesbatzek parte hartuko dute: Kantabriako Los Corrales de Buelna (urriak 25, 20:30), Mungiako Tantak Korala (urriak 26, 18:00), Soinu Bidea (azaroak 1), Basauri Koral Elkartea eta Koral Txiki (azaroak 8). Antolatzaileek adierazi dutenez, Soinu Bideak “kalitate handiko kontzertua” eskainiko du.
Basauri Koral Elkarteak, berriz, bitan banatuko du kontzertua: “aurrena jazz meza bat eskainiko dugu eta gero entzuleak harrituko dituen abesti ezagun sorta bat abestuko dugu”. Emanaldi guztiak San Pedro Elizan izango dira, dohainik.
