Sareak

☉ Arrigorriaga

Beldur Barik lehiaketa, sexismoaren inguruan kontzientziatzeko

|

basauri beldur barik lehiaketa irabazleak 2014

Indarkeria sexistaren aurkako Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 11ra arte. Iaz Arrigorriagako eta Basauriko lehiaketa irabazi zutenekin izan da GEURIA bizi izandako esperientzia kontatzeko.

Beldur Barik programaren seigarren edizioa ospatuko da aurten. Indarkeria sexista identifikatzea, saihestea eta horri aurre egitea da programa honen helburua.

Ekimenaren baitan, Hego Uriben tokian tokiko lehiaketak antolatzen dituzte bertako zenbait Udalek. Ikus-entzunezko txapelketa honek gazteen proposamenak jasotzen ditu; lanak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 11ra arte.

basauri beldur barik lokala kale gorritan 2014

Beldur Barik Basauri :: Markel Serrano, Paula Rodriguez, Lander Luna, Julen Sainz eta Estitxu Telleria

Marienearen bitartez izan genuen Beldur Barik lehiaketaren berri eta proposamen interesagarria iruditu zitzaigun sexismoari aurre egiteko”, dio Markel Serrano Basauriko parte-hartzaileak. Berarekin batera parte hartu zuten Paula Rodriguezek, Lander Lunak, Julen Sainzek eta Estitxu Telleriak, eta elkarrekin Kale Gorritan ikus-entzunezkoa sortu zuten. 12 eta 17 urte bitartekoen kategorian Basauriko lan onenaren saria irabazi eta 500 euro jaso zituzten.

Kategoria berean parte hartu zuten Arrigorriagako bost gazte hauek: Izarra Moreno, Imanol Gonzalez, Uxue Veganzonez, Maialen Goti eta Batirtze Martinez. “Eskolan izan genuen Beldur Barik lehiaketaren berri eta izena ematea erabaki genuen, gehienbat, ondo pasatzeko eta ikasteko”, dio Morenok.

arrigorriaga beldur barik lokala 2014

Beldur Barik Arrigorriaga :: Izarra Moreno, Imanol Gonzalez, Uxue Veganzonez, Maialen Goti eta Batirtze Martinez

Hilabeteko lana egin zuen talde bakoitzak: “Lehenengo gidoia asmatu, gero bideoan grabatu eta azkenik edizioa egiten da”, azaldu dute. Basauriko taldeak jendearen pentsamoldea hartu zuen hizpide, “sexismoa arazo larria dela erakusteko. Izan ere, jendeak nahi gabe pentsatzen du neskak modeloak izan behar direla eta mutilak, berriz, suhiltzaileak”, dio Serranok.

KONTZIENTZIA PIZTEA

Basauriko taldeak argi dauka indarkeria sexista gaitzesteko ezinbestekoa dela “jendea kontzientziatzea. Are gehiago, nerabeei azaldu behar zaie sexismoarekin bukatu behar dela”, dio Markel Serranok. “Indarkeria sexistarik ezin da inolaz ere onartu. Denok batera bide berdina jarraitu behar dugu emakumeen kontrako indarkeria desager dadin”, aldarrikatu du Izarra Morenok. Ildo horretan, sexismoak dakartzan arazoez ohartzea bilatzen du Beldur Barik lehiaketak.

Nire ustez, gero eta gehiago gara matxismoaren kontra gaudenak, baina egia da oraindik lan handia egin behar dugula guztion artean”, gaineratu du Serranok. Morenoren iritziz, “gaur egun, tratu txarren zenbatekoa ez da gutxitu. Are gehiago, emakume asko erail dituzte aurten eta gurean ere eraso sexistak izan dira uda honetan”.

DIBERTITZEKO ETA DIRUA IRABAZTEKO AUKERA

Arrigorriagako eta Basauriko taldeek lehiaketan parte hartzea “esperientzia dibertigarria” izan dela aitortu dute. “Jarduera polita eta aberasgarria da eta, gainera, asko ikasten da horrelako ekimenekin”, dio Serranok. Era berean, sariak nabarmendu dituzte bi parte-hartzaileek: “Zorte ona izanez gero, dirua ere irabaz dezake Beldur Barik lehiaketara aurkezten denak”, dio Morenok.

Horiek horrela, bi talde hauek Beldur Barik txapelketako aurtengo edizioan ere izena emango dutela adierazi dute, bai lehiaketa orokorrean bai lokalean.

Gaur egun, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du Beldur Barik lehiaketa, Berdinsarea-Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin batera.

☉ Arrigorriaga

David Cidre: «Arrigorriagan lurpeko aparkalekua eraikiko bagenu Bilboko Zabalgunean izaten ari diren bezalako lanak izango genituzke herrian»

David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du GEURIAk EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertzeko proposamenaren haritik

|

Arrigorriagako udaletxea eta aurrean, plaza // Geuria

Arrigorriagako EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertu dezan eskatu dio Udal Gobernuari.

Jeltzaleen arabera, Arrigorriagako herrigunean aparkalekurik ez egotea “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoa” da. Horren haritik, eta EAJko ordezkarien arabera, “hainbat proposamen” egin dizkiote udal gobernuari aparkalekuak eremu jakin batean eraikitzeko eta “gobernu taldearen erantzunik eta onarpenik ez dutela izan” adierazi dute.

Horren haritik, GEURIAk David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du: “Udalerri askotan bezalaxe, Arrigorriagan autoa aparkatzea zaila da”, aitortu du Cidrek. “Auto asko daude udalerrian eta leku gutxi daude. Hala ere, esan beharrekoa da egoera ez dela larria ere”.

“Bere garaian txandakako aparkaleku bat sortzeko proposamena egin zuen EAJk”, azaldu du Cidrek. “Txandakako aparkaleku horiek batez ere kanpotik datozen pertsonei zuzenduta daude. Udalerrian autoa ordu pare batez uzteko aukera ematen dute baina gero bertatik kendu behar da ibilgailua”.

Udalak, txandakako aparkaleku hura eraikitzeko proposamena aztertu ostean atzera bota zuen: “Gaur egun Arrigorriagan aparkatzea zaila bada, era horretako aparkaleku bat ipiniko bagenu lekua kenduko genieke arrigorriagarrei”.

Gaur egun hiru txandakako aparkaleku daude Galdakaon (anbulatorioa, udaletxean eta Lapurdi kalean), bakarra Basaurin (anbulatorioaren ondoan) eta Ugaon (Gernikako plazaren inguruetan).

Lapurdi kaleko aparkalekua, Galdakaon // Geuria

Eta lur azpian?

Joan den otsailaren 9an aurkeztutako mozioari dagokionez, alderdi jeltzaleko bozeramaileen arabera, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan hasiko dituzten obrekin bat etorriko lirateke eraiki gura duten lur azpiko aparkalekuaren balizko sorrera: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”.

Oposizioko ordezkariek azpimarratu dute aukera hori “seriotasunez aztertzeko unea” dela: “Bestela, posible da Arrigorriagak aukera paregabea galtzea hamarkadetan”.

Oposizioak aurkeztutako mozioa aztertu beharko du udal gobernuak, baina hala ere, David Cidre zinegotziak azaldu du, bulego teknikoarekin berba egin ostean, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan egin beharreko obra horiek eta EAJtik proposatu duten lur azpiko aparkalekuaren obren egitasmoa ez direla bateragarriak: “Etxebizitza batzuk eraiki gura dituzte eraikin horietan baina oraindik ez dago datarik ezta informazio zehatzik”.

David Cidre: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”

Udaletxe aurreko plazaren azpian aparkaleku bat jarri beharko balitz, egin beharreko lanak “erraldoiak” izango liratekela azaldu dio David Cidrek GEURIAri: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”.

Bada, egin beharreko obra Bilboko Zabalguneko plazan egiten ari diren lanekin alderatu du Cidrek: “Antzekoa litzateke. Egun osoan zehar zarata egingo lukeen makina zulatzaile erraldoi bat jarri beharko litzateke bertan”.

Gaur egun auto gutxi batzuentzako aparkalekuak daude udaletxeko azpiko garajean. Bertan udaltzaingoaren eta udal brigadako langileen ibilgailuak gordetzen dituzte. Guztira dozena erdi autorentzako lekua dagoela zehaztu du Auzoak eta Hirigintza zinegotziak. “Plaza azpian aparkaleku bat eraikitzeko une aproposena udaletxe berria egin zutenean izan zen, gaur egungo garajea handitzeko lan handiak egin beharko liratekeelako”.

Irisgarritasun plana, abian

Bestetik, aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko, Arrigorriagako Udala Irisgarritasun Plana garatzen ari da aspaldi, eta hurrengo hilabeteetan aurkezteko asmoa dutela aurreratu du Cidrek.

Plan horrek Arrigorriagako irisgarritasunaren gaur egungo “argazkia” eskainiko luke, besteak beste, ibilgailuak aparkatzeko arazoari aurre egin ahal izateko.

Autoak, Ollargan auzoan, berrurbanizazio lanak egin baino lehen // Geuria

Aparkalekuak Abusun

Arrigorriagako Udalak Ollargan auzoan egindako berrurbanizazio lanek aparkalekuekin zegoen arazoa arindu arren, ez du Abusuko egoera guztiz konpondu. Izan ere, Bilboko Udalak TAO sistema ezarri zuenetik, La Peña auzoko gidari askok Arrigorriagako Abusu auzoan aparkatzen dituzte beren ibilgailuak, aparkatzeagatik ez ordaintzeko. Ondorioz, auzotarrek dohako aparkaleku gutxiago dituzte autoak aparkatzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Erasmus+ akreditazioa eskuratu du Arrigorriagako institutuak eta Europako erreferente bilakatu da

Akreditazio honekin, Arrigorriaga BHIk bere ikasleak Europara bidaltzeaz gain, beste herrialde batzuetako irakasleak hartzeko prestaketa lanetan ere badabil, antolatuko duen ‘Arrigo Shadowing’ izeneko prestakuntza-aste berritzailearen bidez

|

Institutuko irakasleak, akreditazioarekin // Arrigorriaga BHI

Arrigorriaga BHI institutuak 2024-2027rako Erasmus+ akreditazioa eskuratu eta Europako erreferente bilakatu da. “Akreditazio honekin, Arrigorriaga BHIk bere ikasleak Europara bidaltzeaz gain, beste herrialde batzuetako irakasleak hartzeko prestaketa lanetan ere badabil, antolatuko duen ‘Arrigo Shadowing’ izeneko prestakuntza-aste berritzailearen bidez: , azaldu dute Arrigorriagako institututik.

“Kalitate-zigilu honek bermatu egiten du ikastetxeko ikasle eta irakasleek etengabe parte hartuko dutela atzerriko mugikortasun eta prestakuntza proiektuetan”, azaldu dute institutuko ordezkariek. “Gure oinarrizko helburua Europa gure ikasgelen luzapen bihurtzea da, modu erabat inklusiboan. Horregatik, indar berezia jarriko dugu gure Gela Egonkorrean, nazioarteko mugikortasuna ikasle guztientzat, salbuespenik gabe, eskuragarri dagoen eskubidea dela ziurtatuz”.

Institututik azaldu dute iraultza digitala bultzatuko dutela adimen artifizialaren erabilera etikoaren bidez: “bizikidetza eta balio demokratikoak indartuko ditugu BAT taldearekin, eta berrikuntza pedagogikoaren aitzindariak izan nahi dugu Ikaslab eta ADI Eskola bezalako erreferentziazko proiektuekin. Hori guztiori, gure ikasleak mundu global baten erronketarako prestatzen dituen eleaniztasun esparru baten barruan”.

“Kalitate-zigilu honek bermatu egiten du ikastetxeko ikasle eta irakasleek etengabe parte hartuko dutela atzerriko mugikortasun eta prestakuntza proiektuetan”

Erasmus+ akreditazioari esker, mugikortasun guztiak Europar Batasunak % 100ean finantziatuko dituela nabarmendu dute. Hori dela eta, ikasle eta irakasleek kostu ekonomikorik gabe parte hartu ahalko dute nazioarteko esperientzietan, “komunitate osoarentzat benetako aukera-berdintasuna bermatuz”.

Institutuko ordezkarien arabera, lehen urtean Alemanian, Herbehereetan eta Estonian aurreikusi dute lehen urteko nazioarteko plana. Ikasleen mugikortasunari dagokionez hiru talde aurreikusi dituzte eta guztira 30 ikaslek hartuko dute parte esperientzian. Irakasleen prestakuntzaren alorrean, ostera, Europako beste ikastetxe batzuetan behaketa profesionala egiteko hiru job shadowing aurreikusi dituzte zortzi irakaslerentzat (job shadowing-a pertsona batek langile batekin lanaldia egiten ikustea da, bere lana zelan garatzen duen ikusi eta ikasteko: hitzaren jatorria job (lana) eta shadow-tik dator (itzala).

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat eraikitzea proposatu dio udal gobernuari

Proiektu honek “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoari aurre egingo liokeela” adierazi dute EAJtik

|

Aparkalekua udaletxe aurreko plazaren azpian eraikiko lukete // Geuria

Arrigorriagako EAJk mozio bat aurkeztu zuen joan den otsailaren 9an udal gobernuak bideragarritasun-azterketa bat egiteko. Helburua lurpeko aparkaleku bat eraikitzea litzateke, non eta udaletxeko plazaren azpian.

Aparkaleku hori, alderdi jeltzaleko bozeramaileen arabera, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan hasiko dituzten obrekin bat etorriko lirateke: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”.

Oposizioko ordezkariek azpimarratu dute aukera hori “seriotasunez aztertzeko unea” dela oraingoa: “Bestela, posible da Arrigorriagak aukera paregabea galtzea hamarkadetan”.

Horren haritik, Arrigorriagako herrigunean aparkalekurik ez egotea “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoa” dela adierazi dute EAJtik eta udalerri erdian obrak bat etortzea “aparteko aukera” eskaintzen dutela “luzerako irtenbide posible bat modu koordinatu eta estrategikoan aztertzeko”.

Proiektu hau burutu ahal izateko, 2025eko aurrekontua likidatu ondoren, diruzaintzako soberakina erabiltzeko aukera proposatu dute EAJtik: “Soberakin esanguratsu bat izango du Udalak, eta, horri esker, zorroztasunez aztertu ahal izango litzateke horrelako inbertsio baten bideragarritasun ekonomikoa, dela finantzaketa zuzenaren bidez, plazen salmentaren bidez, txandakako aparkaleku baten bidez edo legez”.

EAJ: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”

EAJko ordezkarien arabera, “hainbat proposamen” egin dizkiote udal gobernuari aparkalekuak eremu jakin batean eraikitzeko eta “gobernu taldearen erantzunik eta onarpenik ez dutela izan” adierazi dute.

Era berean, udal gobernuari eskatutako azterlanak “Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekiko (HAPO) hirigintza-bateragarritasuna eta esku-hartzearen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa ebaluatu beharko lituzkeela” adierazi dute oposiziotik, “HAPOren aldaketa puntuala sustatu edo hirigintza-tresna espezifikoren bat izapidetu beharko balitz ere, aplikatzekoa den hirigintza-legeriaren arabera”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Arrigorriagako Inauteria girotzeko Maskaradaren pertsonaiak atera dituzte kalera!

Otsailaren 14rako egitarau berezia antolatu dute Arrigorriagako inauterietan, eguerditik gauera bitartean, “Aratusterik ez!!” lelopean

|

Kalejira 19:30ean egingo dute aurten // Geuria

Inauteriak girotzen hasi dira Arrigorriagan, eta horretarako Maskaradaren Zamalzainak, Entseinariak, Kantinerak… atera dituzte kalera!

Otsailaren 14rako egitarau berezia antolatu dute Arrigorriagako inauterietan, eguerditik gauera bitartean, “Aratusterik ez!!” lelopean.

“Mimo handiz prestatutako egitarau ederra geratu da otsailaren 14rako, beraz, animatu mozorratzera, ospatzera eta, batez ere, disfrutatzera! Kalean ikusiko dugu elkar!”, azaldu dute Inauteri batzordetik eta Gaztetxetik.

Herri bazkarian parte hartzeko tiketak beharko dira. Horiek Imara eta Sorgiñe tabernetan eskuratu daitezke 13 euroan: “Alergikoa, beganoa, zeliakoa… bazara abisatu arguiagazte@gmail.com helbidera idatziz edo 688 654 717 telefono zenbakira deituz”.

Egitaraua | Arrigorriagako herri inauteriak 2026

Otsailak 14, larunbata

12:00 Inauteriei ongi etorri deia: hartzaren eta mozorroen esnatzea, bertsoak, dantzak… udaletxeko plaza
15:00 Herri bazkaria + bingo musikatua, Gaztetxea
19:00 Elkarretaratzea, Odol emoileen plaza
19:30 Kalejira, herrian zehar
20:00 Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa
21:00 Kontzertua: Gautegun erromeria
01:00 DJ gaua, Gaztetxea

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bazkaria, elkarretaratzea eta kalejira antolatu dute Arrigorriagako herri inauterietan

Herri bazkarian parte hartzeko tiketak beharko dira. Horiek Imara eta Sorgiñe tabernetan eskuratu daitezke 13 euroan

|

Gazteak, 2019ko inauterietan // Geuria

Otsailaren 14an egitarau berezia antolatu dute Arrigorriagako inauterietan, eguerditik gauera bitartean, “Aratusterik ez!!” lelopean.

“Mimo handiz prestatutako egitarau ederra geratu da otsailaren 14rako, beraz, animatu mozorratzera, ospatzera eta, batez ere, disfrutatzera! Kalean ikusiko dugu elkar!”, azaldu dute Inauteri batzordetik eta Gaztetxetik.

Herri bazkarian parte hartzeko tiketak beharko dira. Horiek Imara eta Sorgiñe tabernetan eskuratu daitezke 13 euroan: “Alergikoa, beganoa, zeliakoa… bazara abisatu arguiagazte@gmail.com helbidera idatziz edo 688 654 717 telefono zenbakira deituz”.

Egitaraua | Arrigorriagako herri inauteriak 2026

Otsailak 14, larunbata

12:00 Inauteriei ongi etorri deia: hartzaren eta mozorroen esnatzea, bertsoak, dantzak… udaletxeko plaza
15:00 Herri bazkaria + bingo musikatua, Gaztetxea
19:00 Elkarretaratzea, Odol emoileen plaza
19:30 Kalejira, herrian zehar
20:00 Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa
21:00 Kontzertua: Gautegun erromeria
01:00 DJ gaua, Gaztetxea

Osorik irakurri