Basauriko Bridgestone plantako langileek greba egingo dute abuztuko eta iraileko zenbait egunetan, langileek pairatzen duten “lan harremanen degradazioa dela eta”.
Basauriko Bridgestone enpresako kontseiluak zortzi eguneko greba deitu du “existitzen den lan-harremanen degradazioaren aurka protesta egiteko“, dio Bridgestoneko ELA sekzio sindikalak. Abuztuaren 5ean eta 6an hasiko dira lanuzteak eta hilaren 19an, 20an eta 31n jarraituko dute langileek protestekin, baita irailaren 1ean, 10ean eta 11n ere.
Greba honen arrazoia honakoa da ELA sindikatuak azaldu duenez: “Alde batetik, langileon errespetua berreskuratu nahi dugu -zuzendaritza berriak hartu dituen erabakiengatik galdua-, eta bestetik, etengabe urratu egiten dutelako lortu dugun akordioa“. Basauriko greba honek bat egiten du Bridgestonek dituen beste lantegien lanuzteekin: Bari, Bethune eta Burgos.
INPOSAKETA ETA NEGOZIAZIO FALTA
“Enpresaren politika berriak inposaketa eta negoziazio falta dituela dirudi eta horiek dira hain zuzen lan-harreman egokien oinarriak“, diote sindikatutik.
Bestalde, grebaren bultzatzaileek argitu nahi dute “gatazka ez dela lan-egutegiari buruzkoa. Lan-harremanen hondatzea da arrazoi nagusia, baita enpresako zuzendaritzarengandik langileok jasotzen dugun tratua ere“.
